Aitziber Ibarbia, atletismoko irakasle

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ots. 17a, 16:49

Ostiral arratsaldero, Aitziber Ibarbiarekin biltzen dira zortzi eta hamaika urte arteko gazte zizurkildarrak.

Eskola kirola ekimenaren barnean sartzen da atletismoa egiteko aukera. Zizurkil Goiko San Millan ikastetxeko zortzi eta hamaika urte arteko gazteek ez dute zalantzarik egiten izena emateko garaian: “Ondo pasatzeko aukera bezala ikusten dute atletismoa eta guztiek ematen dute izena. Adin horretako gazteekin, helburua ez da modu zorrotzean atletismoa erakustea, haiek dinamizatu eta zenbait jarraibide erakustea baizik. Esaterako, kirola egin aurretik eta ondoren luzapenak egiten erakusten diet. Horrez gain, eguneroko bizitzan erabil daitezekeen beste hainbat gauza ere erakusten saiatzen naiz; postura egokiak mantentzen, esaterako”.

Kirola, jolasean
Kirola eginez jolasean aritzeko tarte bezala hartzen dute gazteek atletismoko ordua: “Tarteka, ariketa bereziagoak egiten ditugu. Esprintak edota iraupena lantzen ditugu froga ezberdinak eginez. Eskolarteko olinpiadak gerturatzen direnean berriz, atletismoko beste kirol batzuk ere jorratzen ditugu: luzera jauzia, erreleboak, pisu jaurtiketa, hesiak… Haur guztiek elkarrekin egiten dute kirola, adin bereizketarik egin gabe. Bakoitzak bere erritmora egiten du kirola, baina taldetan banatu gabe”, azaldu du Aitziberrek.
Intxaur pilotalekua, Plaza Berria, zimiterioa…, herriko txoko ezberdinak erabiltzen dituzte kirol ariketak egiteko. Horregatik, ez da zaila izaten ostiral arratsaldetan Zizurkilgo gaztetxoak jolasean edota korrika saioak egiten ikustea.

Kirolari petoa
Umetan hasi zen Aitziber Ibarbia kirol munduan murgiltzen. “Joxean de la Iglesia zizurkildarraren eskutik hasi nintzen. Eskolaz eskola pasa zen Joxean, atletismoko klaseak eskainiz. Zazpi edo zortzi urte nituen orduan, eta izena ematea erabaki nuen. Ostiral arratsaldetan Danenara joaten ginen atletismoa egitera hamalau bat urte bete nituen arte. Geroxeago, hamasei bat urterekin, Tolosako Triatloi taldean eman nuen izena. Duatloi batzuk eta triatloiren bat egin nituen, gustura”, gaineratu du. Ikasketei buru-belarri eusteko garaia iritsi zenean, taldea utzi zuen Aitziberrek, baina eutsi egin zion kirola egiteko ohiturari.  

Atletismo pistatik,
mendi bideetara
Hogei urte betetakoan, mendira joateko joera hartu zuen Aitziberrek: “Inguruko mendietan hasi eta Hernaniko lagun batzuekin batera, Pirinioetara zenbait irteera egin nituen. Zizurkil Goiko lagunekin Alpeetara joan nintzen hogeita lau urterekin eta Andeetara ere joan ginen geroago. Han ezagutu genuen Alberto Zerain eta Himalayara joateko aukerari bueltak ematen hasi ginen. 2006an lortu genuen Gasherbrum II mendirako espedizioa egitea. Prestaketa fisiko handia eskatu zigun espedizio horrek. Entrenamendu haiek aprobetxatuz, mendiko lasterketatan parte hartzen hasi ginen”, azaldu du zizurkildarrak.

Orain, mendi lasterketatan
Gaur egun ere, mendiko lasterketatan parte hartzeko prestatzen ari da Aitziber: “Bi ume txiki ditut eta ez da erraza guztia bateratzea, baina nola edo hala, moldatzen naiz. Ezingo nuke mendi maratoia egiteko behar den prestaketa egin, baina lasterketa motzagoetarako, ondo molda naiteke. Gozatu egiten dut mendian entrenatzen nabilenean eta lasterketatan ere gustura ibiltzen naiz. Niretzat, asfalto gaineko lasterketak baino gustagarriagoak dira mendi lasterketak eta geroz eta jende gehiago ari da animatzen. Lasterketa kopurua ere asko hazi da azken lau urteotan”. “Aurtengo denboraldian, kilometro bertikalak izeneko lasterketatan ere parte hartuko dut ziurrenik. Aldapa handiko guneak ahalik eta denbora gutxienean egitea da helburua”, azaldu du.
Udaberri aldera hasiko da mendi lasterketen denboraldia, bitartean, prestaketa egiten eta umeei atletismoko klaseak ematen ariko da Aitziber.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!