Jolas parkeak lanbide

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mar. 17a, 10:13

Jolas parkeak eta haietarako segurtasun lurrak egiteaz arduratzen da Garra SL enpresa Zizurkilen. Juan Bautista eta Eneko García aita-semeek euren langintzaren berri azaldu dute.

Juan Bautista Garcia, Andoain nahiz Usurbilen urte luzetan bizitu eta gero, duela bost urte Asteasura etorri zen familiarekin batera bizitzera. Martutenen zuten lantokia utzita, Zizurkilen pabilioia hartu eta bertan ekin zioten euren lanari. Garra SL enpresa 2000. urtean jarri zuten abian, iragarki muntaia enpresa modura lehenik. Kanporako iragarki mota hori beherantz zihoala ikusita, ordea, haurren jolas parkeak egiteari ekin zioten. Juan Bautista da enpresako arduraduna eta Eneko semea diseinatzailea, segurtasun lurra bideratzen duena eta jolas parkeetako araudia eguneratuta mantentzen duena. “Haur jolasak eta hiriko altzariak egiten dituzten Zarauzko Jolas eta Gasteizko Yor enpresekin elkarlanean, haien produktuak banatzen ditugu”. Jolas parkeetako materiala saldu eta muntatzea da euren lana, baina jolasekin batera, segurtasuna bermatuz, haurrak erorialdietako ondorioetatik babesteko lur goxoa ere jartzen dute hala eskatzen dieten lekuetan.

Segurtasuna bermatuz
Haurrak bezala, haien segurtasuna zaintzea ezinbestekoa dela kontuan hartuta, Garra enpresako kideek segurtasuneko lur egokia ipintzeko modu berritzailea dute. “Bola aparailuak haurraren burua irudikatu eta, lurrera botatakoan, haurra parkeko jokorik altuenetik eroriko balitz, minik ez hartzeko, parkeak beharko lukeen lodiera egokiko lurra neurtzen du. Dakigunez, estatu mailan Tenerifeko enpresa batek eta guk soilik dugu bola neurgailuaren sistema hori”, adierazi du sistema bitxi horren ardura duen Enekok. Juan Bautistak dioenez, Euskal Herri mailan oraindik arautegiak ez du neurri hori eskatzen jolas parkeetan lurra jartzerakoan, baina badaezpada ere, arautegiari aurre hartuta ari dira lanean. “Normala denez, Udal teknikariak gero eta arduratuago daude jolas parkeen segurtasunarekin eta Udaletatik eskaeraren bat egiten digutenean, jolas parkearen egoeraz ez ezik, lurraren segurtasunaz ere egunetik egunera gehiago arduratzen dira”.

Eskualdean nahiz kanpoan
Jolas parkeak jartzeko deiak udaletxeetatik iristen zaizkie batik bat, baina baita etxe eraikitzaileetatik ere. Norbanakoentzat gutxiago egiten dute lan, baina esaterako, hainbat jatetxetatik ere jasotzen dituzte deiak. Berriki, esaterako, Zizurkilgo Olentzo jatetxeko jolas parkea jarri dute. Eskualde mailan, Andoain eta Amasa-Villabonan aritu dira lanean orain gutxi. “Iazko abenduan Andoaingo hainbat jolas parketan segurtasun lurra jartzeko lehiaketa irabazi genuen. Lurrarekin batera, jolas parkeetako lehengo materiala txukundu eta berritu egin dugu. Amasa-Villabonako Malkar plazara Finlandiako jolasak ekarri dituzte. Jolasen muntaiaz eta segurtasuneko lurra jartzeaz arduratu gara gu. Beraz, gure jolasak jartzeaz gain, kanpotik datozenak jartzea ere egokitzen zaigu tarteka”. Epe laburrean, Larraulgo jolas parke berria eraikitzea ere euren esku egongo da. Euskal Herri mailan ez ezik, estatu mailan ere egiten dute lan, “jolas parkeak ez dira egunero saltzen eta 18 laguneko lantaldea mantentzeko, dezente mugitzea egokitzen zaigu. Bartzelonan, Galizian, Tarragonan, Sevillan, Almerian eta beste hainbat tokitan ditugu bezeroak”.
Etorkizunari begira, asmo ugari dute, “lurrari garrantzia eman nahi diogu; irudi nahiz jolasak irudikatuz, haurrari jolaserako bide berriak eskaini nahi dizkiogu. Etorkizunean, lurrean hiru dimentsioko jolasak irudikatzea litzateke gure asmoa, baita lurreko hainbat irudi zapaldutakoan, musika eta hotsak entzun ahal izatea ere”.
Jolas parkeetako gaiarekin batera, lan asko egiten dute hiriko altzariekin ere: www.garrasl.com.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!