Hainbat lapurreta izan da herrian azken aldian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mar. 8a, 09:32

Azken asteetan hainbat lapurreta izan da herriguneko taberna, bulego eta merkatalguneetan. Aiurri astekariko erredakzio taldeak lapurreta pairatu duten horietako batzuren lekukotzak bildu ditu.

Aurreko astean zehar, zenbait lapurreta izan ziren herriko hainbat egoitza eta zerbitzuetan. Aurreko ostegunetik ostiralerako gauean, esaterako, Aiurri eta Iñistorra euskaltzaleen biltzarrak Urnietako Errekalde kalean duen egoitzara sartu ziren lapurreta egitea. Soilik eta bakarrik Macintosh markako ordenagailu berria lapurtu zuten, zer lapurtzera zihoazela ondotxo jakingo balute bezala. Alarmak jo aurretik, segundu batzuk nahikoa izan zuten atea zartatu eta ordenagailua bortxaz antzemateko. Argindarraren kablea eta Internet konexiorako kablea, indartsu tira eginez, hautsi zituzten. Elkarteko kideek salaketa ipini zuten Ertzaintzaren aurrean. Zaharrak berri Aiurriko egoitzan, toki berean bi aldiz sartu baitira lapurtzera urte beteko epe eskasean.

BULEGOA, ARGAZKI DENDA
Antza denez, ordu beretsuan Aiurritik metro gutxira Idiazabal Kalean dagoen Torres argazki dendara jo zuten lapurrek. Herriko kale nagusia izanagatik, estuasun handirik gabe bertako sarrerako hesia apurtu eta ateko leiho blindatua apurtzen saiatu ziren. Bertako arduradunaren arabera, laugarren aldia da lapurrak dendan sartu nahi izan dutela. Aurrekoetan zerbait eramatea lortu badute ere, oraingo saiakera hutsala izan da, ez baitzuten barrura sartzea lortu.
Aparailu elektronikoak bereganatu nahi izateaz gain, diru bila ere ibili dira herrian. Aipatutakoa bulego eta merkatalgunera mugatuko balitz, gaitzerdi, baina Aiurri astekariak jakin ahal izan duenez Besabi aldeko baserrietan ere lapurreta saiakerak izan dira.

TABERNA
Herrigunean dagoen Erratzu tabernan ere lapurretan ibili ziren gauez. Tabernariaren arabera, leiho guztiek burdinezko pertsianak izanagatik, atzealdean dagoen leihoan konponketak egiten ari ziren, eta antza denez ongi kontrolaturik zuten tabernara sartzeko aukera hura. Hain justu konpontzen ari zen leiho horretatik sartu zirelako. Auzotar batek, goizeko 04:30 aldera zaratak sumatu omen zituen tabernaren baitan. Jabeak, ordea, goizaldeko 05:30 inguru zabaldu ohi ditu tabernako ateak.
Arduradunaren arabera, hiru alditan sartu dira Erratzura lapurtzera. Bere ustean, tabako eta bingo makina dira lapurrek gogoko dituzten altxor preziatuak. Beste aldietan legez, oraingoan, ez dute alkoholik lapurtu, txanponen bila etorri dira zuzenean. Atsekabetuta dago tabernako jabea, “iazko abuztuan izandako lapurretari buelta ematen ari nintzaion eta orain berriro sartu zaizkit”.  
Lapurretak gertatu eta gero segurtasuna hizpide izan ohi da herritarren artean.
Segurtasun eza herrian
Segurtasun sistema desberdinak martxan izan arren, lapurretak izaten ari dira Urnietan. Oso zaila gertatzen da, gainera, lapurrak harrapatzea. Aiurriko egoitzaren kasuan, Ertzaintza minutu gutxira iritsi bazen ere, beranduegi izan zen. Argazki denda berriz, kale nagusian dago, begi-bistan erabat, eta hala ere ez zen lapurrekin inor jabetu.
Kezka nagusia da merkatarien artean. Lapurreta jaso duen batek zera dio, “ez dago lasai egoterik, ez baitakizu goizean lanera etorri eta zerekin topa gaitezkeen”. Urnieta herri lasaia izanagatik, batean eta bestean dabiltza lapurrak. Egoera honi konponbidea emateko, kalean zaintza gehiago izatea beharrezkotzat jotzen dute. Erratzu tabernako jabeak oso argi hitz egiten du, “gure aldetik, egin dezakegun guztia egin arren, segurtasun neurriak hartu arren, ez da nahikoa, inpunitate osoz baitabiltza lapurrak”.
“Salaketak jarria izanagatik, normalean ez da egilerik agertzen eta horrez gain, lapurrek ongi kontrolatuta dute zenbateko kopurua lapur dezaketen egiten ari diren delitua falta hutsa izan dadin”, argazki dendako arduradunak Aiurriri adierazitakoa.
Lapurretak direla eta, ez da giro merkatarien artean.

Lapurreta bitxia alderdi sozialistaren egoitzan

Erratzu tabernan lapurreta gertatu zen egun berean sartu ziren alderdi sozialistaren egoitzan. Biak ala biak oso gertu daude. Atzeko leihoa hautsita sartu ziren sozialisten etxean eta lapurrak taberna-elkarte lanak egiten dituen gunean denbora batez egon ziren. Bulegoan, aldiz, ez ziren sartu ere egin.

Herme Gonzalez sozialisten burua zur eta lur dago lapurren jokabidearekin, “Joku makinan eta eltxetxo batean zegoen dirua hartu zuten. Baina bitxiena da freskagarriak eta garagardoa edaten aritu zirela. Pentsa, helatua ere jaten aritu ziren! Patxadaz aritu zirela dirudi, eta alde egitean edariak ere eraman zituzten. Bertan zegoen musika aparailu zaharra ere eraman zuten, baina horren balioa merkatu beltzean hutsaren hurrengoa izango dela imajinatzen dut. Harrituta gaude; lapurtzera sartu eta korrika alde egin beharrean elkartean bertan geratu ziren, edaten eta jaten”. Lapurreta gertatu eta biharamunean Ertzaintzaren aurrean salaketa aurkeztu zuten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!