Memoria lantzea adinekoen gustuko tailerra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mar. 11a, 09:32

Memoriaren tailerrak orain hiru urte jarri ziren abian, Bertxin jubilatuen elkartearen ekimenez, Anbrosia Olabideko egoitzan. Arrakastatsuak gertatzen ari dira guztiz tailer horiek; lau talde baitira, 67 parte hartzaile izanik guztira. Edurne Justo Echeverria (1983, Donostia) psikologoak gidatzen ditu memoriaren tailerrak, eta berak azaldu ditu tailer horien ezaugarriak.

Zer egiten duzue eskola horietan zehazki?
E.J.: Egunero funtzio kognitiboren bat martxan jartzen saiatzen gara, ariketen bitartez. Ariketa horiek zerikusia izan dezakete buru-kalkuloarekin, hizkuntzarekin, idazketarekin, arretarekin, kontzentrazioarekin,...
Pare bat hilabeteren ostean, denbora-pasak, gurutzegramak..., ariketa asko egiten da hemen, buruko funtzioren bat edo beste lantzeko helburuarekin.

Ezer ez dakiten askok tailerrak Alzheimerrak jotako pertsonentzat direla pentsatu ohi dute...
E.J.:
Egia da uste okerrak daudela tailerraren inguruan. Hona ez datoz memorian gabeziaren bat daukatenak; gureak prebentzio taldeak besterik ez dira, prebentzioa lantzen dutenak. Egia esan horrelako ariketak guztioi etorriko litzaizkiguke primeran. Neronek ere, adibidez, hobekuntzak sumatu ditut tailer horiek ematen ditudanetik, buruketei dagokionez batik bat.
Gorputzeko muskuloak bezala dira, azken finean: ez badira erabiltzen, makaldu egiten dira.

Modan jarri direla dirudi, tailer horiek...
E.J.:
Nahiko kontu berria da, bai, eta orain hiruzpalau urtetik hona zabaltzen ari dira jubilatuen egoitzatan. Lehen Altzako egoitzan jardun nuen, baina iruditzen zait inguruari begiratuz gero, Andoaingo tailerrak izango direla jendetsuenak. Egia esan, harrigarria da zenbateko mugimendua dagoen Andoaingo egoitza honetan!

Irakaskuntzan garatuta dagoen arloa al da hauxe?
E.J.:
Arlo kognitiboan zer egin behar den, hori ikertu da. Kontua da material didaktikoa oso gutxi dagoela; ariketa berriak sortzerakoan-eta lanbide zehatz honetan “irudimena boterera” lemak agintzen du.  

Beste inon ematen al dituzu eskolak?
E.J.:
Une honetan Zuena Andoaingo emakumeen elkartean talde bat gidatzen dut; ordutegia askori bateraezina zaiela-eta, lau pertsoneko taldea bakarrik osatu ahal izan da.

Nolako jarrerarekin etortzen zaizkizu parte hartzaileak?
E.J.:
Oso motibatuta eta kontzientziatuta etortzen direla iruditzen zait. Ariketak egiteko irrikitan egoten dira, eta horregatik presa sartu ohi didate elkartu orduko, ahalik eta ariketa gehien egin ahal izateko. Noski, denek ez dituzte motibazio berberak: batzuk memoria lanean jartzeko etortzen diren bitartean, beste batzuk beren bizimoduan hitzordu bat, ekintza sozial bat..., eduki nahi izaten dute batik bat.   
Nik esan dezaket da oso pozik nagoela lau talde horiekin.

Ezberdina al da parte hartzaileen profila?
E.J.:
Denetik dator. Adinari begira, gazteenak 59 urte izango ditu eta adinduenak 83. Gutxi gorabeherako estimazioarekin ari naiz oraintxe, izan ere, ez da erraza asmatzea askoren adina, itxuraz oso gazte eta izatez oso bizizale ikusten baitzaie!
Tartean badira oraintxe erretiratu direnak, orain hamabost urte erretiratu zirenak, beti etxeko lanetan aritu direnak...

Emakumeak dira gehienak...
E.J.:
Hiru gizonezko besterik ez ditugu. Nahiago dute, antza denez, kartetan jokatu. Baina errealitate hori bizitzako hainbat arlotan gertatzen da; emakumeak errazago animatzen gara horrelako ekintzatan parte hartzera.

Ez dute sentituko horrelako tailer baten beharrik, nonbait...
E.J.:
Premiak, emakumeen antzekoak dituzte. Iruditzen zait, hala ere, gizonezkoak harrotasun puntu bat baduela eta kosta egiten zaiola onartzea eurek ere badituztela ahultasunak eta gabeziak.

Memoriaren tailerra Anbrosia Olabiden eskaintzen da.

Tailerrean parte hartzen ari diren hiru kideren iritzia:

Felisa Garcia:
“Hirugarren urtea da aurtengoa, eta beti gogoz etorri izan naiz. Ez dakit zerbait ikasten dudan, baina nabaritu, nabaritzen dut memoria bizirik mantentzen dudala; egiten ditugun ariketek oroimena pizten didate benetan. Hona etortzeko beste arrazoia, taldean bizi den laguntasuna da; hasierako lotsak segituan uxatzen zaizkizu hemen sortzen den giro jatorrari esker. Hona etortzeak azken batean, etxetik atera eta bizitza soziala egiteko aukera ere ematen dit”.

Rosario Garcia:
“Tailerra oso ondo datorkigu gauzak gogoratzeko, memoria lanean jartzeko. Etxean ez ditugu horrelako buru ariketak egiten, zaila baita nork bere buruari disziplina ezartzea. Gainera, horren irakasle gozo eta atsegina daukagu, ezen ilusioa egiten dizula zuk egindako ariketak berak zuzentzea”.

Rosario Guiu:
“Oso ideia ona da jubilatuei memoriaren tailerrak eskaintzea; izena ematen duten pertsonen kopuruak horixe adierazten du. Gutako askok oso gaztetan utzi genuen eskola; kultura orokorra ikasi genuen, eta orain oso ondo datozkigu hemen egiten ditugun ariketa ezberdinak orduko nozioak-eta errepasatzeko. Ortografia, memoria, zenbakiak..., denetik lantzen da puzleen eta antzeko jokoen bitartez”. 

Felisa Garcia, Rosario Garcia eta Rosario Guiu memoriaren tailerretan parte hartzen duten hirurogeita lau ikasleetatik hiru dira. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!