Joxepa Aranburuk ehun urte beteko ditu otsailaren 16an

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ots. 11a, 10:40

Joxepa Aranburu Intxausti 1910. urteko otsailaren 16an jaio zen Ezkion. Beraz, datorren asteartean beteko ditu 100 urte.

Hamar senide izan ziren eta horietatik bost bizi dira oraindik. Ezkiotik Antzuolara joan zen bizitzera famili osoa. Joxepa, bertako Santos Aristegirekin ezkondu eta Bergaran jarri ziren bizitzen. Ez zuten seme-alabarik izan. Senarra bizirik zela, hasita zegoen tarteka bere ahizpa zen Zaldundegiko Iñaxirengana etortzen egun batzuk pasatzera. Horrela ibili zen joan etorrian, 1985.urtean senarra hil zen arte, geroztik Zaldundegin bizitzen geratzea erabaki zuen. Beraz, badira 25 urte, etenik gabe, Urnietan bizi dela.

Oinez ibiltzeko gauza ez bada ere burua oso argi dauka eta astearterako apain-apain jarriko dute ilobek, datorren astearte arratsaldean, jatetxea itxi eta famili giroan ospatuko baitute hain egun seinalatua. Bertan izango dira senideak, lehengusuak, ilobak… familia guztia. Zorionak Joxepa!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!