Euskaraz hitz egitea helburu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ots. 17a, 16:54

Euskara ikasten ari direnei euskaraz hitz egiteko aukera ematea da Mintzalaguna ekimenaren helburua. Hamar kide biltzen dira Asteasun eta lau Larraulen.

Beherapenak, haurrak, etxeko lanak, albistegietako berriak…, hainbat gai hartzen dituzte ahotan asteasuarrek, beti euskaraz. Euskaldun zaharrak eta euskaldun berriak, astearte arratsaldetan biltzen dira Pello Errota ikastetxeko liburutegian eta elkarren artean euskaraz hitz egiteko ordu eta erdi pasatxo hartzen dute. Sei euskaldun berri eta lau euskaldun zahar biltzen dira Asteasuko Mintzalaguna ekimenaren baitan. Talde handia osatzen dute, baina talde txikiagotan banatzea baino nahiago izan dute modu horretan antolatzea. “Horrela, norbaitek huts egiten badu ere, talde polita osatzen dugu kontuak esateko”, diote. Amaia Lodeiro, Elena Milla, Silvia Ortiz de Elgea, Noemi Zabaleta, Conchi Herrera, Dolo Garmendia, Maite Egiguren eta Rosa Saralegi taldekideak bildu ziren joan zen asteartean, eskolako liburutegian.

Ahoz ahoko deialdia
Mertxe Zumeaga da ekimenaren koordinatzailea: “Etxe guztietara bidali genuen deialdia. Euskaldun berrien taldea osatu ondoren, euskaldun zaharrak animatzea izan zen erronka. Ahoz ahoko lanaren bidez lortu genuen taldea osatzea. Aurrez alfabetatze ikastaro batean parte hartu zuten euskaldun zaharrengana hurbildu nintzen eta haien baiezkoa jasotakoan jarri zen martxan taldea”.
Dolo Garmendia asteasuarrak etxean jaso zuen euskara eta Mertxeren bidez hartu zuen ekimenean parte hartzeko gonbitea: “Ordurako, etxean jasoa nuen deialdia, eta ekimen polita zela iruditzu zitzaidan, baina ez nuen parte hartzeko pausorik eman. Beste norbaitek egingo zuela pentsatu, eta bere horretan utzi nuen. Mertxek deitu zidanean erabaki nuen parte hartzea eta beste euskaldun zahar batzuk ere animatu nituen. Pena litzateke gu ez animatzeagatik, euskaraz hitz egin nahi duen jendea horretarako aukerarik gabe uztea”, azaldu du.

Euskaraz hitz egiteko erraztasuna
Euskara ikasteko ahalegin berezia egin duen jendea bildu da Asteasuko Mintzalaguna ekimenera: “Bizitza guztia daramagu euskara ikasi nahian. Eskolan, euskaltegian…, urte mordoa daramagu gehienok. Nor-nori-nork…, beti pauso berdinekin bueltaka ibili izan gara, baina ez da erraza. Haurrak izanda, haiekin euskaraz hitz egiteko ohitura handixeagoa dugu, baina kalean hitz egiteko erraztasun gehiago izatera iritsi nahi genuke”, dio Amaiak. “Mintzalaguna ekimenaren inguruan biltzen garenean errazagoa egiten zaigu euskaraz hitz egitea. Horretara etortzen gara eta lotsa galduta aritzen gara taldekideekin, baina hemendik kanpora zailagoa da. Lotsa ematen du hanka sartzeak”, gaineratu du Silviak. “Egia da lotsa ematen duela, baina hala ere, esan beharra dago Asteasun asko errespetatzen dutela euskaraz hitz egiteko ahalegina egiten duena. Ni errenteriarra naiz eta han errazago egiten dute farre hanka sartzen baduzu. Asteasun ez zait sekula horrelakorik pasa eta hori eskertzekoa da”, adierazi du Amaiak.

Euskara ahoan
Euskaraz hitz egiteko ohitura sortzea da Mintzalaguna ekimenaren helburu nagusia. Hala azaldu du Maite Egiguren taldekideak: “Hemen euskaraz hitz egin ondoren kanpora atera eta gaztelaniaz hasten naiz askotan. Badakit beraientzat errazagoa dela gazteleraz egitea eta automatikoki aldatzen dut hizkuntza. Pixkanaka ohitura hori kendu eta beraiekin euskaraz aritzeko ohitura hartzea da helburua”. “Hau ez da euskara ikasteko klase bat. Hemen ordubetez euskaraz hitz egiteak ez dauka zentzurik gero kalean gaztelaniaz arituko bagara. Benetako helburua euskaraz hitz egiteko ohitura sortzea da”, gaineratu du Mertxe Zumeaga koordinatzaileak.

Belarria ohituz
Elena Milla euskaldun berria gustura hurbiltzen da astearteroko saioetara: “Askotan kosta egiten zaigu euskaldun zaharrek esaten duten guztia ulertzea, oso azkar hitz egiten dutelako. Belarria ohitzen ari zaigu eta pixkanaka, erraztasuna hartzen ari gara. Hitz egiteko garaian ere horixe da helburua. Batzuetan ez da erraza hitz egokiak bilatzea edo esaldiak osatzea, baina askatzen hasteko baliagarriak dira bilera hauek”, dio Elenak.
Gaia aurrez finkatu gabe aritzen dira hizketan: “Eguneroko gaien inguruan aritzen gara, lagunartean. Momentuz, eskolako liburutegian biltzen gara neguko giroa egokitu zaigulako, baino udaberri aldera kanpora ateratzeko asmoa ere badugu”, azaldu du Rosa Saralegik.

Talde irekiak
Hamar taldekide dira, baina ez da talde itxia: “Guztiz zabalik dago parte hartzeko aukera. Astearte arratsaldetan Asteasuko eskolara hurbildu besterik ez dute parte hartu nahi dutenek. Euskaraz hitz egiteko ohitura hartzea da helburu nagusia eta interesatuek zabalik dituzte ateak”.

Larraulen, urritik hasita
Ekimenaren berri izan eta berehala sortu zen taldea Larraulen. Eskolako zuzendariaren bidez zabaldu zuten deialdia eta laster batean hasi ziren lehen bilerak egiten. Fermin Agirre, Isabel Simon eta Pily Prieto euskaldun berriak Estitxu Eizagirre euskaldun zaharrarekin biltzen dira astean behin: “Astearte arratsaldetan, kafetxo bat hartzeko elkartzen gara. Ekimenak Mintzalaguna izena du, baina nire kasuan, entzunlaguna naizela esango nuke, beraiek euskaraz hitz egitea da helburua eta ni beraiekin egotea horretarako aitzakia bat da. Elkartu, kontu batzuk esan eta kafetxoa hartu ondoren etxera joaten gara”, azaldu du Estitxuk.

Herritarren laguntzaz
Herriko ostatuan edo Katillutxulo elkartean biltzen dira larrauldarrak: “Bilerak egiteko modu horrek zabaldu egiten du hitz egiteko aukera. Tabernara jende gehiago sartzen da, batek kontu bat esaten du, besteak beste bat… Orokorrean jendeak badaki euskaraz hitz egiteko biltzen direla eta gehienek euskaraz egiten diete”, azaldu du Mertxe Zumeaga koordinatzaileak.
Larraulgo euskaldun berriak, Asteasuko euskaltegian biltzen dira astean bitan. Hala azaldu du Pily Prietok: “Isabel eta biok bost urte daramatzagu euskaltegian eta Ferminek hiru. Euskaraz hitz egiteko erraztasuna falta zaigu; ez da erraza buruan duzuna esatea”. “Euskaraz hitz egiten hasi eta gaztelaniazko esaldiak sartzen ditugu askotan. Esan beharrekoa azkar esan nahi izaten dugu eta errazagoa da gaztelaniaz egitea. Pixkanaka, euskaraz hitz egiteko ohitura handiagoa hartu eta esaldiak errazago osatzen joatea da gure helburua”, gaineratu du Ferminek.

Ikasteko laguntza
“Euskaraz ikasten ari denari gaztelaniaz hitz egitea itsusikeria dela iruditzen zait. Ekimena martxan jarri zenetik, euskaraz hitz egiten dut Pily, Isabel edota Ferminekin kalean topo egiten dudan guztietan. Ederki ulertzen dute esandako guztia eta hitz egitea zailagoa egiten bazaie ere, geroz eta errazagoa egingo zaiela iruditzen zait”, azaldu du Estitxuk. “Pazientzia handia behar da euskara ikasteko eta ez da batere erraza esaldiak osatzea. Nire etxean gaztelaniaz hitz egiten dugu eta ez dut euskaraz aritzeko aukera gehiegirik. Lantokian, ahal dudan guztietan saiatzen naiz euskaraz hitz egiten, baina ez gehiegi. Horregatik, oso ondo etorri zait Mintzalaguna ekimena”, azaldu du Isabel Simonek.

Parte hartzeko deia
Euskara ikasten ari direnei nahiz euskaldun zaharrei ekimenean parte hartzeko deialdia luzatu nahi diete taldekideek: “Pena handia da Larraul bezalako herri batean euskaraz ikasi nahi duenak horretarako erraztasunik ez aurkitzea. Euskaldun berriak eta euskaldun zaharrak animatu nahi nituzke. Azken finean, kafetxo bat hartzeko behar den denbora baizik ez du eskatzen eta guztiontzat aberasgarria da”, amaitu du Estitxuk.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!