Cohen taldeari elkarrizketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ots. 18a, 18:05

Disko kaxen artean topatu ditugu Cohen taldekoak Saroben duten lokalean. Instrumentuak, diskak, argazkiak... ikus genitzake bertan. Lehen lana  "20 Minutes To Collapse" kaleratu zuten, bost kantuz osaturiko maketa. Kontzertu mordoa eman izan dute Euskal Herrian eta Espainiako estatuan zehar. Toki txiki eta goxo honetan pasatzen dute ordu mordoa Usurbildar gazte hauek. Lanak ordea fruituak ematen omen ditu eta diska berria kaleratu dute. Diskaren aurkezpena  Donostiako Kafe Antzokian               izango da datorren  otsailaren 18an.

Nortzuk osatzen duzue taldea?

Cohen taldea Ruben (kitarra eta ahotsa), Beñat (kitarra eta koruak),  Karlos       (bateriarekin) eta Josebak (baxua) osatzen dugu.

Noiztik zabiltzate elkarrekin jotzen? Nola osatu zen taldea?

Ruben: 2005ean hasi ginen batera jotzen.

Beñat: Batera jotzen hasi baino lehen, norberak bere taldea zuen. Ruben, Joseba eta ni betidanik, txikitatik izan gara lagunak baina hasieran talde desberdinetan jotzen genuen. Karlos donostiako talde batekin aritzen zen, Joseba eta Rubenek beste talde bat egin zuten, nik ere banuen nire taldea Donostian, bakoitza bere eran zebilen lanean. Modu natural batean elkartu ginela esango nuke.

Nola definituko zenukete zuen musika?

Beñat: Eragin amerikarrak dituen hardcorea egiten dugula esan daiteke.

Ruben: Hardcoretik badu, rocketik ere bai, talde askotatik jasotzen dugu zerbait. Denetarik entzuten dugu, estilo desberdinetako musika gustatzen zaigu.

Zein talde dituzue gustukoen edo erreferente?

Beñat: Bakoitzak desberdinak, aquí cada uno es de una madre.

Joseba: Finch

Carlos: Refused

Beñat: Poison the well

Ruben: Hainbeste daude!

Carlos: Azkenean, lau edo bost talde ditugula eredu esango nuke.

Nondik dator Cohen izena, ba al du esanahi berezirik?

Joseba: Ez dauka misterio edo esanahi berezirik. Simpson marrazki bizidunen kredituetan, amaieran, gidoilari baten izena agertzen da beste askoren artean, Cohen. Idatzita ikusi genuen eta bisualki gustatu zitzaigun gehienbat.

Ruben: Momentu hartan,kontzertu bat sortu zitzaigun eta ez geneukan izenik.  Bapateko gauza bat izan zen.

Beñat: Erabaki beharra zegoen, zerbait motza eta belarrira ongi sartzen zena izan behar zuela esaten genuen. Bakoitzak bere esanahia emango dio. Nik adibidez, txikitan Leonard Cohen asko entzuten nuen eta horrekin erlazionatzen dut. Bakoitzak berea bilatzea da kontua.

Disketxeren baten pean lan egiten al duzue ala autoprodukzio lana izan da esku artean dugun diska berria?

Joseba: Disketxe baten laguntzarekin kaleratu dugu. Lengua Armada da bere izena, Madrilen dago. Maketa mordoa bidali genion, berak erantzuna eman, kontaktuan jarri eta hemen dugu esku artean lana.

Beñat: Bai, nahiko naturala izan da ibilbide guztia. Mila disketxe desberdinetan saiatu ginen, AEBra ere bai... Erantzun batzuk jaso genituen baina Lengua Armada izan zen apur bat aurrerapausua eman zuena edo interesa jarri zuena.

Ruben: Bai, egoera desberdinetan aurkitzen ziren disketxeak. Batzuek diru gutrxirekin zebiltzan, izan ere, garairik okerrenean atera dugu diska, egoera nahiko kaxkarra dago. Musikaren industria oso gaizki aurkitzen da momentu honetan. Ia inork ez du diskarik erosten...

Joseba: Guk, 500 kopia atera ditugu, hortik aurrera oso zaila dago. Jendeak internetetik jaisten du...ezin zara tirada handi bat ateratzera arriskatu.

Ruben: Salmentak ondo badoaz, ikusiko dugu, akaso beste 500 aterako ditugu. Gaur egun, disketxeek ez dute arrisku handirik hartzen.

Nola ikusten duzue egungo musikaren merkatua?

Ruben: Gure merkatua nahiko mugatua da.

Beñat: David Bisbalentzat gaizki baldin badago, imaginatu guretzat!

Ruben: Guretzat ez dago merkaturik. Beste era batera funtzionatzen dugu. Gure salmenta modua undergroundagoa da, kontzertuetan, my spacean lagunak egiten ditugu...Gehiena kontzertuetan saltzen dugu.

Beñat: Kamixetak adibidez, oso azkar saltzen dira baina diskak saltzea asko kostatzen da. Onartu beharra daukagu azkenean interneten bukatuko duela eta horretara moldatu edo atzean gertzen zara. Bide horretatik etekina ateratzen saiatzen zara edo bestela galdu egingo ginateke.

  Disketxe handien menpetik haratago posible al da norberak bere bidea egitea?

Ruben: Bai noski, talde asko daude.

Joseba. Edo disketxe txikietatik so urrutira heldu diren taldeak ere badaude.

Beñat: Beraiek disketxe bihurtu direnak ere ezagutzen ditugu.

Joseba: Merkatua txikiagoa izaten da baina akaso hobea. Guztia zure kontrolpean eramaten duzu.

Beñat: Bai, lan asko suposatzen du baina guztia zure eskuetatik pasatze horrek naturalagoa egiten du ibilbidea. Lan ikaragarria suposatzen du produkzioa, distribuzioa, kontaktuak aurkitzea, saltzea...Lana handia da baina hori baldin bada zure bizitza guztiaeta prest baldin bazaude egiteko askoz hobe, kontrolpean daukazulako guztia.

Joseba: Disketxe handi batean baldin bazaude beste ehundaka talderekin, ez dute zuretzat hainbeste interes erakusten. Gutxi batzuekin egiten dute lanik gehiena. Alderantziz, talde gutxi baldin badaude disketxe txiki batean, askoz lan gehiago egiten da talde guztiekin.

Beñat: Aukeraketa egiterakoan aspektu horri ere begiratzen genion, hau da, guk hautatutakoak adibidez, lau edo bost talderekin egiten du lan eta ongi maneiatzen ditu guztiak.

2005etik toki askotan eskaini dituzue kontzertuak, nodik zehar ibili zarete? Zein izan da eman duzuen kontzerturik gogoangarriena?

Ruben: Ibilbide nahikoa badugu aurretik egina, Euskal Herrian, Salamankan, Bartzelonan, Mallorkan...Abioia hartu eta han joan ginen, esperientzia berri bat izan zen hura. Ederra benetan.

Bat gogoratzekotan, akaso, behin Urnietan, Deloreanekin eman genuen kontzertua esango nuke. Maketa kaleratzear zela esakini genuen.Kaleratzerakoan atzerapenekin ibili ginen, fabrikako arazoak zirela medio, baina ederra izan zen egun hura. Kalean jende pila zegoen eta etxean jotzeak beti sentimendu berezi bat sortzen du.

Beñat: Bartzelonan ere hiru alditan izan gara. Kanpokoa izanda lokala hain betea ikusteak ilusioa egiten du.

Ruben: Gainera, aurreko kontzertuetan izandako aurpegiak ezagun egiteak poza ematen du

  Cohenez gozatu nahi duen edonork, nora jo beharko du, hau da hurrengo kontzertua non izango duzue?

Hurrengo kontzertua diskoaren aurkezpen kontzertua izango da. Ostiralean izango da, otsailaren 18an, Donostiako Kafe Antzokian izango da.

Beñat: Otsailaren 26 eta 27an Madril aldera joatekoak gara. Lehen kontzertua gainera Berri Txarrakekin egingo dugu. Lehen aldia da hara goazela eta jendeak interesa baldin badu izango du aukera Cohen ikusteko. Aurrea begirako ibilbide edo tourra orain ari gara prestatzen egia esan.

Carlos: Bai, juxtu oraintxe ari gara deiak egin eta kontzertuak lotzen.

Ruben: Baionara joatekoak gara, Barakaldon ere joko dugu, maiatzean akaso berriro Bartzelonara joango gara. Euskal Herritik kanpo kotaktuak dituen lagun bat badugu eta ea ezer lortzerik badagoen.

Carlos: Momentuz, Berri Txarrakekin jotzeak ilusioa egiten du. Lauroi asko gustatzen zaigu taldea eta hasieratik badakigu jende asko izango dela talde ezaguna baita berau.

Beñat: Bai, izugarrizko errespetua ematen du, normalean, jende gutxiagoren aurrean aritzen gara.

Joseba: Normalean, 100-200 lagun inguru biltzen dugu.

Beñat: Bi pertsonentzat ere jotakoak gara. Bartzelonan ibili eta bira bukatzeko Santurtzin lotu genuen kontzertua. Erabat nekaturik han aritu ginen,bi lagunentzat.

Ruben: Bertako talde batekin aritu ginen gainera, baina ez zuen jarraitzailerik eraman.

Nor nahiko zenukete zuen telonero izatea? Noren telonero joko zenukete gustura?

Beñat: Beno, Linkin Park adibidez (barrez).

Carlos: Beno, oraingoz, Berri Txarrakekin jotzeak listoia altu jartzen du , agian, kanpoko talde handiren bat.

Beñat: Nik uste, beti izango dugula ilusioa talde amerikar handi batekin jotzeko.

Ruben: Guretzat influentzia izan den edozein talderekin. Poison the Well, Nirvana bera.

Beñat: Eta guretzat edozein talde da egokia telonero bezala. Talde txikia gara eta berdin zaigu norekin jotzen dugu. Denetarik ezagutzea tokatu zaigu.

Zorionak eta segi horrela!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!