Lupe Martiarena, Denda Berriko lehendakari berria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ots. 11a, 10:39

Lupe Martiarena duela bi urte sartu zen Denda Berri elkartean eta joan den urtarrilaren 30ean izandako ezohiko batzarrean elkarteko lehendakari izendatu zuten. Berarekin batera hauexek izango dira talde eragilean: Rosa Gonzalez idazkaria, Joaquin Jiménez diruzaina, Jose Luis Lopez-Vailo, Juan Peñagarikano, Estrella Souto, Leo Alonso eta Antonio Santana.

Nola aurkeztuko zenuke zure burua urnietarren aurrean?
L.M: Igeldon jaio eta Andoainen  bizi izan naiz. 34 urte beteko dira ezkondu eta Urnietan bizitzen jarri nintzenetik. Frantzian 11 urtez lanean aritu ondoren, Urnietan ostalaritzan aritutakoa naiz eta azken urteetan familia izan da nire ardura.
 
Zenbat urte dira Denda Berri elkarteko bazkide egin zinela? Garai hartan imaginatzen al zenuen lehendakari izatera iritsiko zinela?
L.M: Duela bi urte, senarra jubilatu zenean egin nintzen elkarteko bazkide. Inondik inora ez nuen pentsatu ardura honetara heltzea.
 
Bi urte hautean elkarteak nolako martxa izan duela esango zenuke?
L.M: Hasieran ez nintzen gehiegi arduratu, ez nion gehiegi errepararatzen. Elkartera kafetxo bat hartzera, egunkaria irakurtzera edo senarrarekin arratsalde pasa etortzen nintzen. Pixkanaka ordea, jendea aldaketaren beharraz jabetzen hasi zen...
 
Nola eman duzu lehendakari izatera heltzeko pausoa?
L.M: Maritxu Rekondok, aurreko lehendakariak, juntan sartzeko aukera eskaini zidan. Hasieran harrituta geratu nintzen, ni baino lehen elkartean jende asko zegoelako. Ez nuen nire burua postu horretan ikusten. Maritxuz gain, semeek ere animatu ninduten eta sorpresa moduan gertatu da guztia. Pentsatzen jarrita, ordea, jubilatuak gara eta guri ere badagokigu gure partea. Arduraz ekin diot lanari, elkartea nola aktibatu pentsatzerakoan. Aurreko lehendakariak ia 20 urte egin ditu postu honetan lanean, nik ordea hasieratik garbi utzi nien, ez naizela hainbeste urtez lanean aritzeko gai izango.
 
Nola baloratzen duzu aurreko lehendakariaren lana?
L.M: Urte horietan guztietan lan asko egin duen pertsona izan da, honi guztiari aurre egiteko arazo askori aurre egiten jakin izan du.  
 
Talde eragile berria sortzeko Maritxurekin batera aritu al zarete lanean?
L.M: Ez, nire erabakia izan da. Juntakideak nire ingurukoak edo ez hain gertukoak izanda ere, harremana dudan jendea hautatu dut. Talde zabala dela esango nuke. Hautaketa egiteko garaian ez dut inongo arazorik izan, ukitu dudan jendeak berehala baiezkoa eman dit, beraz ez da izan arazorik alde horretatik.
Eragozpena euskaldun jendearekin izan dut. Azken batean, elkartera gerturatzen direnak edo erabiltzaileak askoz gehiago dira erdaldunak eta aldez aurretik jarrera irekiagoa dute. Euskaldunon lehen hitza atzera egitekoa da, ez dute beren burua egoki ikusten. Jatorduetan edo beste ekintzetan agertzen dira, baina lanerako orduan atzera egiten dugu normalean.
Osatu duzun taldearekin zein inpresio edo animorekin aurkitzen zara?
L.M: Momentuz oso ondo hasi gara, jendea lanerako gogoarekin dago eta gustura sentitzen naiz. Bestetik, gure ardura izan da datozen ekitaldi guztiak prestatzea, Inauteriak esaterako... Hori horrela izanik, momentu honetan egun guztia bulegoan sartuta pasatzen dugu.
 
Aurreko lehendakariak egindako bidetik jarraitzeko asmoa al duzue edo aldaketak tartekatzeko saiakerak egingo dituzue?
L.M: Momentuz, bere bidetik hasiko gara eta epe ertainean, aldatzea da gure asmoa. Bizimodua aldatzen doan eran, gauzak ere aldatzen joatea beharrezkoa da. Ezin da beti sistema berdinean jarraitu. Aldaketak, hemendik urtebete ingurura hasiko dira nabaritzen. Zaharren etxea ez dugu ikusten kartetan jokatu eta kafea hartzeko toki soil bezala, horrez gain beste mugimendu bat eman behar zaiola esango nuke.
Bazkideak gehiago inplikatzea nahiko genuke, beraien iritziak eta nahiak jasoz.
 
Iritzirik ez egoteak zer esan nahiko du, lehendik egiten zena ongi zegoela?
L.M: Beno, sekula ez du euririk egiten denen gustura; eta ez duela segituko ere.
Rosa Gonzalez, idazkaria:  Elkartea jende helduari begira baino, gazteagoarentzat ere egokitu nahian gabiltza. Adin bakoitzari dagokiona eskaini nahi diogu, 80 urteko bat ez dugu Zumaiako termara bidaliko, baina eskaintza apur bat orekatu beharra dagoela ikusten dugu. 60 urteko bati, ni bezala esaterako, berari dagokion zerbait eskaini nahiko genioke. Aisirako ekintzak egiteaz gain, kultur ekintzak ere egin nahiko genituzke.
L.M: Ezinezkoa da orain dela 30 urte bezala pentsatzea, bizimoduarekin batera gu ere aldatzen joan behar dugu. Garai batean ez zen inor jubilatzen baina gaur egun, geroz eta goizago jubilatzen gara eta geroz eta hobeto dago jendea.
 
Nola joan zen ezohiko batzarra, hau da hautaketa egin zen batzar hura?
L.M: Hemengo estatutuak 1981etik aldatu gabe daude. Gauzak horrela, lehengo estatutuekin egin genuen hautaketa. Egia esan ez zegoen beste hautagairik, lehendakarirako neroni bakarrik aurkeztu nintzelako. Gauzak horrela, ez zen bozketarik egin, zuzenean egin zen aldaketa. Ondoren nire zerrenda guztia aurkeztu nuen, ni bakarrik beharrean talde guztia aurkeztu ginela arrazoituz. Batzar azkarra izan zen, ez zen galderarik izan, ez eta azalpenik eman beharrik ere.
 
Aurkeztutako bakarra izan zinen, nahiago izango al zenuen beste hainbaten artean hautatua izatea?
L.M: Nahiago izango nuen jende gehiago aurkeztu balitz, horrela erabakia hautatzeko aukera izango baitzen. Askoz interesgarriagoa izango zela iruditzen zait beste norbait gehiago aurkeztu balitz. Hautagai gehiago izango ziren zurrumurrua bazebilen, baina azken orduan ez da inor gehiago aurkeztu.
 
Zuen lehen lanegunetan zer ikuste duzue, lan eta ardura asko sumatzen al duzue?
L.M: Bai noski, bertigorik ez zaigu sartu baina gauzak  ezin dituzula azkar egin konturatzen zara. Gaur udaletxera, bihar idazkaritzara...  gauzak pixkanaka egiten dira eta ez norberak nahiko lukeen bezain azkar. Estatutuak aldatu behar dira, Inauterien antolaketa... Lehen egunak okerragoak izan ziren hala ere; jubilatuekin pentsatuz oheratu eta jubilatuekin pentsatuz altxatzen nintzen ohetik.
 
Zuen agintaldiari mugarik jarri al diozue?
L.M: Lau urteko agintaldia dugu aurretik eta ez dugu pentsatu mugarik jartzea. Juntaren erdia hemendik lau urtera aldatuko da, baina oraingoz, jendea lanerako gogoarekin aurkitzen da.
R.G: Guztiak gustura egotea nahiko genuke, nahiz eta zaila izan, gure baliabideekin guztientzat egokia den zerbait egin nahiko genuke. Ez dugu muturreko polorik egotea nahi, apur bat biltzea nahiko genuke. Hasieran zaila izango da emaitza txukuna lortzea, baina bateratzea nahiko genuke.  

MOZORRO FESTA
Otsailaren 16an, asteartean, Mozorro jaialdi-dantzaldia egingo dute arratsaldeko 17:00etik aurrera Denda Berri elkartean. Ondoren sardinaren erreketarekin amaituko dute festa eguna.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!