Adunako pilotari harrobia martxan

Ostegun arratsaldero, eskolatik atera eta pilota eskolara joaten dira Adunako gaztetxoak. Gustura aritzen dira Luis Mari Sorarrain irakaslearen agindupean.

Hamabi bat neska mutiko biltzen da Adunako pilotalekuan Luis Mari Sorarrainekin. Alkizarra da izatez, baina urte mordoxka darama Adunako haurrei pilotan erakusten: “Duela hogei bat urte hasi nintzen pilota erakusten, Alkizan bertan. Semea eta bere adineko gaztetxoak pilotan jolasten ikusten nituen eta zaletasun horri irteeraren bat emateko asmoz, taldea sortu eta erakusten hasi nintzen. Jabier Zabalak eskatu zidan Adunan ere pilota eskola ematea eta dagoeneko urte mordoxka daramat hemen ere”.

Ilusioz gainezka
Haur eta gaztetxoz inguratuta gustura ibiltzen da Juan Mari: “Urtero esaten dut azkenekoa izango dela, baina eutsi egiten diot. Pilotalekura etorri eta umeen ilusioa ikusita, indartu egiten naiz. Pozik etortzen dira, jokatzeko gogoz eta horrek, haiekin aritzeko ilusioa pizten dit”.
Zazpi eta hamabi urte arteko gaztetxoak biltzen zaizkio ostegunetan pilotalekura: “Arratsaldeko 16:00ak inguruan hasten gara, eskolatik ateratzen direnean, eta arratsaldeko 19:15 arte hemen izaten naiz. Gaztetxoenekin aritzen naiz lehendabizi, eta helduenekin gero. Askotan, denak batera izaten dira pilotalekuan, pilotan jolasten. Pilotari gazteekin horixe da egiten duguna, jolasean aritu. Berez nahiko gimnasia eta mugimendu egiten dute bestela ere, eta ez dago prestaketa fisikorik egiten aritu beharrik. Pilota bat eskuetan jarri eta berehala, bere kaxara hasten dira jolasten”.

Tako eta guzti
Pilotari ondo jotzeko postura egokienak ikastea izaten da egin beharreko lanik handiena: “Batzuek berez ikasten dute postura egokia hartzen, beste batzuei berriz, gehixeago kostatzen zaie. Hamar edo hamaika urte inguru dituztenean takoekin jokatzen hasten dira, baina horretarako, oso garrantzitsua da pilotari jotzeko postura egokiak bilatzen jakitea”, azaldu du Juan Marik. “Takoak jartzen dituzten lehendabiziko aldietan nik laguntzen diet. Azalpenak ematen dizkiet, takoak eskura nola egokitu jakin dezaten. Pauso garrantzitsuenak ikasi ondoren, beraiek jartzen dituzte takoak. Bakoitzak bere eskura egokitu behar ditu; pilota sentitu egin behar da eta hori lortzeko, norberak jakiten du ondoen takoak nola jarri”, gaineratu du. Adunako eskolan ikasketak amaitutakoan, pilota eskola ere amaitu egiten zaie adunarrei. Herrian bertan pilota elkarterik ez dagoenez, zaletasuna duten gazteek, beste aukeraren bati eutsi behar izaten diote: “Normalean, Alkizako taldean ematen dute izena. Modu horretan, pilotan jokatzen eta lehiatzen jarraitzeko aukera izaten dute, nahiz eta beste herri baten izenean izan”. Hurrengo pausoa, beraz, herrian bertan pilota elkarte bat sortzea izango litzateke. “Pilotari gazteek bere herriaren kamiseta jantzita jokatzea da egokiena. Pauso hori emateko jendearen inplikazio pixka bat behar da”, azaldu du Juan Marik.

Neskak ere pilotari
Neska eta mutil, berdin aritzen dira Adunako pilota eskolan: “Oso maila onean jokatzen duten neskak baditut. Koxkortzen direnean, eskuz jokatzen jarraitzeko aukera handiegirik ez dute izaten neskek, baina palaz oso maila onean aritu daitezke. Eskuz ondo jokatzen ikasten duten neskak berehala egokitzen dira palara eta irteera handia dute”.  Eskolarteko txapelketan buru-belarri ari dira Adunako gazteak eta Aiztondoko txapelketa ere martxan jarri berria da. “Maila ona eman dute eskolartekoan eta Aiztondoko txapelketarako ere ilusioz daude gazteak. Ilusio hori, pilotan jokatzeko gogo hori mantentzea da garrantzitsuena”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!