Sorgin-orratzak garaile, Mandeuliak bigarren

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ots. 17a, 17:16

Joan zen otsailaren 13an, Beterriko III. Bertsolari txapelketaren finala jokatu zen Amasa-Villabonako Irrintzi elkartean.

Argazki gehiago ikusi

Sorgin-orratzak batetik (Iñaki Apalategi, Ander Lizarralde eta Unai Muñoa). Mandeuliak bestetik (Iñaki Gurrutxaga, Jon Martin eta Haritz Etxeberria ‘Ministro’ –Agin Rezolaren lekuan–). Bi bertsolari talde; sei kantari gazte guztira. Irrintzi elkartea ikuslez nahiz kameraz lepo bete zen. Besteak beste, bertan ziren www.bertsoa.com guneko kideak eta baita EITBko ‘Hitzetik hortzera’ saiokoak ere. Jakin-min handia piztu zuen finalak eta giro aparta sortu zen bi ordu pasatxo iraun zuen emanaldian zehar. Ikusleen botoek hala erabakita, –alde nabarmenarekin–, Sorgin-orratzek jantzi zuten txapelketako logotipo dotorearekin brodatutako txapela. 300na euro ere jaso zituzten Larramendi Bazkuneko nahiz Udaleko ordezkarien eskutik. Bigarren postua Mandeuliek eskuratu zuten eta Iñaki Gorostidik harrian prestaturiko oroigarria izan zuten opari, 100 euroko diru-sariarekin batera. Ederki aritu ziren bi taldeak, Amaia Agirre bertsolariaren esanetara.

Agur originalak
Txapelketaren bereizgarrietako bat etxetik agurra prestatuta ekartzea bada, final handian ere ez zuten hutsik egin bertsolariek eta Inauteri jaien atarian, arrazoi gehiagorekin beharbada, mozorro alaiekin ekin zioten saioari. Sorgin-orratzen taldeak eman zion hasiera emanaldiari: Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoez jantzita eta haien paperean sartuta. Pailazo ezagunen kantuen doinuetatik abiatuta, emanaldi umoretsu bezain originala eskaini zuten, ikusleen parte hartzea ere bultzatuz: izan ere, bertaratuen galtzerdiak biltzen jarri baitzituzten bi bolondres mahaiez mahai. Bigarren taldeak, mandeulienak, esperimentu bitxia ekarri zuen. Norbanakoaren nortasunari eutsiz, trukatu egin zituzten hiru bertsolariek euren izenak eta izanak. Saio osoan mantendu zuten, gainera, ondokoaren papera. Buda Txikiz mozorrotuta etorri zen Iñaki Gurrutxaga eta Jon Martinen azalean aritu zen saio guztian zehar. Jon Martin, ileorde hori luzea jantzita, Haritz Etxeberria ‘Ministroren’ paperean aritu zen eta, ‘Ministro’k, txirrindulariz jantzita, Iñaki Gurrutxaga ordezkatu zuen. Dudarik gabe, saiakera bitxia eta polita egin zuten, nahiz eta hasiera batean behintzat, ikus-entzuleei kosta egin zitzaien paper aldaketa hori ulertzea.

Galderak ikus-entzuleei
Ariketa eta gai xelebre ugari izan zen saioan zehar. Hala ere, bat nabarmentzekotan, ikusleei zuzendutako bi galderei emandako erantzunen inguruan abestea umoretsua izan zen bereziki. Saioa hasi aurretik, talde bakoitzeko hirukoteari begira, bi galdera banatu zizkieten antolatzaileek bertaratuei: Batetik, “Nork uste duzu daukala bizitza sexual aktiboagoa?”. Eta bestetik, “Nork uste duzu pasa duela denbora gehien ispiluaren aurrean prestatzen saiora etorri aurretik?”. Sorgin-orratzen artean Lizarraldek jaso zituen sexualki aktiboena delakoan, boto gehien. Ispiluaren aurrean, berriz, Muñoak irabazi zuen. Mandeulien artean, bi galderatan, Jon Martinek jaso zuen botorik gehien, alde handiarekin. Gurrutxaga izan zen, beraz, emaitza hori aurrena defendatu zuena. Erantzun umoretsu eta bat-bateko irteera ironiko bezain bero ugari izan zen. Besteren artean, Unai Muñoak bularraldea pare batean erakutsi eta Ander Lizarralde ataka estuan jarri zuen behin eta berriz.

Ezpain irakurketan
Besteak beste, Iñaki Apalategi eta Jon Martin (‘Ministro’) elkarri ezpainak irakurriz bertsotan aritu zirenekoa ere oso une polita izan zen, giro ederra sortu zen eta txalo zaparrada ederra jaso zuten biek ala biek ikusleen eskutik. Lizarraldek eta Martinek (Gurrutxagak) abestu zuten kartzelako gaia. Gai bitxia: Dena desberdin ikusten zuten egunean, pertsianak igo, balkoira atera, kaiolatik txoria aske utzi eta lorontziko lorea zelaian landatu zuten bertsolariek. Bertso onak abestu zituzten, gaiari umore ukiturik eman gabe oraingoan. Gainerako ariketen artean, ohi denez, zalaparta sortu zen segidillan jendartean kantuan hasi zirenean ere. Muñoa eta ‘Ministro’ (Martin)-en txanda izan zen mahaiz mahai ibiltzea eta herritar nahiz kanpoko, errepasoa eginda atera ziren batzuen batzuk. Badaezpada, komunean gorde zenik ere izan zen.

Eskerren txanda
Ikusleek nahikoa barre egin ondoren eta bertsolariek txalo ugari jasota amaitu zen Beterriko III. Bertsolari txapelketa. Amaia Agirrek agurrean esan bezala, “hurrengo urtera arte”. Irrintzi elkarteko kideentzat esker oneko hitzak izan ziren amaieran, lekua utzi izanagatik, afari goxoa prestatu eta horrenbeste bazkide lanean aritzeagatik. Larramendi Bazkuna ere gogoan izan zuen Amaia herritarrak.

Bertsolariak pozik eta gustura
  • Sorgin-orratzak:
    "Txapelketa polita da”


    Saioaren amaieran pozik eta gustura agertu ziren Sorgin-orratzak taldeko kideak, “Dagoeneko kariñoa hartu diogu Beterrikoari, txapelketa polita da”, azaldu zuten. Aurten, Asteasuko Aitz-Ondo elkarteko kanporaketan parte hartzea egokitu zitzaien aurrez, Labezomorroak taldearen aurka (Uranga, Labayen eta Izagirre). Nabarmen gailendu zitzaizkien. Irrintziko saioan Aitz-Ondokoan baino giro beroagoa sortu zen Lizarralderen ustez, “ez dakit jendeak hobeto pasa ote duen gaur, baina giroa beroagoa izan da”. Asteasura bezala, oso prestatuta ekarri zuten Amasa-Villabonara ere agurra. “Guk bi gauza ekarri ditugu saioetara: agurra batetik, eta Muñoaren ama bestetik… Agurra lantzea garrantzitsua da, batez ere ondo pasatzeko eta saioa ondo hasteko”, gehitu zuen Lizarraldek. Muñoaren esanetan, elkarrekin biltzeko ere aitzakia polita da aurreko prestaketa, “burua martxan jarri eta ideia mordoa ateratzen da, elkarrekin afaltzearekin batera”.
  • Mandeuliak:
    “Oso ondo pasa dugu”


    Bigarren postuan geratu ziren Mandeuliak taldeko kideak ere gustura ageri ziren, “hasieran agian jendea hotz samar egon da horrenbeste kameraren aurrean, baina giroa goxatu egin da gero eta gure artean ere oso gustura ibili gara”, ‘Ministro’ren esanetan. Etxetik prestatuta ekarritako agur bitxiaren inguruan, ordea, zalantza geratu zitzaien; ondo iritsi ote ziren jendearengana, bakarkako lanean aritu zirenean batez ere, “hala ere, gure artean oso ondo pasa dugu”. Haritz Etxeberria ‘Ministro’ bi talde ezberdinekin aritu da txapelketan zehar, “biekin ordezko bezala, ordea”. Hala ere, beste taldekideekin batera, gustura aritu zela agerikoa zen. Aurrez  Zizurkil Goiko kanporaketan hartu zuten parte Mandeuliek (Martin, Gurrutxaga eta Rezola) eta Armiarmek (‘Xamoa’, ‘Ministro’ eta Lizaso). Emaitza ia parekatuta geratu arren, Mandeuliek egin zuten aurrera. Txapelketako bigarren onenek.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!