Aiurri Aipamen bereziak Asteasun

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mar. 4a, 09:34

Otsailaren 26an banatu ziren IV. Aiurri Aipamen bereziak Asteasuko Udaleko ikus-entzunezkoen gelan. Urtebetean eskualdean nabarmendu diren norbanako edo taldeen lana nahiz bizimodu edo ibilbide osoan eginiko merezimenduak aintzat hartuta aukeratu zituen Aiurri aldizkariko zuzendaritza batzordeak aurtengo sarituak. Ohi denez, lau sari banatu ziren:
Argazkiak

Lehenengoa, Gizatasunaren saria, Andoainera joan zen, Andoaingo Batzokira, hain zuzen ere. Iaz abian jarritako jardunaldi gastronomikoengatik jaso zuten aipamena, Andoaingo elkarte guztiak ekimenean parte hartzea lortu eta egun haietan batzokia ezberdinen arteko bilgune eta zubi bihurtzeagatik. Joxe Manuel Oiarzabal eta Andoni Baltasarrek jaso zuten saria, Eloy Artolazabalen eskutik.

Kulturaren saria,
berriz, Gorringo antzerki taldearentzat eta telebistan Noaua nahiz Wazemank saioak bideratu dituzten kideentzat izan zen. Tartean eskualdeko kideak ere badirenez, umore zirikatzaile eta alaia antzokietara nahiz etxeetara ekarri izana eskertu zitzaien. Anjel Alkain eta Ainere Tolosak Larramendi Bazkuneko kide Mila Iztuetaren eskutik jaso zuten oroigarria.

Kirolari dagokion saria,
Andoaingo Txirrindulari Eskolak jaso zuen 25 urteotan Andoaingo haur nahiz gazteekin egindako lanaren esker onez. Asteasuko Aitz-Ondo txirrindulari elkarteko Ramon Ayerzak eman zien saria, orain bi urte alderantziz egin zen bezala.

Ohorezkoa, Anjeles Uzkudunentzat
Ohorezko saria Asteasuko Anjeles Uzkudunentzat izan zen. Ekitaldian, urteetan zehar euskal kulturgintza sustatzen egindako lana azpimarratu zitzaion eta baita ondare historikoa berreskuratzen eginiko ahalegina ere. Halabeharrezko arrazoiak medio, Anjelesek ezin izan zuen ekitaldira etorri eta bere ordez Mila Iztueta eta Marijuli Azkue asteasuarrek jaso zuten oroigarria eta agiria. Hurrengo Aiurri hamaboskarian Anjelesi eginiko elkarrizketa argitaratuko da.

Datorrena, Larraulen
Sari bakoitza eman aurretik, Aitor Amutxastegik eginiko bideoek jantzi zuten Asteasuko ekitaldia; kasuan kasuko irudi, pasarte eta elkarrizketekin osatuta. Ahotsa, berriz, Txolarre irratiko Jon Miranda esatariak jarri zion ekitaldiari.  Luntxa eskainiz amaitu zen aurtengo edizioa. Aiurri aldizkariak eskerrak eman nahi dizkie ekitaldia antolatzen lagundu zuten guztiei eta baita Asteasura gerturatu zirenei ere. Hurrengo urtean Larraulen txanda izango da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!