Andoainen eta Urnietan adinduen ahozko testigantzak jasotzen ari dira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ots. 25a, 09:40

70 urtetik gorako euskal hiztunen lekukotasuna jasotzen ari dira Ahotsak.com ekimenekoak, Andoainen eta Urnietan.

Ahotsak.com duela hamar urte jaio zen; hasiera batean, Debako eskualdeetako ahozko ondarea eta herri hizkera biltzeko asmoz. Baina urteekin esparru geografikoa zabaldu egin zuten, Gipuzkoara lehenbizi eta Euskal Herrira osora ondoren. Gaur egun 70 urtetik gora dituzten euskal hiztunekin egindako elkarrizketa-hizketaldiak bideoz grabatzen dituzte Ahotsak.com-eko kideek, gero, herri bakoitzeko hizkera eta ahozko ondarea, pasarteka, gaika, eta geografikoki sailkatuta beraien webgunean jartzeko (www.ahotsak.com).
Ekimen hau gauzatzen ari den Badihardugu Euskara Elkarteko kideek dagoeneko 2.000 pertsonatik gora elkarrizketatuak dituzte Euskal Herri osoan.  

TESTIGANTZA BILA
URNIETATIK ANDOAINERA
Gure eskualdeari dagokionez, Urnietako etxe eta baserrietan ibili da azken asteetan Ainhoa Ansa, adineko herritarrak esandakoak jasotzen, eta dagoeneko ia berrogeira iritsi da elkarrizketatutako pertsona kopurua.  Aste honetan bertan hasiko da Ainhoa Andoaingo adinduak elkarrizketatzen, baina ez da erraza denengana iristea eta lan horretan herritarrek eman dezaketen laguntzak garrantzia handia du. Horretarako nahikoa da familiako, lagun, auzoko edo ezagun duzun adineko horren berri Ainhoari ematea, honako telefonora deituz: 647 316 827. Handik aurrerakoak berak egingo ditu. Urnietan oraindik elkarrizketatu gabeko norbaiten berri ematea ere gustura hartuko du.
Gure artean bizirik dirauen belaunaldirik zaharrenaren testigantza hauek jasotzeak duen garrantziaz oharturik Gipuzkoako Diputazioa eta Kutxaren laguntza jaso berri du Ahotsak proiektuak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!