Ahoz ahoko jaialdia eskualdean barrena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mar. 4a, 10:41

Martxoaren 11tik 14ra ipuin kontalariak, eta beste hainbeste artista ibiliko dira herriz herri Ordiziatik Andoainera bitarte. Asvinenea elkarteko May Gorostiaga da antolatzaileetako bat.

Nondik nora sortu da ahozkotasunaren jaialdi hau?
Antzerkigintzan 46 urte daraman La Caratula Elcheko taldea da antolatzaile nagusia aspalditxotik. Asvineneakoak orain hiru urte haiekin harremanetan jarri eta nazioarteko jaialdi hori Euskal Herrira ere erakartzea erabaki genuen. Horrela, artisten elkartrukaketa lortu nahi da; alegia, munduan zehar dabiltzan artistak ikusi eta haiengandik ikasi nahi da batetik, eta bestetik hemengo artistak ere kanpoan ezagutaraz daitezela.

Aurkeztuko al zenuke Asvinenea zer den, oraindik ez dakienarentzat?
Arte eszenikoetan nola edo halako lotura dugun 18 bat lagun Asvinenea etxean (Aduna) bildu ginen orain zortzi bat urte. Ideien eta antzerkiaren laborategia eratzea erabaki genuen bertan eta horretarako egokitu genuen egoitza. Txotxongiloen lau ikuskunekin hasi ginenez geroztik gauza anitz sortzen joan gara: zirkuarekin zerikusia duten ikuskizunak (trapezioa, akrobazia…), poltsikoko antzerki lehiaketak, haurrentzako antzerki tailerrak…
Akaso oraindik ez gara oso ezagunak eskualdean, baina ikuskizunen bitartez, ari gara gure egitasmoa poliki-poliki jakitera ematen.

Zer dela eta azpimarratu nahi du ahozkotasunaren garrantzia jaialdi honek?
Ez da ahaztu behar ahozkotasunaren tradizioak kultura guztietan eduki duen indarra betitik; literatura idatzia bera baino lehenagokoa da izatez.
Bitxia da gertatzen ari zaiguna teknologia berrien eta interneten aroan: informazioa gainezka dagoen egoera kaotiko batean bizi gara, non denok irakurtzen eta idazten dugun. Denok bihurtu gara idazle, nolabait esatearren; eta hala ere, gero eta txiroagoak gara ahozkotasunean. Garai bateko gizartean, ordea, alderantziz gertatzen zen: gutxi batzuk idazten zuten, boterea zutenek normalki. Beraiek idazten zutena historia ofiziala eta bakarra dela dirudi maiz, baina egiazki, pertsona hainbat istorio zeuden. Bakoitzak berea zuen eta gainera ahozkotasunean adierazten zuen, gizakien arteko komunikazio naturala sortuz.

Ipuin kontalariak nabarmentzen dira aurtengo jaialdian…
Ipuin kontalaritza umeentzako dela uste da maiz, eta berdin gertatzen da txotxongiloekin. Okerreko ideia da hori; haurrentzat bezainbat da helduentzat, eta jaialdi horiek horren lekuko izango dira. Ipuin kontaketaren aberastasuna agertuko da gainera; izan ere, artista bakoitzak bere teknika dauka istorio bat adierazteko orduan. Batzuk ahotsari ematen diote garrantzia, gauzak garbi eta indartsuki adieraztea; beste batzuk, poetika eta metafora darabilte, hizkuntzaren aberastasuna erakutsiz; halaber, badira txantxa zaleak direnak eta horretarako ironiari heltzen diotenak. Azken batean, gidoi batera lotzen den antzerkia ez bezala, ipuin kontalariak zuzeneko komunikazioa lortzen du mezu hartzaile den entzulearekin.

Ikuskizunak eskaintzeko orduan ere, aipatzekoa da leku aniztasuna…
Edozein ikuskizun leku zehatz eta ofizialetan zentralizatzeko joera ari da nagusitzen azken aldian; horrek, ordea, ez du ekarri antzerkirako ikuslegoa handitzea. Guk hain zuzen ere kontrakoa egin nahi dugu: ikuskizunak kalera, tabernetara, nahiz elkarteetara eraman. Gogoan hartu harako esaera hura, zera dioena: Mahoma ez badoa mendira, mendia erakarri beharko dela…

Aduna, Villabona eta Andoaingo emanaldiak azalduko al zenituzke?
Zenbait ipuin kontalari Villabonako Obaba tabernara eta Andoaingo Itzalagunera hurbilduko dira. Izan ere, leku horiek kudeatzen dituztenek gogoz egin dute bat jaialdiaren filosofiarekin. Bi gune horiez gain, gainera, Asvienean bertan jaialdian parte hartuko duten artista guztien gala ospatuko da. Nork hiruzpalau minutu edukiko ditu ipuinen bat kontatzeko. Emanaldi bereziki hunkigarria izango da hauxe, artista guztiak azkeneko aldiz bilduko baitira elkarrekin, nor bere herrira joan aurretik.

Ahoz-aho 2010
ANDOAIN
Martxoaren 11tik 14ra
  • Arte K2 Galeria: Erakusketa: “Historias Prestadas”. Mariana Sellanes (Uruguay-Venezuela):
  • Itzalagunea:
    Ana Torrellas (Venezuela) eta Mariano Martinez (Valentzia). Martxoak 11, osteguna, 19:30.
    Jhon Ardilla (Kolonbia) eta Jerman Argueta (Mexiko). Martxoak 12, ostirala, 19:30.
    Dalia Vidal (Mexiko) “Askatasunaren ahotsa” hitzaldia-entzunaldia.Martxoak 13, larunbata, 18:00.

ADUNA
Asvinenea:
  •     Ipuin motzen gala (Jaialdiko artista guztiak). Martxoak 13, larunbata, 22:30.

VILLABONA
Obaba taberna:
  •    Mariano Martinez (Valentzia). Martxoak 12, ostirala, 23:00.

Ordizian, jaialdia martxoaren 6tik 18ra luzatuko da. Tolosan, berriz, martxoaren 6tik 14ra. Informazio gehiago: lacaratula.wordpress.com edo www.asvinenea.com.


Artisten profilak
Mariana Sellanes (Uruguay-Venezuela)
Margolaria, ilustratzailea eta diseinatzaile grafikoa da. Hainbat erakusketa jarri ditu Amerikan zehar urtetan, eta Andoainen 80x80 zentrimetoko hamar mihise jarriko ditu ikusgai.

Ana Torrellas (Venezuela)
Ipuin kontalariaz gain, psikopedagoga da Venezualeko unibertsitatean. Andoainen “Siéntanse aludidos” ikuskizuna eskainiko du. Elena Pniatoswska edo Rosa Montero bezalako zenbait idazleren testutan oinarrituta, egunerokotasunean gertatzen diren egoerak modu sarkastikoan eta kritikoan kontatzen ditu.
 
Mariano Martinez (Valentzia)
Eskarmentu handiko antzerkilaria da. “El conjuro de las palabras” ikuskizuna besapean. Maruja Torres edo Chumi Chumez estatuko idazleen testuetan oinarrituta, ironia batetik eta mezu sozialak (haurrak eta telebista, emakumea munduan, sexua...) tartekatzen ditu.

Jhon Ardila (Kolonbia)
Ipuin kontalari honek “Los cuentos de Alicia” ikuskizuna eskainiko du. Kolonbiako ipuin folklorikoak eta mitoak literatura garaikideko testuekin tartekatzen ditu, herrialde horrek gaur egun bizi duen errealitate gordina islatzeko asmoz. 

Jerman Argueta (Mexiko)
Ipuin kontalari honek “El ombligo de la luna” ikuskizuna dakar guregana. Mexikoko hiriburuko gertakizunak eta elezaharrak nahasten ditu. Kontaketak Mexikoko historian zeharreko irudiekin apaintzen ditu.
  
Dalia Vidal (Mexiko)
Espainiako exiliatu errepublikanoen oinordekoa da. Espainiako erbesteratuak elkarrizketatzeaz gain, horiek Amerikara eraman zituzten abestien bilduma egina dauka. Oroimen historikoarekin zerikusia duen ikerlan hori eta “Askatasunaren ohiua” izeneko diska aurkeztuko ditu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!