Jon Barrondo erremontista

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ots. 17a, 17:13

Iaztik mina hartuta zegoen Jon Barrondok urtarrilaren 30ean esan zion agur zesta puntari 26 urteren ostean, Andoainen eskaini zioten omenaldiaren bitartez.

Zer moduz eskuin besoa, lehenengo eta behin...
Orain urte eta erdi hautsi zitzaidan eskuineko bizepsaren tendoia, eta harrezkero agindu dizkidaten errehabilitazio ariketa guztiak egiten aritu naiz. Baina jada medikuek esana didate eginak dauzkadala egin beharreko lan guztiak.
Kontua da denbora horretan besoa bolumena eta indarra berreskuratzen joan den arren, gero zestoa hartu eta pilotalekura frogatzera joan naizenetan, ez didala behar bezala erantzun.  

Kirola erabat uztekotan orduan?
Ez inondik ere. Bizitza normala egin dezaket, besoa gehiegi behartu gabe, noski. Palan agian ez, baina frontenisean jokatzeko moduan izango naiz. Ez dut uste profesionaltasuna utzi eta lur jota geratzen diren kirolari horietakoa naizenik. Alde horretatik, ez naiz geldi egonean geratuko; beti egingo dut kirolen bat. Nola edo hala zesta puntara lotuta jarraitzeko gogoa ere badaukat.

Kostata hartutako erabakia izan da erretiroa hartzea...
Benetan etsigarria izan da bizitu dudan prozesua mina hartuz geroztik. Beti eduki dut itxaropena besoa onera etorriko zela eta pilotalekuetan hasiko nintzela; beste bost bat urte gehiago, 45 urte bete arte jarraitzeko mentalizatuta nengoen. Usteak ustel, ordea. Horrexegatik, izugarri kosta zait nire buruari kito esatea.

Eta erabakiaren ostean, omenaldia.
Nire izaera ez doa horrelako ekitaldi publikoekin, baina noski poztu naizela era horretan gogoratu izana nirekin. Hasieratik Master Jai enpresak eta ETBko kiroletako Pedro Mari Goikoetxeak interesa jarri zuten omenaldia egiteko, eta Andoaingo Udala ere biltzea lortu zuten.
Pena handiena zesta punta uzteko modu honexek eman dit. Izan ere, beti pentsatu izan dut pilotariz jantzita bukatuko nuela ibilbide profesionala. Buruz egina naukan sekuentzia: nire pilotakideek Arraten jokatu zuten partida horretan parte hartu, azken tantoa jokatu, zestoa eskutik askatu, kaskoa burutik kendu, eta kito.  

Nolako bizipenak ekarri zizkizun omenaldiak?
Une txarrak pasa nituen, egia esanda. Izan ere, tanto ikusgarri bat egiteagatik txaloak jasotzea merezitako gauza bat da, eta bestea, berriz, kaleko arropaz eta modu horretan txaloak jasotzea... Gutxi behar izan nuen emozionatzeko, lurrera begiratu behar izan nuen maiz malkotxoak-eta ez zitezen irten. Orduan ezin izan nuen adierazi, baina denekin sentitzen naiz esker oneko: Udal patronatua eta Udalarekin, Master Jai enpresarekin eta ETBrekin, eta batez ere, Arrate frontoira azaldu ziren lagun zaharrekin, gazte-gaztetatik jarraitu nautenekin edo telebistako ikusleekin.

Arrate frontoian bertan hasi zinen zesta puntan...
Gazteleku eskolak egundoko gazte pila mugitzen zuen 80ko hamarkadan. Lekunberri, Zarautz, Noain, Doneztebe..., edonondik etortzen ziren gazteak eskolara. Maila handia zegoen, eta hortik askok munduko hainbat frontoitarako jauzia eman zuten. Frontoia goizeko 08:00etatik 14:00etara hartzen genuen egunero. Egun, astero ordu eskas bat eskaintzen zaio zesta puntari, eta pentsa nola aldatu diren gauzak...

Nondik nora ibili zara 1984an debutatu zenuenetik?
16 urtez debutatu nuen, eta hurrengo urtean jada AEBan ari nintzen jokatzen. Hango frontoietan aritu nintzen, hiru urteko greba latza ere bertan irentsi nuen; udan besterik ez ginen etortzen orduan Euskadira, partidak jokatzera. Mexikon beste bi urte eta erdi egin nituen, eta 1966az geroztik Euskadiko frontoietan aritu naiz. Azken urteetan kanpora soilik AEBra edo Filipinetara joan izan gara, torneoren bat edo beste jokatzera.
Irudipena dut, hala ere, zesta puntaren sasoirik txarrena bizitu dudala; bere gainbehera ezagutu dut bete–betean, tartean hiru urteko greba zelarik.

Atzera begira jarrita, zer eman dizu zesta puntak?
Naizen guztia. Oso une atseginak eman dizkit, eta hamaika pertsona eta leku ezagutzeko parada eman dit. Gainera, hogeita bost urte hauetan elitekoen artean aritu naiz ia beti, lesioek errespetatu nauten bitartean.  
Ez daukat zertan kexaturik; nola kexatuko naiz, bada, nahi nuen kirola praktikatu eta gainera hortik bizimodua atera badut? Berriro jaio ahal izanez gero, zestalaria izatea hautako nuke zalantzarik gabe. Inor kexatzekotan, Susana emaztea eta Iraia alaba kexatu beharko lirateke.

… eta zer kendu dizu?
Ezer kentzekotan, gazte garaian edozer egiteko aukera, eraman dudan bizimodu zorrotzak eraginda. Aita gainean edukitzen nuen zesta puntaren bidetik jarrai nezan; eskubaloian edo futbolean izena eman nuela ikusiz gero, atzetik etorri eta zesta puntara eramaten ninduen. Maiz, lagunak hondartzara joaten zirenean, nik berriz entrenatzera joan behar izaten nuen, Arratera ez ezik baita Gasteizera, Markinara… Zestoa besterik ez nuen buruan, eta behinik behin, eskolako kontutan aitak ez ninduen estutzen. Ondo jokatu eta partidak irabaziz gero, aita eta biok kontent jartzen ginen.
Asko zor diot aitaren jarrera zorrotz horri, baina bestalde, gaztetasuneko zenbait bizipen faltan botatzen ditut.

Munduan zehar ibilitako zestalariak etxera patrika bete diruz etortzearen fama izan dute beti…
Aspaldiko kontuak dira horiek! Baliteke Andoaingo herria erdia erosteko moduan etortzea nire aurreko belaunaldiak, baina neronek bizi, zesta puntaren gainbeheraren garaiak bizitu ditut, lehen esan bezala; pentsa, grebak urtetarako zorrak besterik ez zizkidan utzi!

Zesta puntaren gainbehera diozu…    
Espezialitate hori, egun, nik debutatu nuenean baino makalago dago. Hala ere, badago itxaropena laster susperraldi bat biziko duena. Baliteke Frantzia aldeko apustuen mundua zesta puntan sartzea… Hilabete gutxi barru jakingo dugu baieztatzen den ala ez zurrumurru hori.

SOSLAIA
26 urte egin ditu eliteen mailan Barrondok. Sekreturik ba ote duten galdetuz gero, “egunero entrenatzea” izaten da kirolari gehienen erantzuna. Barrondoren kasuan, ordea, alderantzizkoa gertatu da: “nik lehiaketa izan dut gogoko beti; kantxara zuriz irten eta jendea apustuak egiten sentitu. Entrenatzea, ostera, batere ez! Nahiko bitxia izan da nire entrenamendu sistema: partidetan gaizki nenbilenean bakarrik entrenatzen nuen. Aldiz, ondo nenbilenean pilotalekura ez nintzen arrimatu ere egiten. Egunero entrenatzen duten horiek nerbioa galtzen dutela iruditzen zait”.
Zestoarekin du zerikusia bere beste sekretu batek: “beste asko ez bezala, partidetako zestoa soilik partida ofizialetarako erabiltzearen aldekoa izan naiz beti”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!