Gobernu taldearen asmoa, proposamena gerora, osoko bilkurara eramatea litzateke, udal ordezkariek eztabaidatu eta bozka dezaten. Urnietako udalbatzaren osaera nolakoa den kontuan hartuta, atez atekoaren egitasmoak aurrera egin ahal izateko Izagirrek beharrezkotzat jo zituen jeltzaleen alderdiko zinegotzien edota sozialisten aldeko bozkak.
USURBILEN EGINDAKO
AGERRALDIA
Mikel Izagirrek Urnietako alkatearen adierazpenok Usurbilen egin zituen aurreko asteartean. Gogoratu behar da asteburu honetan, otsailaren 27an eta 28an, hiri hondakinen kudeaketari buruzko herri galdeketa burutuko dela Usurbilen bertan.
Atez ateko bilketa sistema abiatu zenetik urtea betetzear denean, usurbildarrei zein bilketa sistema nahi duten galdetuko zaie; atez atekoa, orain arteko edukiontzien sistema (lau edukiontzi) edota orain arteko edukiontzien sistema gehi bosgarren edukiontzia organikoarentzat.