Bizimodu osasuntsurako pausoak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mar. 4a, 10:12

Hutsuneak Betez emakume taldeak hilabeteko ikastaroa burutu du Tolosaldean IKASTN elkartearen babesarekin, bizimodu osasuntsua ardatz hartuta.

Otsaileko asteazken arratsaldetan, 25 lagun bildu dira Gurea antzokiko erakusketa gelan sendabelarrez, aromaterapiaz eta sendatzen duten elikagaiez gehiago jakin asmoz. Gai horietan aditua den Itziar Salegi izan dute irakasle, izen bereko natur eskolaren arduradun dena. Hainbatek ezagutuko du agian Itziar Berria egunkarian egin izan dituen kolaborazioengatik, irratian entzunda edo baita telebistako Hogarútik saioan ikusita. Urte asko daramatza herriz herri eta taldez talde ikastaroak eskaintzen eta Amasa-Villabonako txanda izan da oraingoa. Ikastaroko azken egunean, egin dutena jaso asmoz, bertan izan zen Aiurri aldizkaria ere. Ikasleei banatzeko karpetak prestatzen ari zen Itziar, “ohi bezala, lehen saioan parte hartzaileek galdetegi bat bete zuten eta laborategira bidali genituen erantzunak, emaitzak jasotzeko. Parte hartzaile bakoitzari bere karpeta emango diot orain, eremu desorekaturik badute, dagokien dietarekin gara dezaten”.

Aromaterapia eta sendabelarrak
Elikagai egokiak janda eta aromaterapia nahiz sendabelarren laguntzarekin, bizimodua osasuntsuagoa eta orekatua izan daitekeela defendatzen du Itziarrek. Aromaterapia, esaterako, sendabelar usaintsuen estraktuekin lantzen da eta irakasleak adierazi duenez, “izugarrizko eragina izaten dute haien ezaugarri terapeutikoek gure gorputzetan”. Ikastaroan zehar aromaterapiarekin lotutako sendagai ezberdinak egin dituzte: gelak, xanpuak, ukenduak, lozioak… Sendabelarren baitan, medikuntza naturalaren sorrera eta garapen historikoa ezagutu dituzte eta baita sendabelarrak biltzeko, lehortzeko eta jasotzeko moduak ere.

Elikadura adimentsua
Bestalde, elikadurari ere tarte zabala eskaini dio eta, bereziki, elikadura adimentsua nola egin erakusten saiatu zen Itziar gaiari lotutako saioan zehar, “arriskutsuak edo arazotsuak diren elikagaiekin kontuz ibili behar dela gogorarazten dut. Bakoitzak neurtu behar du elikagai gorrien zerrenda: oso gutxi jatea aholkatzen da”. Zeintzuk diren zerrenda gorriko elikagaiak? “Bada, produktu industrialak, errefinatuak, kafea, alkohola, haragi gorriak, freskagarriak, azukre txuria, birjinak ez diren olioak, esnea eta esnekiak…”. Osasunari begira, barazkien aldeko apustua egiten du, dudarik gabe, irakasleak, “barazkiek mineralak eta bitaminak dituzte eta horien laguntzaz, sendatzeko edo gutxienez orekatzeko aukera izaten da”. Elikaduraren arazoak aztertu zituzten ikastaroko azken egunean. Gaixotasunak nondik datozen batetik: genetika, estresa, gehiegizko elikadura…, eta horien ondorioekin batera, nola egin aurre elikagai egokien laguntzaz. “Gaixo zaudenean lehenengo eta behin garbiketa sakon bat egin behar da, une horretan toxinaz beteta baitzaude eta garbiketa beharrezkoa baita toxina horiek kanporatzeko”. Ondorioz, salda garbitzaile eta anti-oxidantea prestatu zuten azken egunean, “bitamina eta mineral asko izateaz gain, garbiketa handia egiten duena”. Beste osagaien artean, porruak, apioa, baratxuria, tipula eta limoi zukua nahastu zituzten.

Arrazoitsuak izan
Ikastaroetan ahalik eta informazio gehien ematen saiatzen da beti Itziar eta, era berean, erakutsitakoarekin parte hartzaileak gauza izan daitezela aurrerantzean euren kabuz erremedio batzuk egiteko. “Teknika erakusten dut eta, esaterako, arnikaren ukendua nola egin irakatsita, gero kalendularena ere egin dezake edonork. Beti esaten diet arrazoitsuak izan behar dutela eta zentzumenez jokatzeko, bestela astakeriak ere egin baitaitezke”. Oro har talde txikiagoekin ohituta badago ere, gustura aritu da Itziar Amasa-Villabonan, “oso talde polita eta jende interesgarria bildu da”.

Antolatzaileak emaitzarekin gustura
Hutsunea Betez taldeak norbanakoaren gainditze bidean hainbat ikastaro antolatu du dagoeneko, “bio-dantza saioa esaterako zoragarria izan zen, oso esperientzia berezi eta aberasgarria. Aurrez lotura afektiboen inguruko beste ikastaro bat egin genuen. Oso gustura hura ere. Orain arte antolatu ditugun ikastaroek oso harrera beroa izan dute eta oso giro ona sortu da”, antolatzaileen esanetan. Aurrez eginiko ibilbide eta helburuak jarraituz antolatu zuten osasunaren eta elikaduraren inguruko azken ikastaro hau ere. “Izan ere, elikaduraren bidez kanpo nahiz barrua lantzen baita eta jendeari eskaintzeko ikastaro interesgarria iruditu zitzaigun”. Emaitza oso ona izan dela adierazi dute antolatzaileek, “teoria eta praktika landu dira ikastaroan. Gutako batzuok ikastaroa praktikoagoa izatea nahiagoko genukeen arren, oso interesgarria izan da. Saioetan ikasitakoa etxean egin behar da gero. Hala ere, produktu asko behar denez, ez da hain erraza”. Parte hartzaileen erantzunarekin pozik agertu dira emakume taldeko kideak, “hasieran 20 laguneko muga jarri bazen ere, 25 lagun bildu gara guztira. Harrera aldetik oso pozik gaude”. Amasa-Villabonako herritarrak ez ezik, kanpotik ere jende ugari gerturatu da; Tolosatik batez ere. “Hurrengo ikastaro baterako ere jendea bada itxaron zerrendan. Ikusiko da maiatza aldera burutzeko aukerarik sortzen ote den”.

IKASTN elkarteak bideratuta
Gemma Zelaia Tolosaldean IKASTN elkarteko arduraduna da, “ikaskuntza mailan eskaintza eguneratuta mantentzen dugu eta ikastaro nahiz saio ezberdinak antolatzen ditugu, bertako entitate nahiz ikastetxeekin harremaneta”. Batzuetan IKASTN elkarteak bere kabuz antolatu ohi ditu ikastaroak, beste batzuetan eskualdeko taldeekin harremanetan. Amasa-Villabonan gauzatu den Sendabelarren ikastaroa bigarren kasu horren baitan kokatu behar da. Info gehiago: ww.ikastn.com

Parte hartzaileei galdezka
Zergatik hartu duzu parte ikastaroan? Zer ikasi duzu?
Marian Albeniz

Ikastaroaren berri izan nuenean interesgarria iruditu zitzaidan eta izena ematea erabaki nuen. Asko erakartzen nau sendabelarren nahiz elikagaien gaiak eta oso gustura etorri naiz. Lehendik ere sendabelarrak zertxobait ezagutzen nituen, gaixotutakoan medikutara baino lehen medikuntza naturalera jo izan baitut beti.  Gauza asko ikasi dugu eta orain denbora pixka bat behar dut material guztia antolatzeko. Ikasitako guztia interesgarria iruditu zait: ukenduak nahiz kremak egitea, esaterako. Oraindik ez dut etxean praktikan jarri, baina hasiko naiz pixkanaka.

Engrazia Rubio
Asko erakartzen ninduten ikastaroko gaiek eta parte hartzera animatu nintzen. Ikasitakoa oso interesgarria iruditu zait, baina zail samarra ikusten dut etxean neure kabuz lantzeko: batetik, material asko behar baita eta, oraindik ere, zalantzak izango bainituzke ikasitakoa egiten hasiko banintz.
Aurrez gai hauen inguruan irakurri izan dut. Interes berezia nuen giharretako erremedio nahiz elikadura osasuntsuaren inguruan eta gauza asko ikasi dut. Bainuko gatzak egitea iruditu zait errazena eta hori egingo dut, seguru.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!