Zorionak Joxe Manuel Iturriari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ots. 17a, 17:06

Joxe Manuel Iturria Alberdi 1910eko urtarrilaren 29an jaio zen Bidaniako Ipintza baserrian.
100 urte bete berri ditu Amasa-Villabonan.

Lanagatik etorri omen zinen Amasa-Villabonara…
Aurrena baserriko lanetan aritu nintzen eta oso gogoko nuen: segan, laian, atxurrean…, denetarik egiten nuen eta seme-alabei ere erakutsi nien.
Duela 50 urte pasatxo etorri nintzen baserritik kalera, Bidaniatik Amasa-Villabonara, fabrikan lan egitera. Aldaketa handi samarra izan zen. Hipocloritos fabrikan hasi nintzen, gerora Laga lantegia jarri zuten lekuan. Erretiroa kobratzeagatik, 68 urtera arte egin nuen lan fabrikan. Gerora ere bai, baina baratze nahiz lorategian, nire gisara. Beti gustatu izan zait lan egitea, orain ere hasiko nintzateke.

Baserrikoa lantegikoa baino langintza gogokoagoa?
Baserriko lana gehiago gustatu zait, baino diru gehiago ematen zuen kalekoak. Fabrikan, lexia eta bestelako produktuak egiten genituen papertegietarako. Makinaren aurrean aritzen ginen, baina ez zen leku itxia; azidoekin aritzen ginenez, usain handia sortzen zen eta korriente handia behar zen han.

Bidanian jaio, hazi eta ezkondu ere bai…
Bidanian ezkondu nintzen, 30 urte betetzeko nituela. Maximina Otaño izena zuen emazteak eta bertakoa zen. Zertarako joan kanpora andre bila, bertan edukita? Gertukoa hobeto ezagutzen da. Bidanian ezkondu eta Villabonako Kale Nagusira etorri ginen, seme gazteenak 10-12 urte zituela. Sei seme-alaba izan genituen. Gu bost anai-arreba ginen eta bi anaia bakarrik bizi gara.

Familia, lana… Lagunartea ere gogoko?
Musean aritzen ginen lagunartean. Mendira ere maiz joaten nintzen eta kalera oso sarritan. Orain bi urte utzi nion arratsaldero, kafetxoa hartuz, kalera ateratzeari. Ez naiz etxean geratzekoa izan.
Gazteak ginela, astelehenetan Tolosako feriara joaten ginen askotan: autobusean batzuetan, oinez gehiagotan. Tarteka, asteartean etxeratzen ginen… Beste era batera, baina lehengo aitonek ere egiten zituzten parrandak.

Asko aldatu al dira garaiak, ohiturak?
Bai horixe, denean gainera: garai batean, orain bezala, neska musurik ematen ez zenuen ikusiko kalean. Oso bekatu handia zen hori. Gaztea nintzela, Bidaniako festetan Dantza-sokan neskari eskua emateagatik elizatik bota zuten herritar bat. Lanean, parranda egiteko moduan…, denean aldatu dira garaiak!

100 urteotako garairik onena?
Jubilatu ondorena oso garai ona izan dut. 32 urtez lasai eta gustura ibili naiz. Berriz ere 30 urte hartuko nituzke nik orain.

Eta oroitzapenik txarrena?
Gerra ezagutu nuen eta baratzea genuenez, gose handirik pasa ez bagenuen ere, garai gogorrak izan ziren: baserri inguruan 15 egunez tiroka ibili ziren eta hildakoak ere izan ziren. Ni gerrara joan gabe libratu egin nintzen, bi anaiak eraman zituzten eta ni etxeko lanetarako utzi ninduten.
Gainerakoan, abuztua garai gogorra izaten zen; lan asko egitea egokitzen baitzen.

Zaletasunik bai?
Pilota partidak ikustea oso gustuko dut: binakako txapelketa orain. Juan (Martinez de Irujo) gustatzen zait gehien, indar handia dauka. Bestelako herri kirolak ere ikusten ditut: aizkora, esaterako. –Gaztetan aizkora apustuan ibiltzen ginen herriko festetan. Irabazi ere egin genuen urte batean–. Goenkale eta Mihiluze ere ikusten ditut tarteka.

Ba al da 100 urtera osasuntsu iristeko sekreturik?
Txintxoa izatea. Zuek ere txintxoak izaten bazarete, harrapatuko dituzue.
Apetitu onekoa izan naiz. Lehen ez zen ezer txarrik, gose gutxiago izaten dut orain. Bazkaritan ardo pixka bat edaten dut eta iazko maiatzera arte puru parea erretzen nuen egunean. Tamainan eginez gero, dena da ona.

SOSLAIA
Joan zen urtarrilaren 29an, pozik ospatu zituen 100 urteak Joxe Manuelek. Bisita asko izan zuen, “ostiral goizean jende mordoska eta arratsaldean 18 lagun etorri zitzaizkidan etxera. Hurrengo goizean ere bazen jendea, baita Bidaniakoa ere. Pozik ospatu nuen urtebetetzea, beste ehun ez ditut beteko eta”.  Sukaldeko txokoan zintzilikatuta gorde du ilobek egindako oparia: ‘1910-I-29 / 2010-I-29. 100 urte, zorionak aitona’ brodatutako txapela ederra, “hori jantzita joango nintzateke paseatzera ni”. Kontuak esanez jendearekin egotea gustatzen zaio eta jende asko ezagutzen du, “bai herrikoa eta baita ingurukoa ere. Jendearekin hitz egitea ona da”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!