Buruntzako aztarnategia kultura ondasun

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ots. 18a, 14:22

Eausko Jaurlaritzak kultura-ondasun deklaratu berri ditu Buruntzako eta Anoetako Basagain esparru gotortuak, monumentu-multzo kategoriarekin.

Kristo aurreko milurtea hartzen duen Burdin Arokoak, hau da, historiaurreko azken garaikoak dira Basagain zein Buruntzako gotorlekuak. Gipuzkoan aurkitu dituzten burdin-aroko zortzi gune arkeologikoen barnean sartzen dira; bi horietan lortu da, hain zuzen, garai hari buruzko informaziorik aberatsena.

Burdin aroan munduan zehar goi mailako hainbat zibilizazio eta kultura (Grezia, Egipto, Hego Amerikako hainbat herrialde...) garatu ziren bitartean, Euskal Herriko eta batez ere Gipuzkoako gizakiak zertan ibili ziren jakin ahal izateko aukera ematen ari dira aztarnategi horiek.

Burdin Aroan, inguru hauetako biztanleak denak artzainak zirela eta isolaturik bizi zirela zioen mitoa hausteko balio izan dute besteak beste, herri-harresitu horiek. Alegia, nekazari eta merkatari ere bazirela orduko euskal biztanleak, kanpotik heldutako teknologi berriei esker.

Buruntzako
herri-harresitua

Aranzadi elkarteko Carlos Olaetxea arkeologoak gidatu zuen Buruntzako gotorlekuaren indusketa, 90eko hamarkadan (Leiçaur 5 aldizkarian idatzi zituen bere ondorioak). Olaetxearen arabera, bere okupazio nagusia kristo aurreko V. eta IV. mendeetan eman zen; bertan aurkitu da Gipuzkoako dataziorik zaharrena.

Buruntza mendiko gurutzetik gertu, bere hego-magalean, 400 metroko desnibelean dago aztarnategia. Herrixka gutxi landutako harresi batek inguratzen zuen arren, egun, nahiko eskasak dira bere aztarnak.  Bertan eraikitako etxeak egurrezkoak eta buztinezkoak ziren eta ez da euren aztarnarik gelditu. Aurkitu ziren hondakinen artean aipa daitezke zutabe euskarriak, harri-lerroak, harrizko eta metalezko materialak, zeramikak eta espezieren baten hezurrak.

Buztinez egindako ontzien pieza hautsiak izan baziren ere gehien agertu zirenak, ez da baztertu behar gainerako materialaren garrantzia Gipuzkoako gizakiaren protohistoria berreraiki eta ezagutzeko; besteak beste, lau suharri landu, labe-ontzi batekoak izan daitezkeen kobre eta brontzezko zatiak, belarjale baten hagin punta bat eta Bos Taurus baten aurreko hagin bat...

Olaetxeak ondorio gisa orduan adierazi zuenez, “aire zabaleko bizilekuetako bizimodua Brontze Aroko bizimoduaren iraupeneko kobabazuloetakoa baino askoz ere garrantzitsuagoa zela esan daiteke”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!