Pedro Antonio Virgala ETB2ko El conquistador saioan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ots. 5a, 10:00

Nork bere iritzia izango du telebistetako reality show-en inguruan. Zenbait parte hartzaile ezohiko edo xelebre ezagutzeko aukera ematen dela ezin da ukatu, indiferentzia ez beste edozer eragiten dutenak. Hugo edo Pedran gisa ere ezagutzen den Pedro Antonio Virgalaren kasua izan daiteke hori, ETB2an igandeetan El Conquistador... saioan agertzen den andoaindarrarena.

Aiurri: Zer dela eta animatu zinen El Conquistador-en parte hartzera?
P.A.V.: Gogoko ditut horrelako lehiaketak eta horko bizi baldintzak, frogak, pertsonen arteko bizikidetza... Ni naizen bezalakoa naiz, eta halaxe jokatzen saiatzen naiz; showman-a naiz pixka bat, eta egokia izan naiteke lehiaketa horietarako.
Ez dezala inork pentsa diruagatik joan nintzenik. Eskaini izan balidate, ez nintzen joango.

Zure bakero janzkera nahiz izaerak arreta deitzen duela aitortu beharko duzu...
P.A.V: Ezin  dut eraman nola funtzionatzen duen gizarte honek, eta ohiko arauetatik ateratzen naiz, nahigabe ere. Tristea dirudien bizitzaren kontrako erreakziotzat hartu daitezke nire hizkera, jarrera...; grazia pixka bat atera nahi diot bizitzari, haserreak eta uxatu, nahiz eta maiz arazoak sortu horrexegatik.   
Familiako kideek denek dugu ezaugarri bereziren bat; denek daukagu artista ukituren bat. Aita Gipuzkoan zen jostunik onena izango zen, nahiz eta esplotazioa eta iruzurra jasan; arreba ere margolaria da, artearen merkatuan zer esanik eduki ala ez. Ni ere edozer egiteko gauza naiz: esateko modu bat da, baina bonbilla bat orraztu dezaket, edo orrazi bati argia jarri.   
Hain zuzen ere, El Conquistador-en nire parte hartzea aitaren omenezko zerbait bezala uler daiteke.
     
Zure izaerak arazoak sortu izan dizkizula diozu...
P.A.V: Naizen bezala azalduta, jendeak nahi dituen intepretazioak ateratzen ditu, ez nautelako ezagutzen. Kalean noala, igual Cocodrilo Dundee deitzen didatenean, halakoetan ikasia daukat bereizten nor doan intentzio txarrez eta nor ez. Bitako bat, edo ez diet jaramonik egiten, edo gauzak onez onean konpontzen saiatzen naiz; behin ni benetan ezagutzen hasi eta handik aurrera, zerbezak edanez bukatuko dugu ziurrenik. Gainerakoan, ni ez naiz atzean geratuko gauzak beste modu batera konpondu behar badira...
    
Lehiaketako casting-era milaka hautagai aurkeztu arren, zu izan zinen aukeratu bakanetakoa...
P.A.V: Zaldiaren gainean joan nintzen Amara Plazako hotelera, elkarrizketa egiten zuten tokira. Horretarako, bezperan, prestatu egin nuen Donostiarako bidea; Amaran obretan zegoen enpresa bateko arduradunarekin ere hitz egin nuen. Honek hitz eman zidan zaldia zaindu eta ura emango ziola ni elkarrizketan nintzen bitartean (nik ez eskatu arren, belar-fardoa ere eman zion egunean bertan hark).
Kontua da Andezarrate inguruko zalditegitik atera nintzela goizean goiz; bakeroz jantzita noski. Asteasura jaitsi, bide zaharretik Andoainera ailegatu, eta gero Urnieta eta Santa Barbaran barrena heldu nintzen Amarara. Donostian bizitu genituen unerik arriskutsuenak; tipi-tapa ibili ginen kontuz, semaforoetan eta geratuz. Auto gidariek flipatu egiten zuten; nik orduan esaten nien zaldia zela aurrezteko eta kutsadurarik ez sortzeko garraiorik hoberena. Hotelera, zaldia eta biok sartzekotan ginen, baina ez ziguten utzi. Zaldia orduan, ondoko obran utzi nuen zuhaitz bati lotuta.

Auskalo zer inpresio eman zenien castineko elkarrizketatzaileei…
P.A.V: Gezurtia, antzezlea eta “fantasma” bat nintzela pentsatu zuten bai epaimahaia osatzen zuen hirukoak, baita gainerako hautagaiek ere. Ohituta nago nik jendeari iritzi hori eragitea aurreneko ikusialdian, lehen esan bezala. Jendea nirekin hizketan hasten den heinean, ordea, abila izaten naiz azpikoz gora jartzen aurreiritzi horiek. Txanda hartan ere hiru azterle nituen aurrez aurre: galderak egiten zizkidan gazte bat, algarako jardun zuen kamara bat, eta ni obserbatzea beste lanik izan ez zuen emakume bat. Nola edo hala, lortu nuen hiru horiek ni egokitzat jotzea El Conquistador-erako.

Abeltzain bezala aukeztu zaituzte...
P.A.V: Halaxe jarri dute, baina ni ez naiz abeltzaina. Nik zaldiak zaintzen ditut eta kitto. Lehengo astean ikusi ahal izan zen behien frogan adibidez, programako batek niregatik esan zuen txapela zela han bakerotzat har zitekeen bakarra. Nik desafioa bota nion orduan: zaldi bat ekar zezala, otzantzen banuen ni irabazle, eta bestela kanpora joateko prest nintzela. Ez zion heldu, ordea, desafioari.    

Zaldiak maite dituzu izugarri...
P.A.V: Zaldiak oso bizkorrak dira. Niregatik balitz Loiuko aireportura ere zaldiarekin joango nintzatekeen. Ni Patagoniarako bidean nintzen bitartean, zaldia bakar-bakarrik etxera itzultzeko gai izango litzateke. Kontua da autoen trafikoak zaldia aztoratu egingo lukeela...
Historian zehar, gizakiak zaldia ia aurreneko garraiobide bezala erabili izan du, nahiz eta orain dibertsiorako bakarrik eduki. Lagunekin Pirinioetako GR11-k zaldiekin egin izan ditugu ia 3.000 metrotara eta ezin egokiago moldatu gara.

Eta zer moduz ibili zara Patagonian, saioan?
P.A.V: Saioa emititzen ari dira, eta ezin dut gauza askorik kontatu... Noraino iritsi naizen, nork irabazi duen eta antzeko datuak alegia. Hala ere, esan dezaket oso-oso gustura ibili naizela.

Nola moldatu zara hango bizi baldintzetara?
P.A.V: Primeran! Patagonia nire habitat naturala balitz bezala ibili naiz. Partaide gehienek pisua galdu duten arren, ni joan bezala itzuli naiz. Baziren oso prestatuta joan zirenak, baina ez zuten espero horrenbesteko hotza egingo zuenik han; goseak baino gehiago hotzak jaten baitu bat, gorputzez zein buruz. Ni ohituta nago gosea nahiz hotza jasatera, eta egunez egun asko lur jotzen zihoazen bezala, ni arin-arin ibili nintzen.

Eta bizikidetza gainerako partaideekin?
P.A.V: Audientzia igo eta ikusleari dibertimendua eragiteko kontratatu gintuzten, eta nik nire partea bete dudala uste dut. Saiatu nintzen taldean elkartasuna eta bizikidetasuna lantzen. Baina horrelako muturreko egoeratan, baten bati daukanetik onena ateratzen zaiola eta askori berriz, daukatenetik txarrena. Elkarren kontra joateko taldetxoak sortzea ez zait egokia iruditzen, ezta honengatik edo hargatik egun osoan gaizki esaka jardutea ere. Bizi ezineko giroa sortzen delako.
Halakoetan ni ez naiz mutu geratzen, eta naizen bezala agertu naiz Patagonian, inoren aurrean makurtu gabe.

Zuen bizikidetza benetan islatzen du igandeko saioak?
P.A.V: Bai, erabat. Egunetan egindako elkarrizketak eta irudiak nashaten dituzte muntaia sortuz, baina ziurta dezaket orain arte behintzat ez dutela manipulatu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!