Blues hotsak Zizurkilen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ots. 17a, 17:04

Otsailaren 27an, larunbatarekin egingo da Zizurkilgo VIII. Blues musikaren jaialdia. Gaueko 23:00etan hasi eta ordu txikiak bitarte, blues musika egiten duten hiru talderen emanaldiaz gozatu ahal izango da herriko tabernatan.

Zuzeneko musika entzun eta bizitzeko deialdi gehigirik ez da izaten gaur egun eta Zizurkilgo Blues gauak horretarako aukera bikaina eskaintzen du, doan gainera. Blues zaletuek ederki gozatzeko moduko hitzordua izango dute otsailaren 27an eta musika mota hori gertutik ezagutzen ez dutenek, berriz, lehen harremana egiteko aukera bikaina.

Bill Lyerly Band
Atxulondo taberna, 23:00

Hamaika urte besterik ez zituela hasi zen murgiltzen musika munduan Bill Lyerly estatubatuarra. Garai hartan Britania Handian egiten zen rock eta blues doinuen eragina izan zuen hasieratik eta horri eutsi dio bere ibilbidean zehar. Gitarrajolea, teklatuan aditua eta abeslaria da Bill Lyerly, baita konposatzaile bikaina ere. REM, Paul Rodgers, Gregg Allman, Jonh Lee Hooker, Bo Diddley eta beste hainbat musikarirekin batera eskaini izan ditu blues saioak.
Estatu Batuetan jaioa, beti izan du Europarekiko miresmena eta duela gutxi, Euskal Herrian ezarri du bere bizitokia. Too Hurt to Cry izenburupean argitaratu du bere azken diska. Hamaika kantu biltzen ditu diska horrek eta Zizurkilgo emanaldian haietako asko entzuteko aukera eskainiko du.

Los Gatos Bizcos
Egarri taberna, 00:15

Duela bi urte sortu zuten Los Gatos Bizcos blues taldea Madrilen. Pablo Sanpa eta Quique Gomez musikarien ekimena izan zen talde berria sortzea. Armonika eta ahotsa jartzen ditu Quiquek eta gitarra eta koruak Pablok. Taldea borobiltzeko, Hector Rojo aritzen da kontrabaxuan, Javi Lopez baxuarekin eta Miguel A. Benitok, erritmoa markatzen du bateriaren ardurapean.
Musika afroamerikarrean oinarritutako doinuak eskaintzen dituzte madrildarrek. Nahiz eta beste hainbat iturrietatik ere edaten duten musika sortzeko garaian. Lehen diska kaleratzeko lanean murgilduta dabiltza gaur egun.
Euren musika bertatik bertara ezagutzeko aukera eskainiko du Zizurkilgo VIII. Blues jaialdiak.

Travelling brothers
Aurrera taberna, 01:30

Blues musika gustuko zutela eta, Travelling brothers taldea osatzeko erabakia hartu zuten bost lagun bilbotarrek, 2003an. Isi Redondo, Alain David, Jon Careaga, Aitor eta Eneko Cañibano eta Ander Unzagak osatzen dute taldea. Zazpi urtetako ibilbidean, hainbat diska kaleratu eta ehunka kontzertu eskaini dute dagoeneko. Buddy Guy, Ike Turner, Jonnhy Winter, Jonh Mayall, Carey Bell…, eta beste hainbat artistekin jotzeko aukera izan dute bilbotarrek.
Bluesaren aldaera guztiak lantzen ditu Travellin brothers taldeak: swing, funk, soul edota shuffel, besteak beste. Argitaratu berria dute Red, Hot & Blue diska eta bertako abesti indartsuak eskainiko dituzte blues gaueko emanaldian.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!