Joxe Bernardo Garmendia Kartuli hil berri da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ots. 11a, 10:38

Otsailaren 3an, asteazkenean hil zen, eta ostiralean Sorabillako San Martin elizan ospatu ziren bere aldeko hileta elizkizunak. Futbol epaile bezala Garmendiak ospe handia hartu zuen, Andoainen ez ezik estatu espainiarrean ere.

Beasainen jaio zen, 1931ko azaroaren 11n. Futbolari bezala gaztetan Beasainen, Anaitasunan eta Beti Bizi taldeetan jokatu ostean, Andoainera etorri zen bizitzera; Pepi Sorrondegirekin ezkondu zenean. Hiru seme-alaba izan zituen: Maribi, Amaia eta Aitor.
Baloiari ostikoak emateari utzi eta epaile lanetan hasi zen ondoren. Estatuko bigarren mailako epaile izatera iritsi zen; Gurutzeta eta Urio Velazquez epaileekin marrazain lanean aritu zen Espainiako Ligan, lehen mailan.
Urteak aurrera, zelai handietako partidak utzi eta  areto futbolerako jauzia egin zuen; makina bat partida epaitu zituen Andoain eta inguruko herrietako futbol txapelketetan. Gerora txilibitua utzi zuen arren, epaileen federazioari laguntzen jarraitu zuen, begirale eta akten egile bezala.

Kartuli
Kartuli ezizenez oso ezaguna zen futbol munduan. Askok ezizen hori “Cartulina” hitzarekin lotu zezaketen arren, bestelakoa zuen jatorria. Nonbait, Italian famatua zen Cartuli jokalariaren antz handia omen zeukala-eta, halaxe ipini zioten goitizena.
Umore ona sekula galdu ez zuen gizona zen, eta marrazain guztiek partidatara berarekin joan nahi izaten zuten; hirukoan giro ona sortzeaz gain, laguntzaileak meriendatzera gonbidatzeko ohitura omen zeukan.   
Epaile gehienen antzera eskukada bete pasadizo bizi zituen, gazi nahiz gozoak. Bereziki gogoratu ohi zuena, Tenerifen gertatu zen: hegazkin pilotoen greba zela eta, hiru egun pasa zituen bertan beste bi marrazainekin batera; Tenerife taldearen kontura noski, ezusteko opor eder haiek nola pasa zituen kontatzeko ohitura zuen.
Andoaingo udaletxeko langilea zen, eta argindarrarekin zerikusia zuten eginkizunengatik ibili zen herrian; arrazoi horregatik ere ezaguna zen, beraz, herritar askorentzat.   
Omenaldi bat baino gehiago jaso zuen Garmendiak futbolari eskaini zion dedikazioa zela eta; Beasainen eta Andoainen, tartean.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!