Igerilekuak eztabaida sortu du

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mar. 4a, 09:38

Udalak egitea erabaki duen igerileku irekiaren egitasmoak iritzi kontrajarriak eragin ditu Astesuko herritarren artean.

Igerileku irekiak Artzubi inguruan egingo dira, Usarrabi erreka eta Larraulera doan errepidearen arteko eremuan. Altuna y Uria enpresa arduratuko da obra gauzatzeaz, 1.025.000 eurokoa izanik esleipenaren zenbatekoa. Obrak udaren erdi aldera bukatzea espero da.
Bi igerileku egingo dira; esan bezala: handiak 285 metro karratu izango ditu; txikiak, berriz, 57 metro karratu. Eraikin horien alboan, beste zenbait zerbitzu jarriko dira, hala nola, dutxak, aldagelak, komunak, sorosleen gela… Bestalde, ia bi mila metro karratuko belardia egokituko da, jendea bertan egoteko.
Obraren iragarpenak ika-mika piztu du herritarren artean. Bitan banatu duela Asteasu esan daiteke; badira aldekoak, eta baita kontrakoak ere. Dolo Garmendia, Patxi Artzamendi, Miren Beloki eta Rufino Garmendia herritarrek Aiurrik egindako kale galdeketan parte hartu dute. Lauek ere xehetasun guztiak ezagutzen ez dituztela aitortu arren, zabaldu den informazioari zer itxura hartu dioten adierazi dute. Inkestak ez ditu, jakina, iritzi guztiak islatzen; dena den, bertan agertzen diren arrazoiek herritar ugari ordezka ditzakete.

Begi onez
Dolo Garmendia eta Patxi Artzamendik ondo ikusten dute igerilekuak egitea. Garmendiak kiroldegiaren antzerako zerbitzua izan litekeela uste du, nahi duenak erabil dezan.
“Uda heltzen denean hemen bakoitzak bere irtenbideak bilatzen ditu. Badira autoa hartu eta Aiara joaten diren familiak; gazteak ere bizikletan abiatzen dira hara. Beste batzuek maiz ez dugu gogorik izaten Orio edo Donostiako hondartzetara joateko esate baterako, eta etxean bertan igerileku txikiak jartzen ditugu. Azken aukera hori da gure kasua, bi alaba baititugu. Ikusteko dago igerilekua zein baldintzetan jartzen duten eta zer erantzun jasotzen duen herritarrengandik. Nolanahi ere, herriko askorentzat irtenbide polita izan litekeela pentsatzen dut”.
Igerilekuak autoen mugikortasunaren aurkako gizarte eredu bat bultza dezakeela iruditzen zaio Patxi Artzamendiri, eta alde horretatik “ondo ikusi beharko litzateke egitasmoa. Ez dakidana da bi igerilekuek zenbateko ur kantitateak kontsumituko dituzten, eredu horren kontra joan baitaitezke, baina tira…”. Bestalde, igerilekuak gune sozial aproposak izan litezkeela ere uste du Artzamendik: “asteasuarrek kanpora joan beharrean herriko leku publiko zehatz batean geratzeko aukera duten heinean, hori harreman sozialen mesederako izan liteke”.
Gustatu ez zaiona, hala ere, igerilekuak jartzeko erabakia nola hartu den izan da: “parte hartzaileagoa beharko zuen izan. Aukera edukita, nik nire iritzia botako nukeen: alegia, igerilekuaren egitasmoaz balia zitekeela beste zenbait zerbitzu jartzeko, urte osoan irekita mantentzeko; hala nola, futbol zelai txiki bat, ping-pong-eko mahaiak…”.

Begi okerrez
Miren Belokiri igerilekuak estali gabe izateak eragin dio, batez ere, kontrako iritzia edukitzea: “Estalia balitz denok egongo ginatekeen alde ziurrenik; baina estali gabekoaren alde jo da, eta inpresioa daukat ia denok gaudela kontra. Aiara edo inguruko beste igerilekuetara joateko autoa badaukagu, eta ez zaigu gehiegi kostatzen. Uda motza da, eguraldiak hemen ez du laguntzen, eta asko jota hilabete eta erdi besterik ez da erabili ahal izango igerilekua. Milioi bat euroko gastua gehiegi da herri honetarako, erabilpen murritz hori egiteko”.
Arlo ekonomikoari heltzen dio Rufino Garmendiak ere, kontrako iritzia azaltzeko: “ez gara politikoak, eta ez dugu horiek daukaten informazio guztia. Izan ere, gerta liteke bihar horiek esatea Europatik-edo diru laguntzak jasoko direla, edo frogatzea Zegama, Segura edo Aiako herriek irabazi egin dutela igerilekuak jartzearekin”.
Ezagutzen denaren arabera ordea, Garmendiak ez dauka zalantzarik: “inbertsio handiegia da uda partean eguzkia hogei egunez baizik ikusten ez duen herri batentzat. Hori baino gastu premiazkoagoak ikusten ditut herrian; adibidez, lur azpiko zaborrontziak, espaloiak errepide bazterretan, komunak Elizmendin, kale argiteria jarri hainbat kaleetan, itxurazko gaztetxe bat…”.
Behin igerilekuak irekitzen direnean, hala ere, argi dauka zein jarrera hartuko duen: “denok ordaindutako zerbitzu publikoa eskainiko zaigu, eta bi seme ditudan aldetik, gure familia erabiltzaileetako bat izango da”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!