Anixeto Sarasolari txapela jantzi dio Kupela taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mar. 17a, 10:37

Aurtengo txotx denboraldia aurrera doakien heinean, iazko sagardo -eta sagardotegi- onena iritzi diote Kupela taldeko kideek Asteasuko Sarasola sagardotegiari.

Joxe Nazabal, Manuel Azkue, Manolo Eizmendi, Joxe Luis Usabiaga, Felix Otegi, Jexus Iraola, Manuel Usandizaga, Rufino Eizmendi, Juan Mari Goikoetxea, Kruz Zurutuza, Jabier Aranzabe, Joxe Mari Eizmendi eta Luis Gonzalez hamahirukoak osatzen du egun Amasa-Villabonako Kupela taldea, duela 31 urtez geroztik, txotx garaian, asteazkenero, sagardotegira joateko elkartzen dena. “Sagardotegira joateko ohitura oraindik zabalduta ez zegoen garaian hasi ginen gu eta bide berari eusten diogu oraindik ere. Tolosa eta Astigarraga-Hernani arteko sagardotegi guztietara egiten dugu bisita urtero” azaldu dute kideek. Jakina denez, sagardotegi bakoitzean jandakoaren, edandakoaren nahiz jasotako zerbitzuaren inguruko puntuaketa ematen dutelako egin da ezagun talde bitxi hau. Sarritan, taldekideen senide, lagun eta gonbidatuak ere joaten dira haiekin afaltzera, baina, hori bai, puntuak taldekideek soilik ematen dituzte. Asteazkenero, Eizmendi kirolak eta Felix ile-apaindegiaren inguruan elkartzen dira hitzordurako.

Pablo Lasa gogoan
Koadrila bereko kideak ez izanagatik, sagardo zaletasunak nahiz sagardotegiko giroak bildu zituen 57 eta 76 urte arteko hamahiru kide hauek; horrenbeste urteko ohitura eta gero, lagun handiak ere badira egun. Taldean aldaketa gutxi izan dela aitortu dute; hala ere, ez dute ahaztu iaz auto istripuz zendu zen Pablo Lasa kidea, “hura izan zen sortzaileetako bat. Gure kapitaina, afarietan gatza eta piperra jartzen zuena”.

Datuak informatizatuta
Urtarrileko hirugarren asteazkenean Adunako Aburuza sagardotegian ematen diote hasiera denboraldiari eta apirilaren amaieran edo maiatzaren hasieran bukaera, sagardotegi berean. Puntuaketaren arrazoia nahikoa berezia da: “kafearen garaian, 00:00ak aurretik beti, ika-mikak sortzen ziren aurreko denboraldian zein sagardotegitan izan ote ginen edota nolako sagardoa ote zen bat etortzerakoan. Ondorioz, 1988 urtean fitxa-orria diseinatu eta 0tik 10era puntuak ematen hasi ginen, sagardoa, janaria, zerbitzua eta prezioa kontuan izanda”. 1995 urtetik honako datuak informatizatuta dituzte eta taldekide bakoitzak azken 15 urteotako emaitzak gordetzen ditu. Datuek xehetasun asko gordetzen badute ere, hara hemen azken urteotan lehen postua eskuratu duten sagardotegien zerrenda:

1995- Zapiain (Astigarraga)
1996- Mina (Astigarraga)
1997- Herrero (Astigarraga)
1998- Bereziartu (Astigarraga)
1999- Itsasburu (Hernani)
2000- Otsuenea (Hernani)
2001- Zapiain (Astigarraga)
2002- Zapiain (Astigarraga)
2003- Zapiain (Astigarraga)
2004- Lizeaga (Astigarraga)
2005- Lizeaga (Astigarraga)
2006- Bereziartu (Astigarraga)
2007- Bereziartu (Astigarraga)
2008- Rufino (Hernani)
2009- Sarasola (Asteasu)

Sekulako festa
Puntuen arabera emaitza altuena jaso zuen sagardotegiari euskal txapela eta makila ematen zieten sari gisa Kupelako kideek. Halaxe egin zuten hainbat urtean, harik eta Zapian sagardotegiak bi urtez segidan puntu gehien eskuratu zuen arte. Txapelaren ohitura baztertu egin zuten orduan, ez errepikatzearren. 2009ko emaitzarik onena, ordea, Asteasuko Sarasola sagardotegiak eskuratu zuen eta eskualdeko lehen irabazlea izanik, berriro ere saria emateko ohiturari eustea erabaki dute. Martxoaren 3an sekulako festa egin zuten Sarasolan. Giro ederrean afaldu eta gero, omenaldi polita eskaini zioten Anixeto Sarasola sagardotegiaren sortzaileari txapela jantziz eta, antzinako euskal neurriekin osatuta, paretan zintzilikatutako opari orijinal bezain interesgarria agerian utziz. Omenaldia ez zen sari-banaketa hutsera mugatu, ordea. Kupela taldeko hainbat kidek, eskualdetik Ameriketara joandako hainbat herritarren inguruan sortutako hiru bertso ezagun oinarrian hartuta, antzerki umoretsu eta ondo prestatua eskaini zuten gerturatutakoen gozamenerako. www.aiurri.com gunean ikusgai daude bideo nahiz argazkiak. Sartu eta ikusi, merezi dute!

Anixeto Sarasola
Txapela buruan, sagardoa eskuan

Anoetan jaio zen Anixeto Sarasola, Zumalikardi baserrian. Asteasukoa du emaztea eta Asteasun bertan erosi zuten baserria: Zabal Goena, egun sagardotegia dena. “Lehen baserri txiki bat zen hau, gerora pixkanaka txukundutakoa”, adierazi du. Hasiera batean biltegi moduan edukitzen zuen Anixetok Asteasuko baserria eta bertan gordetzen zituen belarra bezala, patata nahiz bestelako gaiak ere. Jaiotetxean, baserrirako adina sagardo egiten zuten eta bertan bazituen kupelak Anixetok. Gerora Asteasuko Zabal Goenara ekarri zituen eta pixkanaka, sagardotegia abian jarri zuen 1973 urte inguruan. Urte askoan eraman zuen sagardotegiko martxa Anixetok eta gaur egun ere askotan agertzen da bertan. Hala ere, Inaxio semeak bideratzen du egun sagardotegiko ardura, “etxekoen laguntzarekin eta aitaren bultzakadarekin”. Oraindik ere, aitak, bere 86 urterekin, sagardo botila otorduan ederki edaten duela esan du Inaxio semeak. “Sagardoa txarra denik behintzat ezin esango dugu; makina sagardo edan eta gero, osasuntsu dago eta”. Anixetok amaren titia utzi orduko sagardoa edaten zutela esan ohi du, sagardoa edateko ohitura txiki-txikitatik datorkiela adieraziz.

Inaxio Sarasola:
“Sagarra bertan ez dagoenean bila joan behar”

Azken urteotan Inaxio Sarasolak bideratzen du sagardotegiko martxa.
Sariaren nahiz sagardotegiaren inguruan hitz egin du Zabal Goenako semeak.

Kupela taldeak eskualdean eman duen lehen saria jaso duzue berriki. Gustura?
Sariak askotan jasotzen ez direnez, poz handia eman digu. Kupela taldeko kideek inguruko sagardotegi gehienetara joan eta gero, afalostean egiten duten puntuaziorik altuena jaso du gure iazko kanpainako sagardoak. Dudarik gabe, oso pozik hartu dugu saria. Sariaz gain, oso antzerki polita ere eskaini zuten; ondo antolatuta ekarri zuten dena eta oso gustura geratu ginen gu. Aita ere oso pozik, antzerkian inguruko baserrietatik Ameriketara joandako lagunei egin baitzitzaien aipamena.

Sari gehiago ere eskuratu izan duzue. Aipatuko haietakoren bat?
Oso polita izan zelako, gogoan dut Adunan 2005 urtean, Tolosaldeko sagardoa dastatuz egin zen Upelera izeneko sagardo festa. Jaialdi hura ere irabazi egin genuen. Dudarik gabe, poz handia ematen dute antzeko sariek; oroimenean gordeta geratzen dira luzerako.

Aitaren lekukoa hartuta, zerorrek gidatzen duzu orain sagardotegia…
Egun neroni arduratzen naiz sagardotegiko martxaz eta, txotx garaian, txiria irekitzearekin batera, besteak beste, sukaldean laguntzen ere aritzen naiz. Asteburuan bereziki, ni sukaldeko lanetan ari naizenean, anaia arduratzen da txiriaz. Gustuko lana da.

Sagardoa eskuz egiten zen garaia ezagutu zenuen…
Egun, ordea, makinen laguntzaz egiten dugu sagardoa. Duela hamar bat urte ekarri genuen prentsa pneumatikoa eta izugarrizko aldea nabaritzen da ordudanik. Lehen eskuz aritzen ginen aurrena, motorrarekin gero. Izugarri erraztu dute bidea berrikuntzek, errazago egiten da sagardoa orain.

Etxe inguruan sagastirik?
Sagasti gutxi dugu guk etxe inguruan. Baina bailara honetan sagardotegi gutxi dagoenez, inguruko baserritar guztiek guri ekartzen digute sagarra: Asteasutik, Anoetatik, Alkizatik… Sagarra denean gehiegi izaten dugu. Iaz inguruko herrietako sagarrekin egin genuen sagardo guztia eta hala ere asko geratu zen soberan. Hemen sagarrik ez denean, berriz, kanpora jo behar izaten da: Frantzia edo Asturiasera. Festa bezalakoa da sagarra ere: bertan ez dagoenean bila joan behar.

Noiz amaituko duzue aurtengo txotx denboraldia?
Maiatzean, San Isidrotan ixten dugu guk. Batzuen ustez Aste Santuak eta gero, giro epelarekin izaten da sagardoa edateko garairik onena. Hotzak beti jendea atzeratu egiten du, nahiz eta hemen barruan berogailuarekin goxo egoten den.

Maiatzetik aurrera lasaiago, beraz?
Dagoeneko hasi gara sagardoa botilleratzen eta txarran-txarran segi egin behar. Maiatzetik aurrera, jangela itxita edukita, lan bat gutxiago izaten dugu. Hala ere, nahikoa zeregin izaten da beti. Konturatzerako iraila iritsi eta tolareak garbitu behar, urrian sagardo berriarekin hasteko.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!