Planetarium bidaiaria Lekaio kultur etxean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mar. 10a, 17:32

Martxoaren 8an, arratsaldean,  “El planetario Viajero” planetarium ibiltari eta mugikorra inauguratu zen. La Caixa Fundazioak bultzatu eta eginiko egitasmo honekin herritarrek izarrak gertuagotik ezagutzeko aukera izango dute. Lekaio Kultur Etxeko areto nagusian puztu dute haizezko planetariunma. Inauguraziora, Mikel Izagirre Urnietako alkatea, La Caixa Fundazioko Oscar Gomez ordezkaria eta  Egape nahiz Presentación de Maria ikastetxeetako arduradunak bertaratu ziren.


Nahiz eta hasiera batean herriko ikastetxeetako ikasleentzat bideratua izan egitasmoa, herritar guztiek ikusi ahalko dute planetariuma martxoaren 18ra bitarte, arratsaldeko 17:00etik 20:00era.

Izarren artera bidaia
Lekaioko areto nagusiko ateak zabaldu eta puzgarri edo globo erraldoi bat ikus daiteke haizearen eraginez mugimendu arinean dabilena. Lau metro luze eta beste lau zabalean izango ditu eta bi metrotatik gorako altuera duela esan daiteke. Kolore urdin eta beltzezko bola erraldoia haizez puzturik dago, airea galtzen duen momentuero berriz puzten doan sistema batez dabil martxan. Erdialdean, irekidura bat suma daiteke gertutik erreparatzean. Irekidura horretan makurturik barrena sartu eta argi ahul baten errainuaz baliatuz, borobilean eseri gara barruan ginen guztiok. Bat-batean, musika lasai eta ahots sakon batek azalpenak emateari ekin dio globoaren barnealdean irudi, izar eta konstelazio desberdinak agertzen ziren bitartean. Orionen burua, ehizatzeko zezena, txakurrak... denetarik suma zitekeen esferaren sabaian.  12 minutu iraun du ikus-entzunezko saioak eta neguko urtaroari dagozkion izarrei buruzko azalpenak eskaini dizkigute, guztia euskara hutsean azalduta. Oso labur egiten dira minutuak, planetariumaren barnean bidaia luze batean murgiltzen baitzara saioa hasi orduko.
Hemezortzi bat lagunentzat nahiko toki badela adierazi dute fundazioko arduradunek, “hori bai, toki itxietan gaizki ibiltzen denari ez genioke gomendatuko”.
Proiekzioa ikusi ondoren, La Caixako arduradun, Oskar Gomezek hitz batzuk egin ditu bertaratutako guztientzat. “Bi urte dira herrian bulegoa zabaldu genuenetik, pozik gaude egiten ari garen lanarekin eta fundazioak eskaintzen dituen aukerekin”. Aurkezpena, ikastetxeei eta Udalari eskerrak emanez amaitu zuen.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!