Amparo Sanchezen kantu berriak Andoainen eskainiko dira primizian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mar. 8a, 09:33


Amparo Sanchez zuzenean
Bastero auditorioa, Andoain
Martxoak 12, ostirala. 21:30
www.amparosanchez.info

'European Tucson-Habana Tour' Basteron abiatuko da martxoaren 12an, 21:30ean.

Emakumearen nazioarteko egunaren harira Andoainen antolatu ohi den zikloaren baitan, nazioarteko estreinaldia burutuko da Bastero auditorioan Amparo Sanchez –lehen, Amaparanoia– kantari ezagunaren bitartez.
Amparo Sanchez Amparanoia izenarekin aski ezaguna izan da orain arte musikagintzan. Urte luzez ibilbide oparoa egin du, eta Euskal Herrian hamaika bider izan da. Hurrengo asteburuan “Tucson–Habana” musika egitasmo eta disko berriarekin bi kontzertu eskainiko ditu Euskal Herrian, Europako birari ekin aurretik. Andoainen beraz estrainekoz eskainiko dira kantu berriak primizian. Hurrengo asteetan “Tucson–Habana” ikuskizuna Espainian, Suitzan, Alemanian, Austrian, Britainia Handian, Belgikan, Frantzian eta Holandan eskainiko da.
Amparanoia lehen, Amparo Sanchez orain, bi egitasmoekin Andoaingo Garate musika estudioetan maiz izan da diskoak grabatzen. Bertako nagusi den Kaki Arkarazo musikari eta ekoizlea disko berriaren ekoizle izan da. Ikuskizun berri honetan musikari arituko da, kitarra eskuetan duela.

MUSIKA ESTILO BERRIA
Emozioa eta artea bere gordinean, horrela deskribatzen da kantari honen ibilbide berria. Arizonako Tucsonen eta Cubako Habanan grabatu du diskoa eta egitasmo honetarako nazioarteko musikagintzan ezagun den Calexico taldeko kideen partaidetza izan zuen. Diskoa intimoa, pertsonala eta akustikoa da; Bastero auditorioan eskaintzeko bikaina.
Sarrerak dagoeneko salgai daude Basteron eta Kutxa.net gunean, 12 euroko prezioan.
Udaleko Kultura eta Gizarte Zerbitzuek Emakumearen nazioarteko eguna ospatzeko egitaraua, Agenda atalean.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!