Gazteentzako txokoa Zizurkilen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mar. 17a, 10:20

Iazko urte amaieratik, txoko berezia dute Zizurkil Goiko gazteek. Hamasei eta hamazazpi urte inguruko gazteak, San Millan eskolaren ondoko prefabrikatuan biltzen dira.

Duela urtebete inguru hasi ziren Zizurkil Goiko haur eta gazteen aisialdiari irtenbideren bat emateko ekimen berriak bilatzen. Herriko gazteek garbi adierazi zuten denbora librea betetzeko gune baten beharra zutela. “Eguraldi txarra egiten zuenean ez genuen elkarrekin egoteko tokirik eta askotan, ez ginen atera ere egiten. Koadrila moduan lokalen bat alokatzeko aukera ere oso zaila zen. Alde batetik, oso gutxi dira Zizurkil Goian hutsik dauden lokalak eta bestetik, zazpi izanik, alokairua ordaintzea ia ezinekoa egiten zitzaigun. Horregatik, Udalari eskaera egitea zen gure aukera bakarrenetakoa”, azaldu dute.

Zazpi laguneko koadrila
Leire Lasa, Maitane Baz, Judith Perez, Haritz Iraola, Maialen Geresta, Leire Olazabal eta Unai Otaegi gazte zizurkildarrak pozik ageri dira lokal berriarekin. Udaleko kideekin eta gazte dinamizatzaileekin hainbat bilera egin ondoren, iazko abenduan lortu zuten San Millan eskolaren ondoko etxe prefabrikatuetako bat erabiltzeko baimena ematea. “Herrian oso lokal gutxi dago hutsik eta eskola ondoko prefabrikatu horietako bat erabil genezakeela proposatu genuen Udalean. Hezkuntza sailaren baimena eskatu zuen Udalak eta baiezkoa esan zutenean eman ziguten. Pixkanaka, gauzak ekartzen hasi ginen: jokoak, sofa, telebista, musika entzuteko aparailua…, gustura egoten gara bertan. Lehen baino maizago atera eta elkartzeko aukera eman digu”, diote pozik.
Aisialdirako aukera berria zabaldu die egoitza berriak: “Gehienbat, asteburuetan biltzen gara lokalean. Jateko zerbait ekarri eta bertan afaltzen dugu. Astean zehar, asteartetan etortzen gara, Andoni dinamizatzailearen biltzeko. Ordu eta erdi inguruz egoten gara berarekin. Lokala antolatzen lagundu digu eta eskerrak eman nahi dizkiogu horregatik. Udalari ere eskerrak eman behar dizkiogu lokala gure eskutan jartzeagatik”.

Gauerdira arte
Zenbait baldintza bete behar dituzte gazteek lokala erabili ahal izateko: “Guk ez daukagu giltzarik. Iriarte etxean izaten dute giltza eta hura hartzen duenak bere izen-abizenak eta telefono zenbakia utzi behar ditu. Bertan apuntatzen dute giltza zer ordutan hartu eta utzi dugun”. Izan ere, gaueko hamabietarako lokala itxi eta giltza itzultzea da gazteek duten baldintzetako bat.
Beste baldintza berezi bat ere bete behar dute Zizurkil Goiko gazteek: “Lokalaren truke, zortzi eta hamabi urte artekoentzako ekintzak antolatzeko eskatu zigun Udalak. Orain arte nahiko lan izan dugu gure egoitza egokitzen eta lehengo astera arte ez dugu ezer berezirik antolatzeko tarterik izan”. Lehengo asteazken arratsaldean egin zituzten lehendabiziko eskulan eta jolasak gaztetxoekin. “Martxoaren 30erako ere beste ekitaldi bat prestatzen ari gara. Gaztetxoak Aste Santuetako oporrak izango dituztela aprobetxatuz, altxorraren jolasa egingo dugu goizez”. Etorkizunera begira, haur txikienen ludoteka zerbitzua gazte hauen eskutan uzteko aukera zabalik dago.

Andoni Usandizaga
Zizurkil
Dinamizatzailea

Noiz hasi zinen dinamizatzaile lanetan? Iazko abenduan, Zizurkil Goiko lokala zabaltzearekin bateratxu. Ostargi taldea da Zizurkilgo gazteen eskaintza bideratzen duena eta nik talde horrentzat egiten dut lan, Zizurkil Goian zein behean.

Zeintzuk dira zure ardurak? Asteartero Zizurkil Goiko gazteekin biltzen naiz euren ekintzak eta lokalaren martxa dinamizatzeko. Asteazkenetan, berriz, zortzi eta hamabi urte arteko gaztetxoekin aritzen naiz. 17:15 etatik 18:45etara jolas ezberdinak egiten ditugu eta ondoren, Iriarte etxeko gela batera joaten gara eskolako lanak egin, irakurri edo ekintza lasaiagoetan aritzera. Aurrera plazako Gaztezuloan ere izaten naiz astean bitan.

Zizurkil Goiko gazteen aisialdirako eskaintza zabaltzen ari da, zer falta da egiteko?
Hamabi urte arteko gaztetxoek badute aisialdirako aukera eta hamasei urte artekoek ere lokala lortu dute. Orain, tarteko adinean daudenei irtenbidea ematea da erronka. Zenbait ideia badugu, baina oraindik forma ematea falta da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!