Lehenengo liburuskan Sorabilla, Ubillots, Karrika, Etxeberrieta eta Zumea auzuneetako kale, plaza eta etxe aipagarriak azaldu ziren bezalaxe, bigarren liburuska honek Leizaur, Kale Nagusia, Bastero, Allurralde, Galardi, Ondarreta eta Olagain auzuneen berri emango du, denetara 33 izenen jatorriaren berri.
Kultura Batzordeak 7000 ale argitaratu ditu, eta Jon Unanue testuen egilea. Oraindik ere hirugarren liburuska eman behar du argitara Udalak. Hori, gutxi-gorabehera, hilabete barru izango delakoan daude. Hirugarren liburuska horretan Goikoplazatik hasi eta La-Salle, Erroitz, Berrozpe, Arantzibia, Idiazabal, Ikutza, Bazkardo eta Sarmendi hiriguneak aztertuko baitira.
Azaroan Toñy Landa Kultura batzordeburuak eta Jon Unanuek egindako aurkezpenean adierazi zuten legez, helburua andoaindarrei bereziki eta baita kanpotik datozen bisitariei ere herriko kale eta plaza guztien berri ematearekin batera, horien izenaren jatorriaren lehen zertzelada ezagutaraztea.
Lehenengo liburuskak oso harrera ona izan du herritarren artean eta Kultura Lansailetik adierazi dute, inork lehenengo horren alerik behar izanez gero, oraindik ere badirela gutxi batzuk banatzeko moduan. Bastero Kulturgunean eskatu behar dira.