Udal aurrekontu baxuagoa 2010ean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mar. 17a, 10:29

Martxoaren 3an onartu zituzten 2010 urteko Udal aurrekontuak. Kopurua iazkoa baino baxuagoa izanagatik, herri eragileei zuzenduriko diru-laguntzak mantentzen ahalegindu dira Udaleko kideak.

Hautsi Izagirre eta Maialen Abaigar zinegotziek eta Aitziber Cenzano alkatetzeko idazkariak eman dute aurtengo Udal aurrekontuen berri eta, lehenik eta behin, krisi egoera dela eta, Udalaren sarrera arruntak jaitsi egin direla adierazi dute; beheranzko jarrera hori bi arrazoi nagusirengatik gertatu dela nabarmenduz: “batetik, Foru Aldundiak Udalei ematen dien Fondo Forala jaitsi egin delako eta, bestetik, krisi garaian zerga gutxiago biltzeaz gain, zergen igoerak ere izoztu egin direlako”. Egoera horren aurrean aurrekontuak orekatu ahal izateko Udal gobernuak gastu arrunta murrizten eginahal handia egin behar izan duela jakinarazi dute Udaleko kideek, “kontuan hartu behar da gastu arruntetako partida asko ezin dela jaitsi –pertsonal gastuak direla, sinatutako kontratuak direla…–, eta ondorioz, Udalaren esku dauden hainbat gastu arruntetan jaitsiera nabarmenak egin behar izan dira aurrekontuak orekatu eta onartu ahal izateko”. Iazko kopurua baino dezente baxuagoa izango da aurtengoan, beraz, aurrekontua. Iaz 7.061.102 eurokoa bazen, 5.580.824 eurorekin egin beharko dute aurrera aurten.

Egitasmoak burutu
Epe labur eta ertainean, dagoeneko hasita eta aurreratuta dauden hainbat egitasmo burutzea aurreikusten dute, besteak beste: Erriberako pasealekua, Gaztelekua, Larreako parkinak edota Santio egoitzako egokitzapenak… Udal zinegotziek iaz jakinarazi zuten bezala, abian da dagoeneko herriko argiteria hobetzeko nahiz haurren jolas-parkeak berritzeko erabakiaren bigarren saioa. Izan ere, aurrekontuaren diru zati bat bi eginbehar horiei zuzentzea aurreikusita baitago iaztik. Udaleko kideek ekimen gehiago aurrera eramateko gogoa badutela argi azaldu nahi izan dute, baina ezin denean, bada, ezin dela. Murrizketa nola hartuko ote den…, badute kezka, baina, “herritarrek diru eskasiaren egoera ulertuko dutela espero dugu”, azaldu dute baikor. Edonork gaiaren inguruko zalantzaren bat izango balu, argibide bila udaletxera jotzeko deia egin dute.

Herriko eragileak zaindu
Udalak argi du “herria eragile ezberdinen artean mantentzen dela bizirik”, eta ondorioz, inbertsioak murriztu eta herriko talde nahiz elkarteei laguntzak ematen jarraitzeko asmoa erakutsi dute. Eragileei zuzenduriko diru-laguntzak mantentzen ahaleginduagatik, ordea, hainbat ekimenetan halabeharrez laguntza jaitsi egin beharko dela iragarri dute, “esaterako, jai batzordea hasten denean, iaz egin zen modu berean, jaietako egun bat ekintzarik gabe uztea proposatuko dugu zuzenean”. Herriko talde eragileen aldeko apustuarekin batera, agintaldiaren hasieran kultura sustatzeko egin zuten saiakerarekin ere aurrera jarraitu nahi dute, “eskaintza zabalaren bidez, kultur ekintzak mantentzeko asmoarekin jarraitzen dugu; herritarrei begira, zinema nahiz antzerki emanaldien apustuari eustea da gure helburua”.

Jubilatuen elkarte berria
Madrilgo gobernuak krisi egoeraren aurrean Villabonako Udalera bideratuko duen diru-laguntzarekin (622.000 euro guztira) jubilatuen elkarte berria egingo da Kale Nagusian, Behar-Zana elkarte berriaren ondoko egoitzan. Kopuru horren zati txikiagoa (32.000 euro) gizarte zerbitzuko gastu arruntak finantzatzeko erabiliko da.

2010eko aurrekontua, funtzioka laburtuta:

  • Zor Publikoa:  388.000€,  %6.6
  • Udal Gobernua: 156.614€,  %2.7
  • Bulegoak:  846.961€,  %14.4
  • Zerbitzuak: 1.245.996€ , %21.2
  • Udaltzaingoa:  371.591€,  %6.3
  • Gizarte Zerbitzuak:  881.857€,  %15
  • Euskara eta Hezkuntza:  712.162€,  %12.1
  • Hirigintza: 116.015€,  %2
  • Kultura: 722.748€,  %12.3
  • Kirola eta Gazteria:  331.512€, %5.6
  • Ingurumena: 117.369€,  %2
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!