Gizarte Zerbitzuak Errekaldetik Idiazabal kalera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mar. 16a, 18:18

Urnietako Gizarte Zerbitzuetako bulegoa lekuz aldatu da, irisgarritasun arazoak zirela eta.

Gaurdaino Errekalde Kaleko 1 zenbakian zuen lekua bulegoak, martxoaren 4tik aurrera ordea, Udal kiroldegitik Idiazabal Kalera doan pasabideko 46 zenbakian izango du egoitza berria. Herritarren beharrak asetze aldera, lekualdaketa eman da. Aurreko bulegoak irisgarritasun arazoak zituen, sarreran eskailerak baitzituen; egoitza berria berriz beheko solairuan kokatu dute.

Zerbitzu honek, harrera oso ona du, ehunka herritarrek euren ezinak eta kezkak argitzeko modu egokia baita. Elixabete  de Arriba, Itziar Olazabal eta Mari Jose Urkizu aritzen dira zerbitzu honetan lanean. Herritarrei astean bi egunetan zuzentzen die zerbitzua, astearte eta ostegunetan. 

Herritarren beharrak asetzen lagunduz eta eskuragarri dauden laguntza ekonomikoak bideratzen aritzen dira lanean profesionalak. Krisi ekonomikoak ere nabarmen eragin du zerbitzu honen erabileran.

  

Foru Aldundiaren laguntzak

Urnietako herritarrentzat, aurreko urtean esaterako, 551.000€ bideratu zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak, horietako 140.000€ Gizarte Zerbitzuetara bideratu zituelarik.

Langileen pizgarririk handiena, jendeak arazoak konpontzen dituela ikustea da, horrek lanean jarraitzeko indarra ematen baitie.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!