Eskola handiagoa, herriaren beharrei erantzuteko

Gero eta gutxiago falta da orain zazpi urte abian jarri zuten asmo hura egi bihurtuta ikus dezaten. Tira, egia esan, ikusi jada ikusi dute, ikusteko modukoa baita eraikin berria.

Beldur ziren ez ote zen ‘petatxo’ moduan geldituko, nabarmenegi, baina oso gustura daude emaitzarekin. Lanak amaituta daude, baimenen batzuk eta baldintza guztiak betetzeko xehetasun txikiren batzuk besterik ez dira falta. Beraz, ondo bidean, Adunako herri eskolako ikasle eta irakasleek ikasturte hau amaitzerako prest izango dute eraikin berria.
Ez da atzo goizekoa eskola handitzeko proiektua, aspalditik ari baitzitzaien eraikina txiki gelditzen. “Herrian etxeak egiten joan diren heinean gazteak bertan gelditu dira, eta gazte horien umeak herriko eskolara etorri dira”, azaldu du Josune Gerrikagoitiak, Adunako eskolako Guraso Elkarteko lehendakariak. “Udalak beti oso garbi izan du gazteek hemen geratu behar zutela herriari beste bizi bat eman nahi bazitzaion”. Adierazgarria da eskolako zuzendari den Mirari Garmendiak emandako datua: “Orain sei urte hogeita hamasei ikasle genituen, eta gaur egun berrogeita hamabi”.

Ezekoaren ondoren, baietza
Eskolak Udalarekin batera egin zuen eraikina handitzeko eskaera, eta Hezkuntza Delegaritzan txosten bat aurkeztu behar izan zuten, aurreko urteetan herriko biztanleriaren hazkundea nolakoa izan zen eta hurrengo urteetarako zer aurreikusten zen azalduz. Delegaritzak eskaera onartu, eta 2006an aurkeztu zuten lehenengo handitze proiektua, eraikinari beste solairu bat eranstea aurreikusten zuena. Delegaritzak, ordea, atzera bota zuen proiektu hura, egiturak beste solairu bat jasango ez zuela argudiatuz. Bigarren proiektu bat egin zen, eskola albo batera handitzea proposatzen zuena, eta hark 2008an jaso zuen baiezkoa. Lanak 2009ko uztailean hasi ziren, eta aipatu bezala, egun amaitzear daude.

Txikienak lehenbizi
“Lau gela ditu eraikin berriak, bi goran eta beste bi beheran”, azaldu du Mirarik, “baina, oraingoz beheko bi gelekin bakarra egingo dugu. Izan ere, ikastetxe honetan bost ikastalde baino gehiago egongo direnik ez dugu uste, hori horrela izan dadin jaiotza-tasak asko igo beharko bailuke. Beraz, eraikin berriko beheko bi gelekin handiago bat osatuko dugu, 2-3 urteko haurrentzat izango dena eta beraien txokoa, jolasak eta, besteak beste, komuna izango dituena. Dena den, badaezpada ere, egunen batean ikastalde kopurua handitu eta bi gelak beharko balira, azpiegitura guztiak prest utzi ditugu”. Astia ematen badie ikasturte honetan 2-3 urteko ikasleak pasako dira eraikin berrira, beraiek baitira behar gehien dutenak. Datorren ikasturtean 1., 2. eta 3. mailako ikasleak, eta musika eta ingelesa emateko gela pasako lirateke.

Udalari eskerrak
Adunako herri eskolaren handitze proiektuak 360.000 euroko aurrekontua izan du, gutxi gorabehera. Proiektuaren gastua eta lursaila Udalak hartu ditu bere gain, eta eraikuntza lanak Hezkuntza Delegaritzak.
Josunek eta Mirarik Udalaren jarrera eskertu nahi izan dute. “Udalak beti oso garbi izan du herria bizirik mantentzeko eskola beharrezkoa zela. Laguntza handia ematen digu, edozein gauza behar dugunean beraiengana jo izan dugu eta erantzuna beti oso ona izan da. Eta handitze proiektuarekin ere beste horrenbeste esan dezakegu. Benetan eskertzekoa da”.

“Barrutik askoz politagoa da”

Irati, Jon, Aiora, Oier eta Natxo 5. eta 6. mailako ikasleak dira, eta handitze proiektuaren inguruan hitz egin dute beraiek ere.

Ba al dakizue zertarako egin duten eraikin berria eskolaren ondoan? Bai, eskola izango da hori ere. Orain dagoenari beste zati bat erantsi diote.
Eta zergatik? Hau txikia geratu delako. Ume asko etorri da eta denak ez gara ondo sartzen hemen, tokia falta da.
Gustatzen al zaizue? Kanpotik ez dago gaizki..., baina barrutik oso polita da, askoz politagoa! Handia da eta marrazki asko ditu.
Datorren ikasturtean eraikin berrian egongo al da zuen gela? Aiora, eta Natxo (6. maila): Gu datorren urtean bagoaz eskola honetatik, beraz, ez dugu eraikin berria erabiliko. Irati, Jon eta Oier (5. maila): Gu hemen geldituko gara, eraikin zaharrean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!