Aitor Igiñitz: Munduan barrena bizikletan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mar. 17a, 10:33

Aitor Igiñitzek ia lau urte darama Andoaindik kanpo. Milaka eta milaka kilometro egin ditu dagoeneko Asia eta Afrikan zehar, bizikletaren gainean.

Noiz abiatu zinen Andoaindik?
2006ko urriaren 13an atera nintzen etxetik. Anai-arrebek Madrilgo aireportura eraman ninduten, Nepalerako hegaldia har nezan.

Noiz hartu zenuen bizikleta?
Nepalen bi hilabeteko trekina eta gero, abenduaren 13an abiatu nintzen Kathmandutik Rajastan (Indiako estatu bat) aldera bizikletaz. Indian Kalkutaraino joan ondoren Asiako hegoalderuntz (Thailandia, Laos…) abiatzeko asmoa nuen, baina mugetako errepideak itxita zeudenez, Singapurreko penintsulara hegazkinez heldu nintzen. Han berriz ere bizikleta hartu, eta iparralderuntz abiatu nintzen Malasia, Thailandia, Laos, Cambodia eta Vietnam zeharkatuz.
Vietnamdik Nepalera bizikletan itzultzea erabaki nuen, eta hartarako Txina eta Tibet herrialdeetan zehar ibili nintzen. 2007ko azaroaren 1ean, 17.000 kilometro egin ondoren, Nepalera itzuli nintzen.  

Aurrerantzean zer egin hausnartzeko geratu al zinen Nepalen?
Han hilabete eta erdiko atsedenaldia hartu nuen trekina eginez. Orduan hartu nuen etxeraino bizikletan itzultzeko erabakia, Pakistan, Iran eta Europa zeharkartuz.
Nepalen, Laura Martinez ezagutu nuen (orduz geroztik nire bidaide dena) eta etxerako bidea elkarrekin egitea erabaki genuen. 2008ko otsailean, Nepaleko hego-mendebalderanzko bidea hartu genuen. Pakistanen Karakorum Highway egin ondoren, Txinan sartu ginen. Handik Kirgistan, Uzbequistan eta Turkmenistan zeharkaturik, Iran zapaldu genuen.

Iran, Turkia…, hurrengo helmuga Europa egokitzen zen, ala?
Horixe zen gure asmoa, baina Uzbequistanen Daisuke izeneko txirrindulari japoniar bat ezagutu genuen.  Afrikatik zetorren bizikletaz, eta gauza onak eta politak esan zizkigun kontinente hari buruz. Liluratuta geratu, eta aldatu egin genituen gure planak: bizikletak Afrikara begira jarri genituen.

Nola iritsi zineten Afrikara?
Teheranen Siriarako baimena atera nahi izan genuen, baina Israel igaro beharko genuen aitzakia zela eta, ukatu egin ziguten. Planak aldatzera behartuta, Iraneko hegoaldetik abiatuta Duabira heldu ginen itsasoz, Persiako Golkoa zeharkatu ostean. Hemen berriz ere bizikleta hartu, eta Arabiar Batuak, Oman eta Yemen zeharkatu genituen. Ondoren, itsasontzia erabili genuen, Itsas Gorria zeharkatu eta Afrikako kontinentean sartzeko, Djiboutin hain zuzen ere.   

Zenbat herrialde ezagutu dituzue oraingoz Afrikan?
Djiboutiz gain, Etiopia, Kenia, Tanzania, Malawi, Zambia, Botswana Hegoafrika, Swaziland zeharkatu eta gero berriz ere Hegoafrikara itzuli ginen, Ciudad del Cabora. Hori 2009ko abenduaren 16an izan zen, eta bien bitartean bizikletaz 41.800 kilometro inguru egingo genituela kalkulatzen dut.

Bizikletaz egin duzue, beraz, ibilbideko zatirik gehiena…
Laura eta biok bide osoa bizikletaren gainean egiten saiatzen ari gara; ni naiz kaskagogorrena horretan. Horrela egin ez ditugun ibilbide zatiak, errepide edo segurtasun faltagatik izan da. Pakistanen, adibidez, Afganistango mugaren ondotik igarotzera gindoazela esan ziguten eremu hura talibanez josita zegoela; horientzat, nonbait, emakume bat bizikletan ikustea beraien kultura eta erlijioari barre egitearen modukoa da; 200 kilometro furgoneta batean igaro genituen, beraz. Yemen-en ere, poliziak 400 kilometro auto batean egitera derrigortu gintuen, turistak bahitzen dituztela esan eta gero.

Ia mundu osoari bira eman ostean, lekuren bat nabarmentzeko gauza izango al zinateke?

Nepal aipatuko nuke, askorik pentsatu gabe. Mendi eta paraje naturalak, jendea, janaria..., dena zait gogoko. Bizikletaz edo oinez ezagutu nahi duen bidaiarentzat gainera, beste bi arrazoi erantsi behar zaizkio: oso merkea eta segurua dela.
Nepalez gain, kultura musulmaneko herrialdeek (Pakistan, Iran, Yemen…) erakarri naute bereziki; izan ere, harreman errazeko jendea bizi da bertan, hedabideek kontrako mezuak bidali arren. Hegoafrika ere ez nuke ahaztu nahi. Musulmanen antzeko abegikortasuna dute hango herritarrek, eta gainera, gure kultura eta hizkuntza berdintsua duen jendea denez, oso erraza izan da guretzat.

Leku ez oso gomendagarriak ere ezagutuko zenituen, noski…  
Djibouti, zalantzarik gabe. Afrikako lehendabiziko herrialdea izan zen, eta orain arte egon naizen herrialderik arriskutsuena izan dela sentitu dut. Argazki kamera patrikatik ateratzeko ere beldurrez egon ginen; ez nuen argazki bat ere atera han.

Gaixotasunik sufritu bidean?
Ur zikina edateagatik hainbat tripako min izateaz gain, Indian sukar larria jasan nuen. Gauez 39,5ºtan eta egunez 38ºtan, horrela lau egun egin nituen hotel bateko logelan etzanda, ia jan gabe eta ur asko edanez. Bakarrik eta etxetik urrun zaudela horrelako gauzak pasatzea ez da batere gozoa, baina gauza guztiekin bezala azkenean argia ikusi ohi da tunelaren atzenean.

Eta larrialdi edo “eskapadarik”?
Mila eta bat! Adibidez, Txinan bi hilabeteko baimena eman zidaten, baina Tibetera iristerako agortuta neukan agiri hori. Zera egin nuen: bidean ziren zortzi kontrolak gaueko ordubatean –zazpi gradu zero azpitik– eta ia arnasik hartu gabe –soinurik ez egiteko– pasa nituen. Harrapatuz gero gerta zitekeenaz pentsatzen hastea, denbora eta energia alferrik xahutzea zen.  
Etiopian,  Afar tribua bizi den inguruetan, asfaltorik gabeko errepide batean gindoazela gizon bat errepide erdira atera eta mehatxua egin zigun, esku banatan bi harri hartuta. Nik irribarrea egin (nahiz eta ia galtzetan kaka egin), berarengana hurbildu, eta eskua luzatu nion; harri bat lurrean aska zezan lortu nuen. Handik gutxira, Laurak ere beste eskua luzatu zion. Keinuen arabera, alforjetan zer generaman galdetzen zigun hark. Halako batean, errepidearen bazterretik emakume bat eta gorila bat  zirudien  gizon bat azaldu ziren, metraileta bana zutelarik. Laster sumatu genuen han gauza onik ez zela. Zorionez, hor non azaldu ziren hiru todoterreno errepidean; hirurak abailan ezkutatu egin ziren, eta guk ere martxa egin genuen handik ziztu bizian atzera berriz ere begiratu gabe.

Noiz ikusiko zaitugu Andoainen?
Nork daki! Etxerako bidean, Afrikako mendebaldeko kostaldetik goruntz abiatu gara orain, baina aurrera joan ahala asmoak aldatzen ari zaizkigunez, nork daki noiz bukatuko dugun abentura. Aspertzen garenean, akaso.

Jakingo duzu, bada, Andoainen makina bat jarraitzaile dituzula zure kronikak gogoz jasotzen dituztenak?
Askori bidaltzen dizkiet emailak eta argazkiak, baina egia esanda ez dakit irakurtzen dituzten eta nire kronikek zenbat jarraitzaile izan ditzaketen.

BIZITZA ALDATZEN DUEN ERABAKIA
Igiñitz gehienei ia ezinezkoa zaien ametsa ari da betetzen: Munduan zehar bizikletaz eta gogoak kito esan arte bidaiatzea, alegia. Bizitza markatzen duen erabaki gogor hori hartzera eraman zuten bi arrazoi aipatu ditu: “beti izan dut buruan munduko kulturak, erlijioak, bizimodu ezberdinak…, ezagutzeko gogoa. Bestetik, nire bizitzari ez nion zentzurik bilatzen, eraman ezina egiten zitzaidan eguneroko gurpil hartara lotuta bizitzea. Handik ateratzea nire bizitzako erabakirik onena izan dela sentitzen dut orain, egunez egun”. Edonori gomendatzen dio antzeko bidaia egitea. “Izugarri aberasten da bat bizitzeko era ezberdinak eta bizitzari buruzko ikuskera ezberdinak dituen jendea ezagutuz”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!