Garraio zerbitzua dohainik auzoetako adinekoentzat

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ots. 25a, 09:31

Auzuneetan eta baserri eremuan Andoain eta Urnietako herrigunetik urruti samar  bizi diren adinduei begira, Udalek sustatutako garraio zerbitzua martxan dago. Bidez bide du izena. Zerbitzu hori eskatzen duen Andoaingo edo Urnietako adinekoak telefono dei batekin Begoña Berastegi gidaria etxeko atarian izango du, behar den tokiraino eramateko. Eta dohainik, gainera.

Bidez bide garraio zerbitzua eskualdeko auzuneetan eta baserri eremuetan bizi diren helduei eta ezinduei zuzendutako zerbitzua da, eskualdeko udalek eta Behemendi Landa Garapeneko elkarteak finantzatzen dutena.
Jakina baita Urnietako Ergoien, Lategi, Goiburu eta Oztaran auzoetan eta baita Andoaingo Leizotz, Buruntza, Sorabilla eta Goiburu auzoetan ere adineko jende asko bizi dela baserri eta etxebizitzatan. Anbulategia, Zaharren egoitza, masajista... Udal zerbitzu gehienak urrun dituzte. Zailtasun horiek saihesteko azken urteetan garraio zerbitzua martxan jarri da, adinduek eta ezinduek dohainik erabil dezaketena.
Begoña Berastegi "Bidez bide" zerbitzuko gidaria da egitasmoa martxan jarri zenetik. Andoainen, Urnietan eta Hernanin dabil, bere beharra eskatzen duten deiei erantzunez. Garraio zerbitzua adinekoentzat eta ezinduentzat dohainik da. Berarekin harremanetan jartzeko telefono zenbakia hauxe da: 626 136 976.
Lorea Yeregi gizarte langilea eta egun hauetan Andoaingo auzuneetan etxez etxe dabil Udal zerbitzuen berri ematen, “Andoainen garraio zerbitzuaren berri emateaz gain, bisita horietan eguneroko bizitzan dituzten beharrak aztertzen ditut. Kasu batzuetan etxeko lanak egiteko laguntza eskura dezakete, besteetan pentsioa kobratzeko aukera dutela jakinarazten diet. Funtsean eskuragarri izan ditzaketen zerbitzuen berri ematen diet”.
Andoainen gehienek ere ezagutzen omen dituzte Udal zerbitzuak zeintzu diren, “neuk informazio orokorra eskaintzen diet eta ondoren Udaleko Gizarte Zerbitzuen lansailean informazio zehatza ematen diete”.

garraio zerbitzua
erabiltzeko gonbitea
“Herrigunera jaitsi eta bertan dauden zerbitzuez baliatzea da dohainik eskaintzen den garraio zerbitzuaren helburu nagusia. Adinean gora doazenak edo ezintasun bat duten pertsonak isolamendutik ateratzea nahiko genuke. Haietako asko kanpoan bizi diren senitartekoekiko dependentzia handia dute eta jakin behar dute Udalak astelehenetik ostiralera garraio zerbitzua ziurtatzen dietela etxeko ataritik bertatik. Garraio zerbitzua astelehenetik ostegunera goizez dabil eta ostiraletan, arratsaldez. Pertsona horiei guztiei autonomia maila handiagoa eskaintzen diegu. Hori bai, garraio honetaz baliatzeko bi egun lehenago deitu behar dute 626 136 976 Begoña Berastegi gidariaren telefono zenbakira”.
Medikura joateko, erosketak egiteko, udaletxera joateko... eskualdean barrena nonahi erabil daiteke zerbitzua. Baita, Lorea Yeregik dioen bezala, “baserri batetik bestera joateko ere. Zaharren egoitzara ez dira jaitsiko baina gertuko baserrietan bizi den senide edo lagun bat bisitatzeko aukera dute garraio zerbitzu honen bidez. Bakoitza bere etxean bakartuta egon beharrean, hobe elkarrekin egoteko moduak eskaintzea”. Baliagarritasun handiko zerbitzua da, beraz.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!