Manu Etxezorturi Andoaingo gazteek egindako elkarrizketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ots. 21a, 20:38

Nerea Ormaetxea, Leire Montero, Maialen Larrazabal, Axel Garcia, Aritz, Naia eta Naiarak Aita Larramendi Ikastolan eta La Sallen ikasten dute. Asteazken arratsaldero ordea, komunikazio tailerrean parte hartzen dute. Aurreko astean, Manu Etxezortu Euskadi Irratiko esatari andoaindarrari elkarrizketa egin zioten. Gustura aritu ziren gazteak lanbidearen, herriaren eta kazetariaren gustuen inguruko berriketaldian.

Gaztetatik kazetaritzan murgilduko zinela uste al zenuen?

M.E: Nire kasuan bokazionala izan da lanbidea  aukeratzea. Betidanik nahi izan dut kazetari izan. Betidanik, irrati entzulea izan naiz, uste dut horixe izan dela kazetaritzara gerturatu nauena. Txikitatik irratia izaten genuen egun guztian piztuta sukaldean, telebista egongelan baikenuen. Era guztietako saioak entzuten nituen, kirolak, magazineak, albisteak...Oso harrigarria iruditzen zitzaidan tramankulu hark hotsak eta ahotsak  eskaintzea. Garbi nuen, haietako bat izan nahi nuela.

Garai hartan zeintzuk izan ziren erreferentzia irratigintzan?

M.E: 80ko hamarkadaren hasieran, arratsaldez, euskarazko saioak ematen hasi ziren Herri Irratian, eta hantxe zaletu nintzen, 18etatik 24etara. Izen propioak ematekotan, garai  hartan lanean ari ziren Txaro Arteaga, Maialen Iriarte, Xabier Montoia, Eneko Olasagasti...Gerora, Euskadi Irratia martxan jarri zenetik, 82ko udazkenetik, saio guztiak entzuten nituen. Martin Tejeria, Kostaldeko Trena saioa egiten duena adibidez. 80ko hamarkada amaiera aldera beste belaunaldi bat hasi zen lanean, Jaime Otamendi,Arantxa Iturbe...gerora beraiekin lan egiteko aukera izan nuen.

Euskadi Irratian zenbat urte daramatzazu? Aurretik beste komunikabideren batean aritua al zara?

M.E: Euskadi Irratian 20 bat urte daramatzat lanean, Kazetaritzako azken urtean nengoela ordezkapenak egiten hasi eta bi hamarkada daramatzat bertan. Telebistan urtebetez aritu nintzen bekadun, kolaborazio txiki batzuk egin izan ditut...

Hasierako irratsaioetan, lotsatu izan al zara inoiz mikroaren aurrean? Nola bizitu zenuen momentu hori?

M.E: Ikasi arte kosta egiten da. Okerrena dudan oroitzapena nire ahotsa lehen aldiz entzun nuenekoa da. Irudiarekin berebera gertatzen da, ez baitzaude zure ahotsa edo irudia grabatuta entzutea.

Zuzenean zaudela izan al duzu inoiz barreari eutsi ezineko egoerarik? Zein izan da jasotako deirik harrigarriena?

M.E: Barrearenari dagokionean, urte asko egin ditut albistegietan. Momentu gogor eta serio asko kontatzea tokatu zaigu, horrelakoetan sarritan gertatzen da barreari eutsi ezina baina ikasi egiten da guztia. Deiena baino gehiago, kalean gertatu izan zait nire ahotsez ezagutzea jendeak.

Unean uneko informazioa kontatzean, istripu larriren bat  kontatzeko garaian nola sentitu zara?

M.E: Mikrofono aurrean urduri jartzen zara hasieran baina gerora kontrolatzen ikasten duzu. Gogoan dut Madrilgo atentatuak gertatu zirenean, zuzenean lanean ari nintzen. Ez genuen sinesten zer gertatzen zen eta ezin ginen jabetu atentatuaren neurriaz. Lehendabiziko momentu haietan, berriak gainditu egin gintuen. Jendearen testigantzak bildu, gertakaria zehaztuz... bat eta beste aritu ginen eta etxera joan arte ez nintzen jabetu benetan zenbaterainokoa izan zen. Kanpotik hotzago ikusten da.

Inoiz izan al duzu arazorik beste komunikabideren batekin? Nolakoa da mantentzen duzun harrremana?

M.E: Ez daukat aparteko kexarik. Beste komunikabideek ongi tratatzen gaituzte eta batipat euskarazko komunikabideekin harreman ona daukagu. Elkarlan handia dago, telebistako jendeak irratian kolaboratzen du eta alderantziz...Euskal Herria mundu txikia izanik eta euskarazko eremua oraindik txikiagoa izanik,badago konpetentzia bat baina baita elkarlana ere.

Andoaini dagokionez, non ikasi zenuen eta non pasatzen zenituen arratsaldeak?

M.E: 14urte bete arte Larramendi Ikastolan ikasi nuen, eta 90eko hamarkadatik egoitza berria dago baina, nik 83an amaitu nituen. Batxilerra egitera Donostiako La Sallera joan nintzen. Arratsaldeak ahal zen tokian pasatzen genituen. Kalean ibiltzen ginen, plazan, beheko plazan eta Arrate frontoian ere arratsalde asko pasatakoak gara. Ondoren beheko tabernetan gehienbat, Itzalan, Xaximetron, Txuri-beltzen, Sankris... aisialdirako ez zegoen toki askorik. Geroztik gauzak asko aldatu dira, hor dago Bastero...

Gaur egun, non igarotzen dituzu arratsaldeak?

M.E: Kalean ibiltzea gustuko dut, mendian ere bai apur bat, hondartza oso gustuko dut, Leizarango tren txikiko bidean paseatzera joaten naiz...hoiek dira aisialdiko nire planak.

Gauetan non ibiltzea gustatzen zaizu? Festatzalea al zara?

M.E: Festetan ibilia naiz eta ibiltzen naiz baina inoiz ez naiz festazale amorratua izan. Gure garaiko jendeak oso irudi berezia du Santakruzekin. San Juanak ere gustuko genituen baina oroitzapen politagoa dugu Santakrutzetakoa. Ekainean toki gehiagotan ere izaten direnez festak.

Zein festa zenituen gustukoago? Oroitzapen edo xelebrekeriarik gogoratzen al duzu? Zein da buruan duzun jaietako azken irudia?

M.E: Nahiko goiz erretiratzen nintzen horietakoa izan naiz. Batez ere Santakruzetan ibiltzen ginen gustura. Musika emanaldiak baziren... Andoainek 275 urte bete zituenean, kultur ekitaldi dexente antolatu ziren eta etorri zian Etxeberrietako futbol zelaira, Gabinete Karibai etorri zen. Gaztetxearen gaia puri-purian zegoen garai hartan, udaletxeak ez zuen pezetarik ematen, eta protestak izan zituen baina han izan ginen.

Kirola gustuko al duzu? Jarraipenik egiten  al diozu Andoaingo kirol taldeei? Zein izan da azkena ikusi duzun partida?

M.E: Kirolarekin izan dudan lotura hestuena, Leizaran eskubaloi taldean jokatu izandakoa da, 2-3 urtez aritu nintzen, jubeniletan. Bidasoaren kontra, Ereintzaren kontra... Partidu guztiak alde handiz galtzen genituen baina asumitua genuenez txarrak ginela ondo pasatzera joaten ginen. Kiroletarako oso baldarra izan naiz beti. Gogoan dut Bidasoari gol bat sartu eta zer poza sentitu nuen. Arrate frontoian entrenatzen genuen, astean bitan, eta ederki pasatzen genuen.

  Demagun Donostian zaudela eta norbaitek Andoainen zer moduz bizi zaren galdetzen dizula, Zer erantzuten diozu?

M.E: Primeran bizi naizela. Kanpokoek Andoain herri itxusia dela esan dezakete, akaso ez du izango ondare historikorik, edo kasko bitxirik, egitura aldetik dela zatar xamarra esango nuke. Baina baditu paraje zoragarriak, Leizaran,Buruntza, Beikoain... Andoainek badu bere xarma. Norbaitek esan izan dit nortasun gutxi duela baina kanpoan ongi saltzen dut herria. Niretzat herri zoragarria da.

 

 

 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!