Kirola eta aldarrikapena Lilaton edizio berrian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mar. 10a, 17:38

Bi mila lasterkarik parte hartu zuten aurreko igandean Donostiako 21. Lilatoian, azken urteetako marka guztiak hautsiz. Espaloietan ere jendetza bildu zen korrikalariak animatzeko asmoz.


Aldi berean, ugari izan ziren kirola, kaleko festa eta emakumeen aldarrikapenak uztartu zituzten lasterketan parte hartu zuten andoaindar zein urnietarrak.
Iratxe Aranburu heldu zen lehena Alderdi Ederreko helmugara, 18:46 denbora eginez. Eva Pelaez izan zen lehen andoaindarra (20:59); Maddi Urbieta, berriz, bigarrena (22:58).
Lasterketa amaitu ostean, pozik agertu ziren andoaindarrak. Haize Irulegik adierazi zuenez, Xare bere ahizpak eta biek elkarrekin egin zuten proba. “lehenengo urtea zen guretzat eta ez genekien zer aurkituko genuen gaur Donostian. Egia esan, dena izan da harrigarria. Irteeran bertan, emozioz gainezka eta urduri jarri gara. Gero, ibilbidean zehar oso polita izan da nola animatu gaituen jendeak espaloietan bi aldeetatik, haurrak izan nahiz helduak izan. Izugarri polita da egun hau, eta hurrengo urterako Andoaindik autobusa jarri, kamiseta berberak jantzi eta koadrilan etorri behar dugula aritu gara esaten”.
Bederatzi lagunez osatutako Andoaingo taldea ere atera zen proban. Modu arduratsuan prestatu zutela lasterketa hau adierazi zuen Begoña Canflancak, erdi txantxetan: “Eguna konpletoa atera zaigu. Goizeko zortziak eta erdietarako etorri gara Donostiara eta bertan ederki gosaldu dugu, kafesnea eta croissant bana hartuta. Goizetik ondo elikatuta joan behar dela korrikara esaten dute dakitenek, eta horixe bete dugu”.   
Elena Markosek, berriz, lasterketa taldean egin zutela azpimarratu zuen: “Batera atera gara, eta gero sakabanatzen joan gara; azkenean hiru taldetan iritsi gara. Inor ez da bakarrik aritu beraz, eta denbora guztian denok elkarri animoak emanez joan gara. Garrantzitsua da kirola elkarrekin egitea; aurreko batean lortu genuen gutako batzuk hiru hondartzetako lasterketa egitea eta hortik jo beharko genuke”.
Lilatoiak, berriz, lasterkarien kuadrila hori inoiz baino handiagoa izatea lortu zuen igandean, Ixiar Ansak aitortu duenez, “ez da erraza denok batera biltzea, seme-alaben amatxoak baikara. Hala ere, gaurkoak bi arrazoi on zituen berarekin: emakumearen eguna izateaz gain proba motza zela. Hurrengo hitzordua? Ea Santakutzetan den!”.
 Aurreko urtetan parte hartuta zegoen Ane Amondarainek aurtengo edizioak eragin dion poza nabarmendu zuen: “Orain hamar bat urte gogoratzen naiz korrikalari bakar batzuk atera ginela, baina kalean ikuslerik ia ez zen bildu. Garai hartan, gure artean egiten genuen gogoeta zen emakumeari asko falta zitzaiola berdintasunera iristeko. Aurtengoa, ordea, harrigarria bezain pozgarria izan da. 17-18 urteko neska piloa koadrilan, bi mila korrikalari, milaka ikusle..., gauzak aurrera doazen seinale dela uste dut”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!