Urumea Harana Pastoral Barrutia urte hasieran prentsa idatzian agertu zen hedabide ezberdinetan. Jose Luis Aperribai Hernaniko parrokoa da Urumea Harana Pastoral Barrutiko Arduradun Taldeko buruzagia. Hernaniko Kronikan adierazi zuenez, pastoral taldea 2004an jarri zen martxan, Uriarte Gotzainak eskualdeko Artziprestaldera egin zuen bisitaren ondorioz. Antza denez, bertako gizarte eta elizaren azterketa egin zuten eta birmoldaketa bat eman behar zela proposatu zuten, 10-15 urtera begira, gizartearen eta elizaren eredu berriari erantzunez. Hala, bide horretan, indarrak biltzen eta elkartzen hasi ziren hiru herrietako parroki eta komunitate erlijiosoak.
Urnieta, Hernani eta Astigarragako parrokien eta kristau elkarteen elkarlanaren fruitu da, beraz, Urumea Harana Pastoral Barrutia. Haur eta familiarako katekesia, soziokaritatea, hirugarren mundua… ohiko esparruez gain berrietara zabaldu nahi dute. Besteak beste, fomazioarekin eta informazioarekin lotutakoak. Elkartea sortzearen arrazoi nagusia Maite Aranzadik eman dio Aiurri astekariari: “Asmoa laikoak eliz kontuetan inplikatzea da, apaizen esku ezin direlako alor horiek denak utzi. Alor ezberdinak eta ardura ezberdinak sortu dira”. Barruti honetan berri diren alorren arduradun dira Fatima Ormaetxea eta Maite Aranzadi.
Maite Aranzadi informazio eta formazio alorreko arduradun bezala, “Pastoralak egiten duen guztiaren oihartzun zabalagoa izan behar du gizartean. Besteak beste, bloga zabalduko dugu Internet sarean. Bestalde, barrura begira, pastoralean esparru ezberdinetan lanean dabiltzan pertsonen arteko komunikazioa trinkotu nahi dugu. Azken helburua elizaren inguruan gabiltzanen artean komunitatea sortzea baita”. Alor honetan Iñaki Aranzadik gogora ekarri du iraganean egin zuten oinarrizko teologia ikastaroa. Antzeko ikastaro gehiago egitearen beharra nabarmendu zuen.
Fatima Ormaetxea gizarte pastoraltza izeneko alorreko arduraduna da. Jarduera berria eskualde honetan, “Gotzaindegian badago idazkaritza soziala izenekoa, justizia eta bakea aspalditik lantzen duena. Taldetxoa osatu eta harremanak lantzen hasiko gara. Arantzazun gai hau asko lantzen da eta haiekin batera lan egin nahiko genuke, bakoitza gure aldetik ibili ordez”.
Iñaki Aranzadi Urnietako apaiza liturgia arloko kontsiliario da, “liturgia mailan urteko sasoi bakoitzean irakurtzen eta abesten dabilen jendea bilduko dugu irakurtzen denari eta abesten denari zentzua edota arrazoia agertzeko. Egiten duten guztiaren atzean dagoen motibazioa agertuko diegu. Ez ditugu ekintzaile hutsak nahi, edukirik gabekoak. Gure jendeak ekintzak zentzuz eta jakinaren gainean egitea nahi dugu”.
Talde lana
Komunitatearen ideiari eusten dio Iñakik ere, “elizaren inguruko erakundeak handiak dira, guk aldiz txikiagoak eta parte hartzaileagoak egin nahi ditugu. Bide horretan sakondu nahi dugu”.
Pastoral barrutia parrokiez gaindiko antolamendua da eta hainbat parrokiek eta parroki horietako kristau elkarteek osatzen dute. Hauek guztiek proiektu bateratu batekin pastoralaren lana koordinatzea eta bultzatzea bilatzen dute. Iñakik erroetara jo du ideiaren defentsa egiteko garaian, “Elizaren hasieratik horrela izan behar zuen. Ez dugu klerikalizatzera mugatu behar. Antolaketa osoa kristau elkarteek eraman beharko lukete, talde txikitan antolatuta. Apaizak bere zereginak baditu, liturgia zuzendu…”. Maitek ere Iñakiren ildo berari eusten dio, “Vatikano II.k horretan indar egiten zuen: laikoek gehiago sartu behar zutela eliz kontuetan. Hori hoztu egin zen gerora”.
Modu horretan lanean Europa mailan aspaldi dabiltzala gogora ekarri du Iñakik, “isolatuta egon beharrean oso inportantea da komunitatearen izaera suspertzea, eskualdea izaerarekin. Frantzia eta Alemania eredu dira guretzat. Jesusen helburua ez zen denak elizara etortzea, deneri zerbitzua ematea baizik. Demagun janaria dena dela, osotasuna. Gu gatza gara. Talde txikia izango gara, baina gizartean eragin nahi dugu”.
Maitek erlijioarekiko sentsibiltatea duen orori parte hartzeko deia luzatu du, “elizaren inguruan sentsibilitate hori duen jendeak laguntza handia eman dezake, astean behin elizara hurbiltzeaz haratago. Jende horrek gizarteari zerbitzua eman nahi badie, parrokiaren inguruan lan jator bat aurrera eramateko proiektua badago. Eta, noski, ondo hartua izango da gugana hurbiltzen dena”.
Ekimenean parte hartu nahi dutenek Iñakirekin, Maiterekin, Fatimarekin edota Joxe Ramonekin harremanetan jartzea besterik ez dute.
MISIO TALDEAK
Urnietako misiolariak urnietarren laguntzarekin lan eskerga burutzen ari dira garapen bidean dauden herrietan. Joxe Ramon Jauregi zeregin horretan murgilduta dago. Misiolarien inguruan beste erreportajea landuko da laster Aiurrin.