Begoña Coron Dominguez ETB2ko El conquistador saioan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ots. 10a, 20:20

Begoña Coron Urnietako ileapantzaileak ETB2ko El Conquistador lehiaketan parte hartu du. 2001ean, Gipuzkoako Miss-en lehiaketako partehartzaileak apaintzera joan zen. Hara non, Miss Simpatia Gipuzkoa tituluarekin itzuli zela etxera. Berak aitortu duenez, ordea, azaleko kontuak ez baizik eta alor fisikoak nahiz sikologikoak neurtzen dituzten lehiaketak ditu gogoko. Hargatik joan zen Patagoniara.

Aiurri: Anoetarra bezala aurkeztu zaituzte saioan.
Begoña Coron: Andoaingo Karrika auzokoa izan naiz. Garai batean ordea, herrian etxebizitzarik ez eta Anoetara joan behar izan genuen senarrak eta biok. Urnietan, berriz, ileapaindegia daukat, orain bederatzi bat urtez geroztik.

Zer dela-eta aurkeztu zinen telebistako lehiaketara?
B.C.: Beti izan naiz saio horren jarraitzailea. Hala ere, aurreko edizioak etxean ikusi ohi genituen aldiro, gogoan dut zein komentario ateratzen zen beti: “erotuta behar da hor parte hartzeko; nola joan liteke gosea pasatzera eta gorputza arriskuan jartzera!”.
Aurrez esaten direnak gero irentsi behar izaten dira maiz, eta horrelaxe, asko pentsatu gabe, ahizpak, senarrak eta hirurok izena eman genuen casting-era joateko.

Zein irizpide darabilte saioan baztertua zein aukeratua izateko?
B.C.: Milioia merezi du galdera horren erantzunak. Gauzarik normalenak planteatzen dizkizute, eta nik uste zaren bezala eta artifiziorik gabe azaltzea komeni zaizula. Intuizioak adierazten dit grazia egin ziela nire erantzun batek. Alegia, amarrutik egiteko prest ote nengoen lehiaketan zehar galdetu zidatenean, baiezkoa irten zitzaidan barru-barrutik; gosetuta egonda mokadurik ikusten banuen nola ez egin amarrurik…

Nola daramazu orain pertsonaje publikoa izatea?
B.C.: Isilik gorde nahi nuen Patagoniara lehiaketara nindoala. Baina ez nekien ileapaindegia noiz arte edukiko nuen itxita, eta beraz nora nindoan jakinarazi egin behar izan nien bezeroei. Bada, harrigarria da joan aurretik jada, zein bizkor zabaldu zen berria eta zenbateko ikusmina eragin zuen; helduei ilusioa eragin zien, eta gaztetxoek berriz modu oso berezian bizitu dute harrezkero. Haurrak ileapaindegira etortzen ziren, zinginarriak ematera edo Patagoniako txabolan euren izena edo ez dakit zer idatzita jartzeko eskatzera.
Eta geroztik, telebistan agertzen hasi naizenetik alegia, nire bizitza iraganaren eta geroaren artean bana daiteke. Ez izaeraz aldatu naizelako, baizik eta bi arrazoi direla medio: batetik ahaztezina den bizipena izan dudalako Patagonian. Eta bestetik, kalean eta edozein leku publikotan jendeak ezagutu egiten nauelako; nirekin hitz egin nahi dute, argazkiak atera...

Saioa hasi eta segituan gainera, oinetakoa galtzeagatik egin zen sonatua Bego…
B.C.: Patagoniatik bueltan etxekoei esan nien diskrezio osoz eta arreta eragin gabe ibili nintzela saioan zehar. Eta zer da eta, aurreneko saioan zapatilaren pasadizoa agertu behar telebistan! Makina bat ziri sartu didate asko markatu nauen gertakizun horren kontura: bada ileapaindegira oinutsik sartu dena grazia egiteko, telefonoz hots egin didana oinetakoa nahi nuen galdetzeko, oinetakoa eman nahi izan didana…

Zer moduz elkarbizitza gainerako lehiakideekin?
B.C.: Joan aurretik ezinezkoa da irudikatzea han nolako elkarbizitza izango den, eguneko 24 orduak jende ezezagunarekin. Ohiko bizimoduan egun bat denak, han astebeteren tamaina hartzen du: dena luzatzen da, eta munduko txikikeriarik ziztrinena ere hazi egiten da, onerako zein txarrerako. Lau egunen ostean, jendearekin konfiantza hartzen duzu eta benetan pena hartzen da jendeak saioa utzi egin behar duenean; reality show-etako malkoak faltsuak direla iruditzen zaigu, baina benetakoak direla esango nuke.
Lagun handiak egin ditut han, eta harremanak mantentzen ditut askorekin. Adibidez, Herrero, Iker, David, Oihane, Egoitz, Mikel pilotaria eta zazpiok Getariako txakolinaren egunean elkartu ginen lehengo batean. Ezinezkoa egin zitzaigun kale oso bat gurutzatzea, baina pozik ginen berriro ikusi ginelako.
 
Dena antzerkia dela, xelebre batzuk zaretela… entzungo zenuten zuengandik, ala?
B.C.: Denetik entzun dugu, gauetan hotelera eraman eta afari goxoa ematen zigutela, eta hortik gorako komentarioak. Egiatan, pentsa ezin diren baldintzetan bizitu gara; barru-barruan lozorro dauzkagun zentzumenak aktibatzen zaizkizu, ustekabeko gauzak egiteraino eta gizakiak zein sendoak izan gaitezkeen ohartzeraino.
Telebistan ez da ikusi, baina behin Pedran (Pedro Antonio Virgala andoaindarra, aurreko Aiurri astekarian elkarrizketatua), bikiek eta lauok txabola altxa genuen; euritan aritu ginen eta gero gaua haize freskotan egin genuen. Bada, hurrengo hiru egunak goitik behera blai eginda pasa genituen. Bizimodu hori hemen egin ahal izatea, ezta burutik pasa ere!

Prestatuta joan al zinen?
B.C.: Egunero egiten dut zer edo zer: oinezko saioa, lasterka saioa, gimnasioa… Hori bai, argi nuen alferrikakoa zela piraguismoko txapeldun batekin lehiatzea, lau Tour egin dituen kirolariarekin edo kulturismoa egiten duen norbaitekin. Guztia ez da fisikoa, ordea; gaitasun sikologikoak ere badu zeregina horrelako lehiaketetan. Goiz ala berandu, denek sufritzen dituzte bajualdiak, eta komeni da besteen laguntza eskatzen eta ematen ikastea.

Telebista ondo ari al da islatzen zuen bizimodua?
B.C.: Ezetz konturatzen zara. Agian parte hartzaileona da errurik handiena; kamera inguruan sumatu bezain pronto eztabaida eta xextrak ekiditen dituzulako.  
Dena den, orain arte ikusitakotik bada gustatu ez zaidan gauza bat: Pedrani buruz zabaldu den irudia. Bere kontra denetik esateko bidea jarri da, matxista dela, ez dakit zer dela… Nik berarekin xextraren bat edo beste eduki dut, baina mutil jatorra da, ez dago parekorik laguntzeko garaian. Ahora mokadurik gabe geratu nintzen batean, adibidez, berak gorde zidan bere partea. Ezin da ukatu estilo berezia duenik gauzak adierazteko, baina arrazoia zuen ahotsa goratzen zuen askotan. El Conquista-dor-eko platora eramaten nautenean, horixe esateko intentzioa daukat.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!