Amaia Capellanen pintura lanak ikusgai daude Kale Nagusiko erakustokian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ots. 11a, 10:36

Capellan Arte K2 kolektiboko kide da; 2009ko urrian Kale Bilgunearen aurkezpena egin zenetik erakusketa ugari egin dituzte. Jendetsua gertatu zen aurreko ostiralean egin zen inaugurazio ekitaldia. Hilabetez ostiral ilunabarretan eta larunbat eguerdietan egongo da irekia erakusketa.

Nola aurkeztuko zenuke erakusketa?
A.C.: Arte Ederretan ikasle izan nintzen garaiko artelanek osatzen dute erakusketa. Ikasketan zehar hainbat espezializazio jarri zizkiguten aukeran (teknika grafikoak, eskultura, pintura...) eta nik pintura hautatu nuen. Sormen askea bultzatu ziguten ikasleei, eta horri esker esperimentazio material ezberdinekin aritu nintzen orduan. Lanketa hori islatzen dute gehienek.

Lehenbiziko erakusketa omen duzu...
A.C.: Bai, etxean eduki ditut orain arte. Ikasle garaiko sormen garaia itxi egin nahi nuen nolabait, erakusketa egitera ausartu eta gero. Egun, beste bide batzuk ari naiz jorratzen.

Konta al ditzakezu bide horiek?
A.C.: Gauza abstraktuak egiteko joera daukat oraintxe. Pintatzerakoan gogoko dut sormenari autonomia ematea. Lanean hasten naizenean, maiz ez dut emaitza zehatzik bilatu nahi izaten; pintura hartu eta, batzuetan ura edo masa askorekin, koloreekin, formekin..., jokatzen hasten naiz.  
Bide abstratuaz gain, ilustrazioa ere ari naiz jorratzen; ipuin bat daukat eskuartean oraintxe, idatzi ondoren ilustrazioak osatzen. Etorkizunean idazleekin elkarlanean jardun nahi nuke.

Arte K2 kolektiboaren ekimena izan da erakusketa...
A.C.: Izugarria da Andoainen zenbat jende dabilen zer edo zer egiten arte munduan, etxean, erdi ezkutuan. Artista herria dela ematen du gureak! Lan egiteko eta erakusketako toki falta izaten da arazo nagusia gu bezalako jendearentzat.
Horietako batzuk, behintzat, Kale Nagusiko erakustokian bildu egin gara. Proposamenak erruz atera dira kolektiboaren barnean, baina poliki-poliki joan nahi dugu. Oraingoz espazio hau daukagu, eta dagoeneko lotuta daukagu herriko makina batek beren artelanak hurrengo hilabeteetan erakus ditzaten.

Nola doa Artekintza tailerra?
A.C.: Arte munduan murgildutako tailerra da, eta Udalak utzitako egoitzan jarri dugu abian. Egitasmo hori ere pausoz pauso eraman nahi dugu aurrera. Oraingoz pintura tailerrak antolatu ditugu kalean, herriko haurrek egindako marrazkiekin kalean erakusketa jarri zen Santakutzetan...
Herritarrak tailerrera hurbil daitetzen animatuko nituzke; ateak irekita dauzkate beren gogo artistikoa espazio aske batean gara dezaten.

Ikusleen iritzia

Garazi Martija
“Erakusketa gustatu zait bere osotasunean. Artelanak ezberdinak dira bata besteengandik, nork bere kolore edo formekin. Artelan askori nork bere intepretazioa aterako die, baina esango nuke autografikoak ematen dutela zenbaitek. Amaiak Kale Nagusiko etxeekin egindako lana edo bizikletekin atera duen perspektiba nabarmenduko nituzke beharbada”.

Filo Julio
“Zintzilika dauden artelanak denak zoragarriak direla esan beharko nuke, egilearen ama naizen aldetik... Hala ere, aitortu behar dut batzuk beste batzuk baino gehiago gustatu zaizkidala. Kale Nagusiko seriegrafia edo eraitsitako paisaje urbanoa, adibidez, ikusgarriak iruditu zazkit.  Pintura abstratua, berriz, ez dut ulertzen eta ez dakit zer esan horiengatik...”.

Arantxa Garmendia
“Inpresio ona eragin dit; artelan politak egiten dituzte, baina etxean eduki behar izaten dituzte, ez dutelako inongo laguntzik jasotzen. Horrexegatik, pozgarria da horrelako erakustoki bat edukitzea herrian, nahi duenak bere obrak jarri, eta gainerako herritarrek ikusi ditzagun”.

ArteK2 galeria
Andoaingo Kale Nagusian dago.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!