Autodefentsa ikastaro trinkoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mar. 4a, 10:07

Emakumearen nazioarteko egunaren harira, autodefentsa ikastaro trinkoa antolatu da Atxulondo Kultur Etxean martxoaren 20an.

10:00etatik 14:00etara eta 15:30etatik 19:30etara, Maitena Monroy arduratuko da tailerra bideratzeaz. Elkarrizketan zehar hainbat argibide aurreratu du irakasleak.

Zeintzuk dira ikastaroaren helburuak?
Ikastaroko helburuen artean, emakumeekiko biktima pasibo izaera hausten ahalegintzen gara; gauzen antzera biolentzia jasaten dutenena, aurrerapenak aurrerapen, biolentzia hori sortu edo bultzatzen duten elementu estruktural nahiz kulturalak aztertu arren, ez baitira oraindik modu objektiboan hartzen. Ondorioz, batetik biolentzia sexistaren zergatiak aztertzen ditugu eta, bestetik, aurre egiteko bitartekoak.

Nori zuzentzen zaio?
Gerturatu nahi duten emakume guztiei zuzenduta dago, besteak beste, adinak nahiz ezaugarri fisikoek baldintzatu gabe.

Zein metodologia erabiliz gauzatuko duzu ikastaroa?
Emakumearen aurkako biolentzia ondorio fisikoengandik bakarrik ulertu ezin daitekeen bezala, autodefentsa ere ezin uler daiteke teknika fisikoen ikasketa soilagatik. Arrazoi horregatik, tailerrak bi zati izango ditu:
Batetik, edozein eraso fisikoren aurrean erantzuteko teknika fisiko errazak ikasiko ditugu eta era berean, ahozko biolentziazko adierazpideei nahiz intentsitate baxukoei ere helduko diegu, emakumeen autoestimu eta segurtasunean eragin zuzena izaten dutelako. Beste alor garrantzitsua, emakumearen gorputza feminitaterako hezita, sentikortasuna nola garatzen den ikustea litzateke.
Bestalde, niretzat garrantzitsuena den autoestimua nahiz norbanakoaren baliabideetan konfiantza landuko ditugu eta baita biolentzia sexistaren jatorria ere, emakume guztien eskubide nahiz askatasunari begira egiten duen min eta kaltea, hots, biolentzia sinbolikoa aztertuz (eredu kulturalak) eta kontrol elemetu bezala duen erabilera instrumentala.
Hori guztia garatzeko, hizkera sexista, jokoak, ipuinak, emakume gorputzaren objektualizatzea, botere nahiz maitasun erromantikoaren idealari lotutako beste pertsonaren kontrolaren errepasoa egingo dugu. Sexu beldurrak eraginda, ahul eta sentibera nola bihurtzen garen eta gure baliabideengan konfiantza galduz, gugatik kanpora segurtasun erreferenteak bilatzera nola jotzen dugun ere aztertuko dugu. Emakume eta gizonen harremanak bereizten dituen armiarma-sare osoa aztertzen saiatuko gara, orain artean, gizonei nagusitasunezko biolentzia erabiltzea onartu, legezkotzat hartu eta baimendu zaiena, emakumeak mendean hartuz.

Zein arrazoirengatik da garrantzitsua ikastaroan parte hartzea?
Indartzen lagun diezagukeelako, autonomoago izan gaitezkeelako eta biolentziazko egoeren aurrean beharrezko baliabideak izaten erakutsi ez ezik, batez ere egoera horiek saihesten ikas dezakegulako.

Zein egoeratan jar daiteke abian ikasitakoa?
Bizitzako edozein momentutan, izan ere, biolentzia sexistak adierazpide ugari ditu eta emakumearen eskubideak eta askatasunerako bideak mugatzen ditu.

Noiz hasi zinen antzeko ikastaroak eskaintzen? Zer moduz?
Duela 22 urte hasi nintzen. Oso esperientzia betegarria izan da eta halaxe izaten jarraitzen du, ez bakarrik 8000 emakumek baino gehiagok ikasi dutenagatik, baita niri emakume, pertsona eta irakasle bezala eragin didanagatik ere. Gizartea aldatu eta ‘emakumeen aurkako biolentziari ez’ leloa elkarbanatu eta konpromisoa zabaltzeak asebete egiten du.

Gogotsu etorriko al zara Zizurkilera?
Lehen aldiz arituko naiz Zizurkilen, ondorioz, bertako emakumeekin lan egiteko gogoa daukat eta biolentzia sexistarik gabeko munduan bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko ikasten eta elkarbanatzen jarraitzekoa.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!