Lierni Alkorta, euskal hedabideen historiagilea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mar. 8a, 09:29

Lierni Alkorta Zeberiok (Sorabilla, Andoain, 1989) Masa komunikaziotik informazioaren gizartera izenburuko liburua argitaratu berri du, Aitor Zuberogoitiarekin batera. Lehen euskal komunikabidea jaio zenetik gaur arteko garapena aztertu dute bertan. Alegia, Agustin Xahok 1848an argitaratu zuen aldizkaritik gaurko digitalizazio arora bitarteko historia.

Aiurri: Komunikabideak ikertu dituzunez, pentsatzekoa da zu ere mundu horretara lotua zaudela, nola edo hala...
L.A.: Bai. Ikusentzunezko komunikazioa lizentziatura egina daukat Mondragon Unibertsitatean, eta Berria-ko kazetaria naiz gaur egun, politika eta gizartea sailetan. Hala ere, esan behar dut lotura zuzena ez duen humanitateak eta enpresako lizentziatura ere egina daukadala eta haur hezkuntzako magisteritza ere ari naizela ikasten oraintxe.   

Zer dela eta euskal komunikabideen historia ikertu nahi hori?
L.A.: Orain bi urte hasitako egitasmoa izan da. Transmisioan hutsune handia ikustetik etorri zen liburua idaztearen beharra. Hutsune hori belaunaldi gazteen artean sumatzen da batik bat; hutsunea, euskal kulturarekiko orokorki eta euskal komunikabideekiko zehazkiago.
Ikusten genuen egotez badaudela euskal irratigintza, telebista edo prentsaren historia kontatzen dituzten argitalpen solteak, baina ez zegoela denak batean biltzen zituenik. Alegia, falta zela euskal komunikabideen ikuspegi globala eta panoramikoa. Hutsune hori betetzen saiatu gara, beraz.

Aitor Zuberogoitia eta bien artean egin duzue liburua...
L.A.: Zuberogoitia irakasle izan nuen, Eskoriatzako fakultatean. Karrera amaierako nire proiektua euskal prentsaren historia oinarritu nuen hain zuzen; 70ko hamarkada bitarteko historia aztertzea izan zen nire lana. Gerora, Aitorrek berak elkarrekin proiektuari jarraipena ematea proposatu zidan, UEUk ikas materiala izateko ikerketa beka atera zuela baliatuz.

Neke eta ordu askoko lana izan al da zuena?
L.A.: Bi urte eraman gaitu proiektua gauzatzeak eta nekagarria gertatu da azkenerako. Hori bai, liburua eskuartean hartzen duzunean, nekeak haztu eta gustura geratzen zara.
Lan handiena akaso, irakurketak eta sintetizatu beharrak eman digu. Lehenbiziko kapitulua osatzeko, hemeroteketara eta bestelako iturrietara jo eta, historian zehar abiatu behar izan dugu. Multimendiara lotutako azkeneko kapituluak egiteko berriz, Internet, albistari digital eta antzeko iturrietatik edan behar izan dugu.

Liburua bakarrik jende espezializatuei begira egin dela esan daiteke?
L.A.: Inondik ere ez. Euskal prentsaren historian interesa daukan edonorentzat izan daiteke egokia liburua. Liburuaren egiturak, gainera, irakurterraza izaten laguntzen du; biltzen diren 15 atalak ez dira luzeak, eta irakurleak interesgarria zaion atal zehatz bat irakurri dezake, dena osorik zertan irakurri beharrik gabe.

Izenburuarekin zer adierazi nahi izan duzue?
L.A.: Eboluzio baten historia da. XIX. mende bukaeran komunikazio munduan atera zen lehen euskal prentsatik hona gauzak asko aldatu dira. Orduko prentsak gizarteari mezua norabide bakarrean komunikatzen zion, eta ondoren, jendeak irakurri edo entzun eta irentsi behar izaten zuen. Gaur egun interaktibitatea gertatzen da, batak besteari erantzuteko aukera dauka, Interneti esker ia edonork dauka nai duena plazaratzeko...
Horrenbestez, euskarazko komunikabideek masa komunikaziotik informazioaren gizarterako prozesu hori nola bizitu duten, nola eboluzionatu duten, nolako proiektuak garau dituzten... bildu nahi izan dugu.

Badirudi beti berandu iritsi dela komunikabide ezberdinetara. Teknologia berriekin, zer moduz moldatzen ari da?
L.A.: Horietara nahiko garaiz iritsi da, hori da sentsazioa behintzat, liburuan biltzen diren datuak ikusita. Egia da bestetan atzetik ibili garen bezala Interneten lan asko egin dela hasieratik. Proiektu ugari ari da sortzen, lan egiten denaren seinale. Unibertso horretan, adibidez, 3.000 blog badirela kalkulatzen da. Anjel Lertxundi idazleak zioen bezala, sekula ez da hainbeste idatzi eta irakurri; euskaraz Interneten dagoen mugimenduari esker da hori.

Zer esan daiteke tokiko prentsaren fenomenoaz?
L.A.: Modernitatearen trenera garaiz iritsi den beste medioa da. Gazteleraz edo frantsesez hain garatua ez zegoen arloan, euskal prentsak jakin izan zuen bere garaian ezeretik aldizkari proiektuak sortzen eta garatzen. Lortu du, besteak beste, euskaraz irakurtzeko ohiturarik ez zuen gizarte multzo handi bat erakartzea, baita euskaraz ez zekien jendea ere.    
 
Ikertu duzuen ataletatik zer gertakizun aipatuko zenuke bereziki?
L.A.: 70eko hamarkadan sortu zen “gu gara euskal prentsa” aldarria egiten zait erakargarri niri. Euskal prentsan sinetsi eta egundoko apostua egin zuen orduko belaunaldiak. Erlijioari eta nekazaritzari lotutako prentsatik prentsa modernoagora egin zuten jauzi. Ez balute ausardi hori eduki garai hartan, ez genuke gaur ezagutzen dugun prentsa eskaintza izango ziurrenik.

Euskal prentsari loturiko ekimen guztien artean, pertsonarik nabarmenduko zenuke?
L.A.: Maite Barnetxe, zalantzarik gabe. Euskaraz lehenbiziko telebista saioa egin zuen emakume honek. 1971ean, Frantziako telebista publikoan aritu zen; bi astero elkarrizketak-eta egiten zituen. Mugarria izan zen euskarazko prentsan; paralelismoak eginez, hegoaldean Jose Mari Iriondok jokatu zuen papera bete zuen iparraldean. Hala ere, ezezagun, aitormenik jaso gabe hil zen 80ko hamarkadan.

Ikerketa historikoen bidea jarraitzeko asmorik bai, aurrerantzean?
L.A.: Nekatuta bukatu dut, eta momentuz ez daukat planteatuta ezertan hastea. Hala ere, ez dut guztiz baztertzen egunean batean, adibidez, euskal prentsaren kapituluren bati ekitea, bai baitaude interesgarriak.  
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!