Guztira, 28 bikote arituko dira lehian. Bertokoez gain, Espainiatik, Frantziatik eta Portugaldik ere etorriko dira parte hartzera. Horietako batzuk, gainera, goi-mailako arrantza txapelketetako irabazleak dira, esaterako, Jonathan Torralbo andoaindarra, Munduko txapeldunordea. Era berean, Aitor Urruzuno gipuzkoarra Europako zein Espainiako txapelduna da eta munduko lehiaketan maiz hartu du parte. Espainiako txapeldunak dira baita ere Arkaitz Martín andoaindarra eta Jordi Oliveras kataluniarra. Andoaingo Masterrean izango dira, halaber, Olain Irizar eta Unai Urkia, biak Euskadiko txapeldunak, Helder Rodrigues, Portugalgo txapelduna, eta Escaffre Robert, Frantziako txapelduna.
Leitzarango uretan murgildu aurretik, ostegunean iluntzeko 20:00etan Udaleko ordezkariek harrera egingo diete arrantzaleei udaletxearen arkupeetan.
Txapelketa ostiral honetan hasiko da
Ibai-tarteak zozketatuko dituzte 08:00etan, Leitzaran Bisitarien Etxean, Otieta Parkean. Lehen egunean lau txanda izango dira, 09:00etan hasi eta 17:30era arte.
Larunbatean, hilaren 20an, beste lau saio izango dira, 17:30ak arte. Ostean, 20:00etan, Gaztañaga sagardotegian, III. masterreko irabazleen izenak jakinaraziko dituzte eta garaikurrak banatuko zaizkie.
Azkeneko egunean ere arrantza egiteko aukera izango dute partaideek, barruti intentsiboan. Aurreko egunetan bezala, Leitzaran ibaiaren edertasunaz gozatu ahalko dute, baina oraingoan txapelketaren presiorik gabe.