Urnietako herritarrak 18:00tan elkartu ziren San Juan plazan. Erlojuak 18:00ak jo bezain pronto, “Urnietako Emakume Langileak” zioen pankarta zabaldu eta plaza erdian ipini ziren hainbat Udal ordezkari eta herritar. Pixkanaka jende andana biltzen hasi zen oihalaren atzealdean, orotara berrogei bat lagunek irudi polita osatu zutelarik. Bien bitartean, plazara hurbiltzen zen orori lazo morea jartzen aritu zen emakume bat. Sinboloek aldarriarekin bat eginaz, herriko emakume eta zenbait gizonek, ordu laurdeneko elkarretaratze isila egin zuten udaletxe aurrean. Jarraian, besteak beste, Miren Martiarenak, Maria Angeles Iriondok, Maria Pavonek, Inma Moralesek, Amaia Vaquerok eta Herme Gonzalezek hitza hartu zuten.
Euskaraz eta erdaraz irakurri zuten manifestua. Gizon eta emakume desberdinek hartu zuten parte ekitaldian, guztiek, “berdintasunerako eskubidea eta sexuaren ziozko bereizkeriarik eza aldarrikatuaz”. “Herri aginteek pertsonen eta taldeen berdintasunerako baldintzak sustatzeko eta hori lortzeko oztopoak ezabatzeko betebeharra dute, berdintasun hori benetan eta modu eraginkorrean gauzatu dadin”.
Manifestuan roletan aldaketa handiak ari direla gertatzen adierazi zuten, merkatuan duten partaidetza, erabakiak hartzeko eremuetan sarbide handiagoa… “Aldaketa hauek ez lirateke posible izango mugimendu feministen funtsezko ekarpenik gabe, ezta anonimatuan lan egiten duten emakume horien ahaleginik gabe”. Datuei erreperatuaz, gizartean hierarkizazioa dagoela adierazi zuten, oraindik orain, “gizonezkoei eremu publikoaren ardura eta emakumeei etxeko eremuaren ardura izendatzen baitzaie”. “Emakume askok, bereizkeria ugari jasaten dituzte, sexuaren ziozkoa, arraza, jatorri etniko, hizkuntza, adina, ezintasuna, ondarea, orientazio sexuala eta beste hainbat faktore direla eta”. Eskenatoki gainetik egin zen apustua argia eta garbia izan zen, “berdintasunerako eskubide hori lege-testuetan formalki aitortua ez ezik, praktikan benetan aplikatua izatea” eskatu zuten. Lege honek, neurri zehatz batzuk planteatzen ditu, “euskal herri-administrazioetan eragin handiagoko politikak abiarazi behar ditu, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren fenomenoa gizartetik desagerrarazi dadin”.
Martxoaren zortziko ekitaldian parte hartu zutenen artean, iritzi bilketa:
Rosa Gonzalez
“Berdintasuna aldarrikatuko nuke lau haizetara, baina alor guztietan. Feminista erradikalekin ez nator bat, emakumeon egoera modu sakon batean aldatzea beharrezkotzat jotzen baitut.
Instituzioetatik lagundu egin daiteke, baina norberaren lanketa da garrantzitsuena, gehien balio duena. Egin beharreko bidea luzea da baina eskoletatik, heziketatik hartu behar da aldaketaren beharra eta berau landu”.
Inma Mateos
“Gaurko egunerako ekitaldi garrantzitsua da hemen plazan egin duguna. Hala ere, herritar gehiago elkartzea beharrezkotzat jotzen dut, guztiek bere egin behar baitute emakumeok bizi dugun egoera eta jasaten dugun diskriminazioak beste bide bat har dezan. Gehienbat emakumeek, gazteek eta nola ez gizonezkoek ere, bere egin behar dute arazo hau, konponbide bat lortu nahi bada. Gora emakumeen borroka!”.
Herme Gonzalez
“Emakumea bera aldarrikatuko nuke. Ekitaldi batean geratu baino, ekitaldia, egin beharreko bidearen hasieratzat hartuko nuke. Martxoaren 8a heltzen denean, guztiok gogoratzen gara emakumeez, baina urte guztian egin behar dugu lan berdintasuna lortzeko pausoak eman nahi baditugu.Udaletxean ere arazo bera gertatzen da, manifestua kaleratzen dugu, baina gainontzeko egunetan ez da behar adinako lana egiten”.
Miren Martiarena
“Emakumeok ez dugu zertan desberdinak izan behar,ez dugu gizonezkoak baino gehiago izan behar, baizik eta maila guztietan berdintasunera begira lan egin behar dugu. Lan bila goazenean esaterako, baldintza desberdinetan aritu behar izaten da, hainbat postutara heltzeko zailtasunak ditugu… Gure aurreko emakumeek lan asko egin dute, baina asko dago oraindik egiteko. Egun batean baino urte guztian egin behar genuke lan”.