Behar-Zanako pilotariek lanean jarraitzen dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ots. 10a, 17:44

Villabonako Behar-Zana taldeko pilotariek euren txapelketetan murgilduta jarraitzen dute.
Aste honetan ere makina partida izango da ikusgai.

Iñaki Lizaso Behar-Zana elkarteko kideak eman du pilota partiden berri:

"Ostegunean arratseko 20:00etan Bear-Zana pilotalekuan,  Lizaso - Erreka bikoteak Udaberri lehen mailako ligaxkako 5. eta azken partida jokatuko dute Igeldoko Etxeberria-Goikoetxea bikotearen aurka.
Aurreko lauak irabazita, hau galduta ere taldeko lehenak izango dira eta final laurdenetarako sailkatuta daude.
 
Ostiralean toki eta ordu berdinean Esnaola eta Erreka II.ak Azpeitikoen aurka jokatuko dute, hauek ordea sailkatzea zailago dute.
 
Ostiral arratsean ere, 15:30etan joko-garbiko bi partida izago dira ikusgai kadete mailan. Bertan J.A. Iraola, Otaño, B.Iraola herriko pilotariak arituko dira.
 
Larunbatean Irurako trinketean gure trinketistek ere partida jokatuko dute 16:00ak inguruan, bertan Arruti, Goikoetxea eta Esnaola arituko dira lanean.
 
Larunbatean ere, Amasan 16:00etan Infantilen errendimendu mailako 4 partida izango dira ikusgai, bertan Behar-Zanako Labaka, Erasun, Maiz, Gallego infantilek parte hartuko dutelarik.
 
Irisarri-Zubiaurre infantil bikoteak, berriz, Araman jokatuko du eta Lizartza-Aizpuru alebinek Lasarten.
 
Bestalde, Laurent Errekak Berria txapelketan aurrera darrai Andoaingo taldearekin. Berria txapelketarako fitxatu zuten eta final laurdenetarako sailkatu dira.
 
Iñaki Lizasok bestalde, aurreko lau kanporaketak gaindituta Bergarako lau eta erdiko txapelketan final hamaseinetako partida izango du Inauterietako asteartean Bergarako Ander Muguruzaren aurka, Villabonan jokatu zen I. Antton Pebet Memorialeko aurrelari irabazlearen aurka, hain zuzen ere.
 
Gainera, hauek Usurbil zein Añorgako txapelketetan aurka hasiko dira parte hartzen.
 
Azkenik, Behar-Zanako txikienek Angelun jokatuko den Pilotari Ttiki´10 pilota ekitaldian parte hartuko dute igande honetan. Ekitaldi hau 5 saioz osatu da eta igande honetan finalak izango dira. 15 taldek parte hartuko dute eta Villabonatik benjamin eta alebin mailako 8 taldek jokatuko dute".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!