Dantza ikastaroa kiroldegian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mar. 17a, 10:11

Herriko jaietan, ezkontzetan... fandangoa eta arin-arina, ingurutxoa, polka edota beste edozein euskal dantza lotsarik gabe dantzatzea da Asteasuko ikastaroaren helburu nagusia.

Ostiral iluntzero, hamabi bat asteasuar biltzen da Gari Otamendi irakaslearekin. Duela lau urte haurrei dantza irakasten hasi zen Gari: “Guraso talde batek ikasteko gogoa zuela esan zidan. Nik ere xaxatu egin nituen eta hurrengo ikasturterako helduen taldea osatuta zegoen. Ostiral iluntzetan elkartzen gara, Usarrabi kiroldegiaren goiko solairuan”.

Lotsa galtzea helburu
Ordubeteko saioa egiteko biltzen dira: “Dantzan ikastea baino gehiago, lotsa galdu eta askatzea izaten da helburu nagusia. Lehen aldiz hurbiltzen direnek, fandangoa eta arin-arina ikasi nahi dutela esaten dute, baina gehienek badakite; beldurra eta lotsa galtzea izaten da behar dutena”. Dantza taldetan ibiltzen da gari, eta musika mundua ere ezagutzen du. “Gauzak nahi adina konplika ditzakegu, pausoak geroz eta gehiago zaildu, posturak zaindu…, baina ez da hori ikastaro honen helburua. Dantza norberak bere modura egitea gustatzen zait niri, pausoak ikasi eta barneratutakoan, bere estiloan egitea. Hori lortzen dugunean, nire helburua beteta geratzen da. Azken finean, ez gara dantza talde bat”, azaldu du Otamendik.
Musikari lotutako dantza lantzen du Garik ikasleekin: “Belarria pixka bat hezi behar da. Askotan, pausoak ikasi eta ahaztu egiten zaigu musika entzutea, musikari arreta jartzea. Erritmoaren egiturari jarraituz osatzen dugu hemen dantza: Larrain dantza, polka, jauziak… Dantzan aritzea da gure helburua eta horixe egiten dugu”.
Hamabi bat ikasle biltzen da ostiral iluntzetan: “Batzuk lehendabiziko urtetik ari dira, baina hasi berriak diren ikasleak ere baditut. Garrantzitsuena sortzen den giroa da. Duela aste batzuk sagardotegian izan ginen eta afalostean, dantza saioa egin genuen. Horixe da ikastaro honen helburu nagusia”.

Herri dantzaria
Dantzaren transmisio lana ere aipatu du Gari Otamendik: “Umeek, ikusten dutena egiten dute eta garrantzitsua da helduek dantza egitea; herriko plazan, jaietan, ezkontzetan… Dantza ondo pasatzeko elementua dela bizitzen badute, eutsi egingo diote. Herri dantzaria gara, baina urteotan eten txiki bat gertatu dela dirudi. Gaur egun dena akademizatzeko ohitura dugu, gure kulturako elementu asko ikastaroetan sartzen dugu eta nire ustez, gauzak modu naturalagoan egitea askoz ere egokiagoa da”.

Dantza-soka
Asteasuko dantza-soka berreskuratzeko lanetan ere aritu zen Gari: “Asteasuk, bere egun handian dantza berezirik ez izatea harrigarria egiten zitzaidan. Anjeles Uzkudunek esanda jakin genuen dantza-soka egiten zela, eta genituen elementuak erabiliz, berreskuratzeko erabakia hartu zen. Herritarrek herritarrentzat egindako ekitaldia da eta horri bere garrantzia eman behar zaio. Lehendabiziko urte hartan parte hartu nuen eta geroztik, urtero errepikatzen dut, oso pozik gainera”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!