Lierni Agirrezabala kalakaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mar. 17a, 10:23

Lierni Agirrezabala villabonatarra EITB1eko Kalaka saioan ari da lanean azken urteotan. Bere ibilbidearen berri azaldu du.

Zein urrats eman dituzu kazetari gisa?
Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi nuen Leioan eta, aurrena, Aiurri aldizkarian hasi nintzen lanean. Gero, EITB1eko albistegietan bekadun bezala aritu nintzen lau hilabetez. Udan ere modu horretan jarraitu nuen lanean eta bekaldia amaitu ondoren, bi urterako praktiketako kontratua egin zidaten albistegietan. 2007ko irailean kontratu hori amaituta, Kalakan hasi nintzen urrian eta hantxe nabil geroztik. Tartean Pásalo saioan ere parte hartu izan dut bi txandatan.

Zer moduzko esperientzia izan da kameren aurrean jartzea?
Albistegietan ez nintzen egunero kameren aurrean jartzen baina, hasiera hura lasaitzeko eta ikasteko baliagarria izan zen. Kalakako nire erronka, platoan zuzenean grabatzea zen eta, egia esan, lehen alditik, uste baino lasaiago eta gustura aurkitu naiz kamera aurrean.

Nola antolatzen duzu asteko lana?
Kalakan, batetik, gai nagusia lantzen da ostegunero eta bestetik, Iñigo Agirre lankideak aurkezten duen Bolo-bolo atalean, bi edo hiru gai txikiago jorratzen dira: eztabaida gaiak, elkarrizketak edo gai sozialak izaten dira, oro har. Tarte horretarako, Iñigok erreportaje bat eta nik bestea egiten dugu normalean. Tarteka egokitu izan zaigu gai nagusirako erreportajeren bat egitea ere, baina ez da ohikoena. Bestalde, gure atalerako gaiak aurkitzen saiatzen gara eta baita jendearekin harremanetan jartzen ere. Eztabaida gaia baldin bada, iritzi ezberdineko pertsonak aurkitzen ahalegindu eta, erreportajea grabatutakoan, guk editatzen dugu bideoa. Gogoko dut ordenagailuaren aurrean editatzea. Alor ezberdinak ukitzen ditu gure lanak eta beti gauza bera egiten aritzea baino nahiago dut nik hori.

Hemen inguruan bezala kanpoan ere ikusi izan zaitugu elkarrizketak egiten…
Pare bat aldiz joan naiz Erromara. Azken txandan, Berlusconiren baitan sortutako polemiken inguruko iritziak jasotzera joan nintzen eta aurrez, sona handia hartu zuen Eluana Englaroren kasua zela eta, eutanasiari buruz piztu zen eztabaidagatik. Egia esan, baliagarriak izan zaizkit Erasmusekin Italian igaro zituen bi urteak. Gainerakoan, Kosovon izan nintzen independentzia aldarrikatu zen egunean eta berriki baita Parisen ere, gaitz arraro bat duen Oiartzungo hamar urteko neska bati eginiko ebakuntzaren berri emanez. Tarteka kanpora joatea gustatzen zait, ondo etortzen da ikasteko ere.

Erraza al da telebistaren aurrean iritzia emateko jendea aurkitzea?
Ez, kosta egiten da. Guk, gainera, euskal hiztunak behar ditugu eta beti ez da erraza izaten aurkitzea. Gaiaren arabera ere zailagoa izaten da; esaterako, Inauterietara galderak egitera joanez gero ez da zailtasunik izaten, baina kasu guztiak ez dira berdinak.

Telebistan ikusle kopuruak zeresan handia du, ezta?
Gure lanaren arantza beti audientziari begira egon beharra da. Oro har, zertxobait jaitsi egin bada ere, EITB1eko eztabaida saio bakarra da gurea eta beharrezko formatua dela iruditzen zait niri.

Aurrera begira telebistan ikusten al duzu zure burua?
Gogoko dut telebista eta bertan jarraitzea gustatuko litzaidake. Era berean, irratiko esatari izateak ere erakartzen nau. Aukerarik ez balego, noski, beste edozertara joko nuke: tabernari ere bai.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!