Herriko jaiak edo beste edozein ospakizun denean, eskuzabaltasunez eta oso goxo hartzen ditu Bernardak herriko gazte zein helduak. Janari eta edariz betetako mahai luzea prestatzen die kalejiran etortzen zaizkion koadrila guztiei. “Gozatua izaten da hori niretzat. Zain-zain egoten naiz jairen baten inguruan jendea noiz etorriko etxera. Gozamena eta indarra ematen dit horrek”, azaldu du zizurkildarrak. Arrazoi hori aintzat hartuta, erabaki dute Txapela Eguneko antolatzaileek aurtengo txapela berari janztea. Bernardak, harrera hori pozik egiten duela eta saririk merezi ez duela esan du, ez dagoela ekintza horietara ohituta, “nik gustura hartzen dut jendea etxera etortzen denean, baina nigatik ez zuten ezer egin beharrik”.
Baratzea eta telebista
Iartza baserrian jaio zen Bernarda eta izen hori hartu zuen gerora egun bizi den auzoak ere, “lehen baserri gutxi batzuk besterik ez zeuden hemen. Etxe ugari egin zen gero. Guk ere, baserritik jaitsi ginenean, Isidroenea etxea egin genuen senideen artean eta bertan bizi gara”. Etxe inguruko lanetan aritzea gustatzen zaio, “koneju eta oilo asko daukat eta etxeko arrautza ederrak ateratzen ditut. Baratzea izugarri gustatzen zait. Dudarik gabe, osasuna ematen du horrek, asko ibiltzen baitzara eta besoak ere mugimenduan izaten baitira beti. Baratzean lanean jarri eta bizkarra berotzen dit eguzkiak, berogailuak bezalaxe, goxo-goxo. Goizez egiten ditut baratzeko lanak, arratsaldetan telebistako saltsak ikustea gustatzen zait. Pilota bezala, ‘Mira quien baila’ saioa ere ikusten dut. Denetik ikustea gustatzen zait. Ostiraletan bai, orduan izaten da nahikoa saltsa!”. Kalera ateratzea baino nahiago izaten du etxe inguruan ibiltzea. Hori bai, asteartetan merkatuko buelta egiten du beti, “aurrena Villabonako merkatura joaten naiz eta hori ondo miatu eta gero, autobusa hartu eta Andoaingora. Merkatuko saltokiak ikustea asko gustatzen zait eta landarezalearengana joanda, baratzerako landare ezberdinak erosten ditut. Gure etxeko baratzea beti egoten da beteta, baita neguan ere”.
Aspirinarik ez
Aurpegiko irribarre handiak agerian uzten du Bernardaren osasun ona. “Ez naiz sekula medikutara joan, 80 urte betetzeko bakarra falta bazait ere. Ez daukat inongo minik eta ez dut aspirinarik ere hartzen. Ez daukat kexatzerik, familia ere gertu daukat eta horrek asko esan nahi du”. Etxe inguruan ez ezik, lantegian ere lan asko egindakoa da, “23 urterekin ezkondu nintzen eta 26rekin alargundu. Bost hilabeteko eta bi urteko seme-alabak geratu zitzaizkidan eta Talleres Adunan hasi nintzen lanean, orduan alargunak ere hartzen baitzituzten. Jubilatu arte aritu nintzen bertan lanean. Han ere ez nuen sekula bajarik hartu. 55 urterekin jubilatu nintzen, nahikoa lan egin eta gero. Geroztik, 24 urtean, nahi dudana egiteko aukera izan dut”. Emakume indartsua izan da Bernarda eta halaxe izaten jarraitzen du oraindik ere. “Ni eguna argitzeko deseatzen egoten naiz. Baratzerako eguraldirik egiten ez badu, gehiago geratzen naiz ohean baina ona badago, lanera jaikitzen naiz. Zaharrok lo gutxi behar izaten dugu”.
Gurutzea, Gorputz egunean
Ohitura zaharrei eustea gustatzen zaio Bernardari eta, besteak beste, Gorputz egunean belar eta lorez osatutako gurutze handia egiten du etxe atarian, “Gurutze handia egiten dut etxe atarian urtero, azeri buztanak arrosa petaloekin apainduta”. Egun horretan, gainera, Zizurkil Goiko meza ondorengo prozesioa ikusi eta Pantxikanen hamaiketakoa egitea gustatzen zaio. Sanjuanetan sua egiteko ohitura ere mantentzen du, “garai bateko Sanjuanetako kantuak abestu eta gero, afaria prestatzen dut etortzen den guztiarentzat. Denetik jartzen diet eta gustura joaten dira denak”. Era berean, bere besoetako ilobari, urtero egiten dio oparia, “Errege egunean, Meltxor erregearen partez oparia uzten diot etxe atarian. Urtero gogoratzen naiz, ilusioa egiten baitu”.