Idoia Uralde, kantuz kantu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ots. 17a, 17:09

Idoia Uralde Oiarbide villabonatarra irakasle lanetan aritzen da goizez eta, arratsalde nahiz gau askotan, kantari ibiltzen da emanaldi ezberdinetan.

Duela zortzi urte, 18 urte zituela, Egan erromeria taldearekin kantuan hasi zen eta oraindik ere langintza horretan jarraitzen du, nahiz eta azaroaz geroztik Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen zuzeneko emanaldian ere parte hartzen duenez, Eganeko partaidetza bigarren pertsona batekin partekatzen duen azken boladan.
Eganekin kantari aritzea oso esperientzia polita dela adierazi du, “kantari moduan jende asko ezagutzeaz gain, gure geografia ezagutzeko ere oso modu polita da herriz herri kantuan aritzea”. Kantari lana oso gustuko du nahiz eta, gauetan bereziki, gogorra dela gaineratu duen; “Nafarroako erromeriak, esaterako, bost ordu eta erdikoak izaten dira eta gogorra egiten da azkenerako. Emanaldi gehienak udan izaten ditugu, baina neguan ere beti izaten da jaia egiteko aitzakiaren bat: Inauteriak, Donostia eguna…”. Lurraldez lurralde erromeriaren ohiturak ezberdinak direla sumatzen du kantari villabonatarrak, “toki batzuetan plaza jendez lepo betetzen da eta beste batzuetan kosta egiten da jendea gerturatzea. Bizkaian eta Iparraldean batez ere, asko mantentzen da kantuarekiko zaletasuna. Gipuzkoan justuago”.

Gaztelaniaz ere bai
Egan erromeria taldeak hainbat aldaketa izan du azken urteetan eta duela bost urte, bateria eta baxu-joleak bi dantzarigatik ordezkatu zituzten, “arrisku handiko erabakia izanagatik, emaitza oso ona izan zen; jendea dantza gogoz baitago egun. Arratsaldeko saioak haur eta gaztetxoentzat bideratzen ditugu eta gauekoak etortzen direnentzat”. Egun dantzari bakarra mantentzen dute taldean eta bateria-jolea ere bai, “jendeak ez baitzuen ulertzen organoak bateriaren papera ere betetzea”. Kantu errepertorio zabala dute eta kantu gehienak euskaraz abesten badituzte ere, ingelesez eta gaztelaniaz ere aritzen dira azken aldian. “Duela gutxira arte, talde euskaldun batek gaztelaniaz abestea ez zegoen ondo ikusita, baina orain onartu egiten da; tabernan ere gaztelaniaz abestutako kantu asko dantzatzen baita. Gainera, batzuetan herri erdaldunetara joatea ere egokitzen zaigu eta haiei eskaintzeko errepertorioa ere prest izan behar dugu”.

‘Irrien lagunak’ ikuskizuneko abeslari
Azken hilabeteotan abentura berri batean murgilduta dabil Idoia: Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekin batera, ‘Irrien lagunak’ emanaldian parte hartzen baitu, kantari lanean. “Orain artean aipatu pailazoen emanaldia antzerki modukoa izaten zen: hainbat pasadizo eta gertaera azalduz. Emanaldian zehar kantuak ere tartekatzen zituzten baina, play back-ean, zuzenean abestu gabe. Kantuekin sortzen zen ikusleen partaidetza indartu nahian eta gu Eganekin lan horretan ere aritzen ginenez, eurekin parte hartzeko gonbitea egin zidaten”. Xabier Zabala organoan duela aritzen da kantuan Idoia eta oso gustura gainera, “goizaldeko ordu txikietan baino askoz ere lasaiagoa da arratsaldez aritzea eta, umeak, oso esker oneko ikusleak dira gainera”. ‘Irrien lagunak’ ikuskizuna  antzerkia baino gehiago, musikala dela dio. “Hemezortzi abestiren bidez hainbat kontu azaldu eta dantzarako aukera eskaintzen dugu. ‘Irrien lagunak’ nahi duen ororentzako festa handi bat da” . Abesteaz gain, Idoiak antzerki pixka bat ere egiten du emanaldian zehar eta hasiera batean bere burua lan horretan ikusten ez bazuen ere, gustura ari da pixkanaka, “paper garrantzitsua emateaz gain, konfiantza handia erakutsi didate. Jende askok ikusten zaitu eta niretzat ohorea da”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!