Ilara ikusgarriak likidazio garaian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mar. 11a, 09:34

Oso deigarriak gertatzen ari dira Zumea plazako Miss Zapatos dendara sartzeko sortu diren ilara luzeak, “The Beatles-en sarrerak saltzera jarri bagina bezala”. Era horretan deskribatu dute egoera jo eta ke lanean ari diren Mariluz Cabezas arduradunak

Aiurri: Zer dela eta erosle multzo handi hori?
Mariluz Cabezas:
Oinetako gehiago saldu behar ziren negozioari eusteko, eta azkenean ixtea beste erremediorik ez zait geratu. Likidazioa egiteko asmoz, kalitate oneko oinetakoak %70 jaitsi dira salneurriz, eta beste produktu asko 5, 10 edo 15 eurotan salgai ipini dira. Beherapen nabarmen horrek animatu du jendea, nonbait.  

Nola ikusten duzu Andoaingo merkataritzaren panorama?
M.C.:
Nahiko iluna. Herritarrak merkatalgune handietara erostera joateko joera dute, eta horrela Andoain hil egingo da azkenean. Ez dakit herriko jendeak ba ote dakien zer eskaintzen den bertako dendetan; bezero asko ezagutzen ditut Donostiara edo merkatalgune handietara joan izan direnak erostera, eta haietan ezer aurkitu ez eta gurean erosi behar izan dutenak gero.
Horrez gain, ez dakit kontuan hartzen den denda txikietan jaso daitekeen tratu gozoa eta gertuagokoa ere.    

Espero zenuten halako erosle samalda etor zitekeenik?
M.C.:
Ezta pentsatu ere! Harrigarria gertatzen ari da, lehenbiziko astekoa batik bat. Martxoaren 1ean ireki bezperan, igandean, gauzak prestatzen ari ginela, dendan sartu nahi zuen jendea ere etorri zitzaigun. Behin irekita, eromena izan da guretzat. Atea ireki baino bi ordu lehenago jada erosleak ilarak sortzea normalena izan da aurreneko egunetan. 

Nieves Cabezas: Pena pixka bat ematen digu jendearen erreakzio honek, ikusita aurretik %50eko beherapenak jarri arren ez zela inongo jende mugimendurik sortu. Orduan errazago topa zitezkeen gustuko oinetakoa, modeloa, zenbakia...

Eta nola moldatzen ari zarete, parkeraino luzatzen ari diren ilarei erantzuteko?
M.C.:
Lehenbiziko astea izan da gogorrena, eta eskerrak laguntzaileei! 2007ko abenduan ireki zenetik ni arduratu naiz gehienbat, eta egunotarako Nieves ahizpa eta biok moldatzea pentsatzen genuen. Baina keba! Bost lagun ibili behar izan dugu; Toñi Nuñez, Yolanda Duran eta Yanira Godoy eurek bere kabuz hurbildu zaizkigu. Bigarren aste hau lasaixeago daramagu, eta generoa dena saldu arte dendan egoteko asmoa dugu, martxoa amaitu arte edo.

Ilarek urduritasuna eragingo zuten; bezeroak haserre, zuek presiopean...
M.C.
:Urduri ibili gara, egia da. Guztiok nahi baino mantsoago mugitu da ilara, baina guk launaka sartzen utzi behar izan diegu bezeroei, jende gehiago ezin genuelako denda barruan hartu.
Toni Nuñez: Badakigu jendeak bi ordu eman dituela zain, nahiz eta kalean zenbat jende zegoen ikusteko denbora askorik ez eduki. Barruan, berriz, batek baino gehiagok ordu  eta erdi ere egin izan du, berarentzat, senarrarentzat, haurrentzat..., denentzat oinetakoren bat eraman nahian.  

Denetariko pasadizoak biziko zenituzten...
T.N.:
Sesioren bat edo beste izan da bezeroen artean; zain egon beharrak batzuren animoak aztoratu egin ditu, eta agerian utzi du horien heziketa. Gertatu da, askoren artean bat, denda barruan haur batek botaka egitea, eta amak hari kasurik egin gabe oinetakoak probatzen jarraitzea ero moduan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!