Estanis Amutxastegi Andoaingo alkateak martxoaren lauan eman zuen prentsaurrekoan kanala berreskuratzeko ideia Udaletik bertatik abiatu zela gogora ekarri zuen, “Udaleko sustapen ekonomikoaren eta enpleguaren lansailak kanala oinezkoen bide bilakatzea pentsatu zuen. Erakargarria zela erabaki zuten arrazoi askorengatik: Leitzaran ibaiaren ertzetik egotean kanala leku ederretatik igarotzen delako, eta baita Otietaraino iristeko aukera ematen duelako. Alegia, Leitzaran haraneko bihotzaraino”.
Helburu bikoitza du beraz, aurreko astean aurrekontu eta guzti aurkeztu zutena. Batetik, Leitzaran haranean bi kilometroko luzera duen kanala oinezkoentzat egokitzea.
Eta, bigarrena, herrigunearen eta Otieta-Leitzaran haranaren artean irisgarritasuna areagotzea.
LEHEN FASEARI HILABETE
HONETAN BERTAN EKIN DIOTE
Zeregina: Kanal guztiaren berreskuratzea, hasieratik Otietaraino.
Obraren aurrekontua: 591.154 euro.
Kanalaren erosketa: 40.000 euro.
Iraupena: Bost hilabete eta erdi.
Finantziazioa: %100 Eusko Jaurlaritzak diruz lagunduko du.
BIGARREN FASEAREN AURRE
PROIEKTUA LASTER MARTXAN
Zeregina: Herrigunetik bertatik kanalera abiatzeko lanak burutzea.
Obraren aurrekontua: 1.500.000 euro, bi faseak kontuan hartuta.
Iraupena: Lehen fasea amaitu eta gero.
Finantziazioa: %100 Eusko Jaurlaritzak diruz lagunduko du.
Etorkizun hurbilean, beraz, Andoaingo herrigunetik zuzenean iritsi ahal izango da Otietara, Leitzaranera... Zalantzarik ez aurrerapauso handia izango dela. Iraganeko baliabideak berreskuratuta, gainera. Herriguneko merkataritzari eta ostalaritzari begira mesedegarri izan daiteke Leitzaran haranaren abiapuntua herrigunean bertan kokatzea.
Leitzaran babestutako biotopoa da, bertan kokatzen dira ospe handia duen Plazaolako bidegorria eta berriki zabaldu duten Leitzaran bisitarien etxea. Hilabete gutxira herrigunetik bertatik bisitariak naturgune aberats horretara gerturatu ahal izango dira, kanala erabiliz.