Andoaingo taldeak ustekabea eman du txapelketan, eta Irurtzun kanporatu zuen final-laurdenetan. Galdakaokoak, berriz, txapelerako faboritoetako bat dira.
Gazteleku 2 (56)
Irurtzun 1 (48)
KADETEAK
Jauregi-Tolosa 22
Ansa Otamendi 11
GAZTEAK
Irastorza-Ulanga 22
Barberena-Beraza 15
NAGUSIAK
Eskudero-Erreka 12
Ansotegi-Zabaleta 22
Andoaingo Gaztelekuk eman du ustekabea txapelketan. Lehen fasean hasi, eta finalerdietara iritsi da, eta hiru kanporaketak tantoei esker irabazi ditu. Azkenekoa aurreko igandean, Urnietan, Irurtzunen aurka. Kadeteen partidak hasiera orekatua izan zuen (4-4), baina hortik aurrera Tolosa Andoaingoen atzelariak agindu zuen. Irurtzungo bikotea hurreratu zen, (13-10), baina azken txanpan Gaztelekuk 11 tantoko altxorra lortu zuen (22-11).
Gazteen partidak ere hasiera orekatua izan zuen (7-7). Beraza Irurtzungo atzelaria indartsu hasi zen, baina Ulangak ondo eutsi zion. Partida erdialdera pilota bat eskuan sartu zitzaion Berazari, eta Irastorzak jokoan sartzeko aukera izan zuen (14-9). Azkenean, Gaztelekuk errenta handitu zuen, eta nagusiek lau tanto egitea aski zuten sailkatzeko.
Lan erraza zirudiena, baina, kalbario bilakatu zen, Irurtzun 13-0 irabazten hasi zelako. Ansotegiren huts batek, sakea Jon Eskuderoren esku jarri zuen, eta aurrelariak ondo baliatu zuen jokoa endredatu eta lau tantoak egiteko (4-15).