Aparteko giroa Zizurkilen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ots. 9a, 14:01

Joan den larunbatean, otsailaren 6an, izan zen Beterriko III. Bertsolari Txapelketako bigarren kanporaketa saioa Zizurkil Goiko Zentroan. 70 lagun elkartu ziren afaritarako eta, afalostean oraindik ere azaldu zen bertsozalerik jangela lepo utzi arte. Zentroan prestaturiko afariaz urdaila berdindu ondoren, gaueko hamar eta erdietan hasi zen Armiarmen taldea eta Mandeuliena lehian jarri zituen saioa. Armiarmen aldetik, Haritz Etxeberria, Ministro; Arkaitz Oiartzabal, Xamoa eta Beñat Lizaso lehiatu ziren. Mandeulien taldetik, berriz, Iñaki Gurrutxaga, Agin Rezola eta Jon Martin.

Iker Iriartek egin zituen gai-jartzaile lanak eta agurra egitera deitu zituen lehenik Mandeuliak. Ohiko denez, oso agerraldi umoretsua egin zuen hirukoteak, hain zuzen ere mandeuliz mozorroturik eta haiena eginez: ikusentzuleak eta armiarmen taldekoak behin eta berriz zirikatuz. Txalo-zaparrada handi batez eskertu zuen jendeak. Ez ziren atzera gelditu, baina, Armiarmen taldekoak, eta burutik oinetaraino Spidermanez mozorroturik azaldu ziren, entzuleei eta, bereziki, mandeuliei bere sarea botatzeko prest. Hauek ere, Zentroan elkarturiko bertsozaleen txaloak jaso zituzten.

Iker Iriarteren aginduetara aritu ziren ondoren. Ariketa bereziak eta ohikoak txandakatu zituzten. Lehenik "Juana Bixenta Olabe" doinuan aritu ziren ofizioka Agin Rezola eta Ministro. Doinu berezia da, eta bertsolariek ez zioten nahi bezain bero ekin saioari.

Agin eta Ministroren ondoren Jon Martin eta Xamoa atera ziren, hamarreko txikian kantatzeko. Hauek gehiago asmatu zuten, agian. Ondoren, Iñaki Gurrutxaga eta Beñat Lizaso sei puntukoan aritu ziren, eta entzuleen barreak lortu zituzten. Hemen hasi zen saioa berotzen. Aginek eta Xamoak puntuka kantatu zutenean iritsi zen saioa bere lehenengo gailurrera. Bizi aritu ziren biak bertsotan eta entzuleek eskertu zuten hori.

Honen ondoren bertsolariak taldeka jarri ziren berriro, kopletan egiteko. Mandeuliak hasi ziren kantuan, eta umorez osatu zuten saioa. Armiarmenak eragingo zituen, ordea, barre-algararik handienak. Ezkontza eraztun bakar bat ziren, hiru une ezberdinetan: jabeak gauez ateratzen denean portalean patrikan gordetzen duena; parranda patrikan egiten duena eta itzulerakoan jabeak portalean janzten duena. Ateraldi dotoreak izan zituzten hiru bertsolariek.

Saioa kartzelako lanera iritsi zen orduan. Agin eta Xamoa aritu ziren kartzelan, gai honekin: "Gaur baietz uste zenuen, baina gaur ere ez". Umorez josi zituzten bertsoaldiak biek ere. Anekdota bat ere izan zen hemen. Agin kantuan ari zela Xamoa kartzelara eraman zuten. Bere txanda iritsi zenean, ordea, kosta zitzaien bera aurkitzea, honen ondotik, saioan zehar behin baino gehiagotan aipatu zen gertaera.

Saioa bukaerara iristen ari zen, eta ariketa berezi bat jarri zien Ikerrek Ministro eta Iñakiri. Lehendabizi habaneran lau bertso osatu behar izan zituzten puntu-erdika. Ondoren, zazpi oinak emanda kantatu zuten biek. Umorezko saioak izan ziren, eta giroak gora egin zuen hemendik aurrera.

Leherketa, ordea, Beñat Lizaso eta Jon Martinek segidilan egindako saioarekin gertatu zen. Publiko artean ibili ziren biak, mikrofonoa eskutan hartuta, eta hau izan zen entzuleak gehien gozarazi zituen unea.

Saioa oso berdindua joan zen eta ikusentzule ugari zalantzan izan zen botoa emateko garaian. Horren lekuko bozketaren emaitza: Mandeulien alde 28 boto izan zen eta Armiarmen alde, berriz, 25. Oso giro on eta umoretsua izan zen saio osoan zehar eta Zizurkilen elkartu ziren bertsozaleek txalo-zaparrada luze batez eskertu zuten bi taldeen lana hauek agurra kantatu ondorenean.

Beraz, datorren larunbatean Villabonako Irrintzi elkartean izango den finalean Sorgin-orratzek (Iñaki Apalategi, Ander Lizarralde eta Unai Muñoa) eta Mandeuliek neurtuko dituzte bere bertsoak, 80 lagunentzat antolatu den bertso-afari baten ostean. Aurreko asteetako kanporaketetan entzun ahal izan ditugun bertsoen maila aintzat hartuta, oso lehia bizia espero da Irrintziko finalean. Izan da, ordea, azken orduko aldaketarik: Mandeulien ataldeko Agin Rezola bertsolari astigartarrak, ezinbesteko arrazoiak direla-eta, ez du finalean parte hartzeko aukerarik izango. Antolatzaileek haren ordez Mandeuliek kanpoan utzitako Armiarmei aukera eman diete euretako bertsolari batek osa dezan taldea: Haritz Etxeberria, Ministro izango da Mandeulien taldea osatuko duena. Beraz, Mandeulien aldetik, Iñaki Gurrutxaga eta Jon Martinekin batera Ministro lehiatuko da. Gai-jartzaile gisa Amaia Agirre bertsolari villabonatarrak jardungo du eta ziurra da bertsolariak estuasunean jarriko dituela ariketei aurre egiteko garaian.

Antolatzaileek adierazi digute dagoeneko afarirako txartel ia guztiak salduta daudela eta gutxi batzuk baizik ez direla gelditzen, Villabonako Ogigoxo okindegian.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!